INFO

Pierria Henry eta Polonarari bisita egingo dio Baskoniak Fenerbahçeren kantxara joanda

Jayson Grangerren zalantza izango du talde gasteiztarrak, ezker sorbaldan min hartu baitzuen asteartean Anadolu Efesen aurka. Antolatzailea jokatzeko ez balego, Giedraitis edo Marinkovic bezalakoek aurrerapauso bat eman beharko lukete, urrutiko jaurtiketetan asmatze aldera.

Jayson Grangerri begira dago Baskonia, asteartean min hartu ostean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Larkin, Pleiss eta Beaubois bisitatu eta gero, Pierria Henry eta Achile Polonara bisitatuko ditu Bitci Baskoniak ostegunean, kontinentez aldatu beharko badu ere. Bestela esanda, asteartean Efesen aurka 87-72 galdu ostean, ostegunean 18.45etatik aurrera Fenerbahçeren aurka jokatuko du talde gasteiztarrak.

Hasiera aparta eman zion Neven Spahijaren taldeak martitzeneko demari, eta Vasilije Micicen sarrerak zapuztu bazuen ere gasteiztarren garaipen ametsa, gutxienez 30 minutuan lehiakor aritu ziren arabarrak eta horrek nolabaiteko itxaropena pizten du Baskoniaren zaleen aledetik.

Hori bai, ikusi egin behar Jayson Granger jokatzeko dagoen ala ez. Astearteko partida erabakita zegoela, ezker sorbaldan min hartu zuen Uruguaiko antolatzaileak, Shane Larkinekin tupust egin ostean. Minbera eta aurpegi txarrarekin erretiratu zen aulkitxora jokalari hegoamerikarra, baina aldageletatik pasa aurretik, partida amaierako ohiko korroan parte hartu ahal izan zuen, baita aurkariei bostekoa eman ere, itxura baten lasaiago eta bisaia erlaxatuagoarekin.

Alabaina, Saski Baskoniak ez du oharrik bidali Grangerri buruz eta ikusi egin beharko da Fenerbahçeren aurka jokatzerik duen ala ez.

Horrez gain, Neven Spahijak beste zenbait jokalariren bertsiorik onenak berreskuratu beharko ditu Fenerbahçeren aurka. Barruko jokalariak, esaterako, oso eskas aritu ziren Anadolu Efesen aurrean. Jakina da Landry Nnokoren puntuek ez dutela zaku handiegirik beteko, baina Steven Enoch bera ere bost puntu ziztrinekin geratu zen asteartean, eta ostegunera begira, aurkaria ez da Tibor Pleiss izango, Jan Vesely baino. Pibot txekiarrak agian ez du hirukorik sartuko, baina Pleissen aldean bizia da eta blokeo zuzenaren jarraipena –«pick'n roll» delakoa– ganoraz egin ezik, gorriak eta beltzak ikusi behar ditu talde gasteiztarrak Veselyrekin.

Polonararekin ere adi. Anconako hegal-pibotak sabaia Gasteizen jo zuen eta Sasha Djordjevicen aginduetara ez da iazko mailara hurbildu oraindik, baina jakina da zenbaterainoko borrokalaria den bera. Defentsako errebotea bermatzeko Baskoniak zernolako arazoak dituen aintzat hartuta, erasoko errebotean min handia eman lezake Polonarak. Zentzu horretan, Costello, Sedekerskis eta Fontecchio oso adi ibili beharko dira.

Rokas Giedraitisen bertsio hobe bat espero da, batez ere Granger jokatzeko moduan ez balego. Saiatu zen lituaniarra asteartean, baina bere orkatilak ez zion gauza larregirik egiten laga. Kanpoko jaurtiketan Baskoniak duen irregulartasuna kontuan hartzekoa da eta –harrigarria izan zen, esaterako, Fontecchiok 8tik 8 asmatu zuela Efesen aurka biko jaurtiketetan, baina hirukoetan 5etik bat bera ere ez zuen saskiratu–, Lamar Peters eta Baldwin, biek ere hirukoetan boladka bakarrik asmatzen baitute, eta Vanja Marinkovic ez zuen Spahijak martitzenean kantxaratu. 

Beldurrik ez, ordea

Talde ona da izenez Fenerbahçe, baina Igor Kokoskov serbiarrak agur esan ostean ez dabiltza oso katoliko. Sasha Djordjevicen aginduetara ganoraz martxa hartu ezinik dabiltza Istanbulgo Asia aldeko jokalariak. Hala, Baskoniak baino garaipen bat gehiago baino ez dauka Fenerbahçek: 6-9ko balantzea, alegia.

Hori bai, martitzenean Maccabiren aurka 90-79 irabazi zuten. Nando De Colok 21 puntu sartu zituen eta 22, bere aldetik, Devin Bookerrek. Hirugarren laurdenean 28-14ko partziala lortu zuen talde turkiarrak eta orduan lorturiko errentari esker garaipen eroso xamarra erdietsi zuten Djordjevicenek.

Hortxe egon liteke, bestalde, partidako gakoa. Neurketak estu doazenean Djordjevicen taldeak ez dira batere fidagarriak, nahiz eta Nando De Colo, Pierria Henry edo Marko Guduric izan taldean. Entrenatzaile serbiarra jokalari zenean baino askoz urduriagoa da trajearekin eta sarritan partida berdindurik joaten denean logika handirik gabeko erabakiak hartzen zalea da. Ondorioz, bere jokalariak urduritzeko ere sekulako abilezia dauka.

Horrekin guztiarekin, Saski Baskoniak aukera izan lezake 2016/17 denboraldiaz geroztik aurrenekoz garaipena lortzeko Ulker Sports and Event Hall delakotik. Urte hartan, Sito Alonsoren aginduetara, 74-79 nagusitu ziren gasteiztarrak. Baskoniarern garai hartako izarra Shane Larkin zen, baina egun hartan gaur egun Bilbao Basketen jokatzen ari den –min hartuta dagoen arren– Rafa Luz izan zen partida hura Gasteiza bideratu zuena.

Positiboak Araskin

Kutxabank Araskiri dagokionez, talde gasteiztarrak covid-19a dela-eta zenbait positibo konfirmatu ditu jokalarien artean. Positibo gehiago ote dagoen jakitzeko «test gehigarri» bana egin dute Madelen Urietak zuzentzen dituen jokalariek, positibo eman duten horiek «etxean isolatuta eta osasun egoera onean» dauden bitartean.