INFO

Hezkuntzan Heziketa Fisikorako astero hiru ordu gutxienez eskatu ditu SOHAT taldeak

Soin Heziketaren Aldeko Taldeak (SOHAT) asteko Heziketa Fisikorako hiru ordu eskatu ditu, gutxienez, hezkuntzako etapa guztietako ikasleentzat. Adierazpen bat bultzatu eta zabaldu du.

Lehen Mailako haurrak, gimnasio batean jolasean. (Getty)

Heziketa Fisikoaren Aldeko Taldeak (SOHAT) hezkuntza lege berriaren inguruko hausnarketa bat plazaratu du asteazken honetan. Horren baitan, SOHATek hezkuntza etapa guztietako ikasleek, gutxienez, astean hiru ordu Heziketa Fisikorako izan ditzaten eskatu du.

SOHATek jakinarazi duenaren arabera, EAEko GH Mintegi guztiek eta Gorputz Hezkuntzako 500 irakasle inguruk egin dute eskaera honekin bat.

SOHATen aldarrikapena LOMLOE legeak hezkuntza curriculumean eragingo duten aldaketaren haritik iritsi da. 2007az geroztik, curriculumak ez du aldaketarik izan, eta, hortaz, aukera honetaz baliatu da elkartea «hainbat hausnarketa egiteko eta bide batez, Heziketa Fisiko (HF) eskola ordu gehiago eskatzeko, zehazki, astean hiru eskola ordu gutxienez hezkuntza-etapa guztietan».

Europa mailan azken postuetan

Izan ere, taldeak salatu du gaur-gaurkoz espainiar Estatua dela hezkuntza curriculumean Europa mailan Heziketa Fisikoko ordu gutxien eskaintzen dituen estatuetako bat: «Lehen Hezkuntzan, eskola ordu guztien %6 baino ez da, eta %3 Bigarren Hezkuntzan. Aldiz, Frantzian, %10 eta %14 suposatzen du hurrenez hurren; Alemanian, %14 eta %9; eta Norvegian, %9 bi etapetan».

SOHATen aburuz, Heziketa Fisikoa «ez da, inolaz ere, eskolaz kanpoko jarduera bat». Eta, hortaz, eragileak sostengatzen du ezin dela Eskola Kirola bezala ulertu.

Era berean, Heziketa Fisiko orduak areagotzeko arrazoiak azaldu ditu taldeak: «HF-ak ikasle guztien arrakasta eta bizipen positiboak bilatzen ditu. Gainera, ikasle guztiak osotasunean heztea du eginbide nagusi, jokabide motorretan heztea hain zuzen, eta pertsona jokabide motorretatik heztea ere».

Bukatzeko SOHATek argudiatu du «segurtasun osoz» konpetentzia motorraren garapenik gabe ikaslearen garapen globala «nabarmen murrizten» dela. Horregatik, curriculuma moldatzeko aukera hau aprobetxatzeko deia egin du: «Ez dezagun beste behin ere aukera galdu, azken 14 urteotan bezala».