INFO

Riccardo Ehrman, Berlingo Harresia erorarazi zuen italiarra, hil da

Riccardo Ehrman kazetaria Madrilen hil da, 92 urte zituela: AEDko bozeramailari egin zion galdera batek Ekialdeko Alemaniako amaiera eragin zuen.

Ehrman, mahaiaren oinean eserita; eskubitik bigarrena da Schabowski. (Wikimedia)

Historia kontatu duten kazetariak daude eta badira Historia egin dutenak ere, literalki. Riccardo Ehrman italiarrak, Madrilen 92 urteekin hil berri dena, bietatik zuen.

1989ko abenduaren 9an Agentzia Ansa-ren Berlingo korrespontsalak galdera errez eta eraginkor bat luzatu zion Alemaniako Errepublika Demokratikoaren bozeramailari: «Noiztik izango da posible Ekialdetik Mendebaldera pasatzea?». Gunther Schabowski bozeramailaren erantzuna hauxe izan zen: «Ab sofort, unverzüglich» («Berehala», alegia).

Sekulako albistea bihurtu zen. Jendeak ez zekien ezer, baina kontua da «ab sofort» hori kalera zabaldu zela segituan, Berlingo Harresira iritsi arte. Eta segidan etorri zena ezaguna da: Poliziak ezin izan zion jende pilaketari aurre egin, Checkpoint Charlie-n bertan eta inguruetan, eta Haserria erortzen hasi zen.  

AEDko kolapsoa

Ekialdeko Alemania, AEDa, bere azken egunak bizitzen ari zen. Hagin ezegonkor baten modura, oso gutxi falta zitzaion jaisteko.

Dena den egun hartan, 1989ko abenduaren 9an, AEDko Buru Batzarrak prentsaurreko bat antolatu zuen. Ez zuen albiste handiegirik emateko asmorik; bakarrik azaldu nahi zuen laster, noizbait, jendearen mugikortasuna librea izango zela. Detaile gehiagorik eman gabe. «Garrantsitsua izango da bilera», izan zen Atzerri Ministeritzak kazetariei eginiko komunikazioa.

Horrekin aretoa kazetariz beteta zegoen, baina ohi bezala inork ez zuen galdera sakonik egiten. Soilik kazetari batek ulertu zuen gertatzen ari zena: Riccardo Ehrman italiarra.

Ironikoki berandu iritsi zen prentsaurrekora. Oso detaile italiarra, egia esanda. Baina gizona aurpegi ezaguna zen Berlinen, aspaldi berriemaile lana betetzen baitzuen.

Ehrman Florentzian jaio zen, 1929an, familia judutar batean. 13 urterekin ama eta aitarekin naziek eraman zuten Ferramonti di Tarsiako konzentrazio-esparrura, Italiako Hegoaldean. Ingelesek salbatuko zuten. Hortik aurrera, Associated Press-en hasiko zen lanean, eta gero Ansa-n hainbat hamarkadatan, Berlinen, alemanieraz bikain egiten zuen eta. Gunther Schabowskiren aurrean denbora luze hatza altatuta egon ondoren, bere txanda itxaroten, galdera luzatu eta «ab sofort» hura askatu zuen arte.

Papera

Prentsaurrekoa amaitu bezain laster, Ehrmanek telefonoruntz egin zuen korrika, albistea berehala eman behar zuen eta. Ansa-k erabateko exklusiba zabaldu zuen. Hori zen errealitate berria: muga ez zen existitzen jada 19.00etan, baina egon bazen...

AEDko bozeramailea «apparatchik» komunista klasikoa zen: goitik ematen ziotenari buruz hitz egiten zuen, normalean. Kasu hartan, aldiz, inozo jokatu zuen, bere buruari nolabait traizioa eginez. Protokoloz kanpo zegoen galdera hura, inork ez zion argitu Schwabowskiri zer erantzun behar zion Italiako kazetari horri, eta eman zuen erantzuk guztiz «kaputt»era eraman zuen Ekialdeko Alemania. Egia esan, dagoeneko kolapsatzen ari zen Estatua.

Ehrmanena izan zen testigantzaren emalea, baina baita gertaeraren eragilea ere. Betirako Historian izango den «Berlingo Harresia erorarazi zuen italiarra». Zer gertatuko ote zen galdera hori egin izan ez balu? Harresia lehenago edo beranduago eroriko zen, baina azken momentu bat sortu behar zen, halamoduz.

Bi gizon, bi mundu, Historiaren parean. 2002. urtean Schwabowskik opari berezi bat emango zion Italiako kazetariari: gai-zerrenda zuen egun hartako paperak. Esaldi batekin: Ab sofort, betirako zigorra.