INFO

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko «adostasun historikoa» bultzatu dute

Paul Bilbaok irakurri du hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak adostutako adierazpena. «Inflexio puntutzat» hartu du. «Hezkuntza hitzarmenaren inguruko eztabaidan, euskarazko ereduaren aldekoa da adostasunik zabalena lortu duen gaia», adierazi du Kontseiluko eledunak.

Hezkuntzako eragile nagusien ordezkariak Gasteizen batu dira, euskararen inguruko adostasun historiko bat aurkezteko. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak joan den urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin zion.

Ostegun honetan Gasteizko Europa Jauregian egindako prentsaurrekoan, hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak EAEko hezkuntza hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin nahi izan dute, eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko «adostasun historikoa» bultzatu dute, ‘Euskaraz hezi, berdintasunean hazi’ izeneko adierazpenean jasotakoa.

Eragileok eskatu dute hezkuntza hitzarmenean «berariaz jaso dadila hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela». Horretarako, konpromisoa hartu dute eskaera hori eurena egiteko eta hezkuntza legearen inguruan parte hartzen duten foroetan edota  egiten  dituzten harremanetan eskaera hori defendatzeko.

Hezkuntzako eragile nagusien ordezkariak

Agerraldian izan dira hezkuntzako eragile nagusien ordezkariak: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Lurdes Imaz EHIGE gurasoen elkarteko koordinatzailea, Arantza Jaka Kristau Eskolako arduraduna eta Uxue Ugartemendia Hik Hasiko kidea. Gehiengo sindikala ordezkatuz, Uxue Mingo ELAko irakaskuntza arduraduna, Irati Tobar LAB Irakaskuntzako arduraduna eta Ainhoa Astigarraga Steilaseko kidea izan dira.

Ehize eskola publikoetako zuzendarien elkarteak ere adierazpenarekin bat egin du, nahiz eta prentsaurrekoaren unean elkarteko Batzar Nagusia egiten zebiltzanez, ez duten ordezkaririk bidali. Azkenik, euskalgintza ordezkatuz, euskararen normalizazioaren aldeko eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta adostasunaren bultzatzaile Paul Bilbao izan da. Berak irakurri du eragile guztiek adostutako adierazpena. Agerraldia «inflexio puntu bat» dela azaldu du, eta hezkuntza hitzarmenaren inguruko eztabaidan, adostasunik zabalena lortu duen gaia euskarazko ereduaren aldekoa izan dela nabarmendu du.

Adierazpenaren edukia

‘Euskaraz hezi, berdintasunean hazi’ izenburua du adostutako adierazpenak. Bertan agertzen denez, «hezkuntza ardatza da egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapen prozesuan», belaunaldi berriek hizkuntza gutxituaren gaitasun egokia izatea bermatzen duelako, baita jendartearen kohesiorako eta bizikidetzarako giltzarri delako ere.

Azken hamarkadotan hezkuntza sistemak egin duen ekarpenari aitortza egiten diote eragileek, milaka eta milaka herritar euskaldundu direlako bertan. Halere, «oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude», erantsi dute. «Datuek erakusten dute egungo ereduen  sistemak arrakalak dituela. Badakigu zein den eredurik arrakastatsuena eta zein den desegokiena, baina sistema bera berrikusi behar da. Gaur-gaurkoz ikasle askori ez baitzaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen».  

Adierazpenean oroitzen duenez, Euskararen Legean jasotzen den bezala, administrazioak gaitasun hori ziurtatzeko «betebeharra» du, «betetzen ari ez den betebeharra». Esplikatzen dutenez, horrek zuzenean eragiten die jendartearen kohesioari eta belaunaldi berrien aukera berdintasunari. Izan ere, bizitza sozialean zein garapen profesionalean aurrera egiteko oinarrizko baita hizkuntza gaitasun egokia eskuratzea, euskaraz eroso aritzeko gaitasuna, alegia.

Gutxien duenari gehiago ematea

Azpimarratzen dutenez «berdintasun printzipioari jarraiki, jatorriak, egoera sozioekonomikoak edo soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak –ez hizkuntzaren arloan, ez eta beste ezagutza arloetan ere–. Aitzitik, herritarren arteko bereizkeria handia litzateke jatorria, eremu soziolinguistikoa, egoera soziala edo bestelako irizpideren bat baliatzea ikasleei euskara gaitasun egokia eskuratzea ukatzeko».

Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea gutxien duenari gehiago ematea dela ulertzen dute. Horregatik diote oinarrizko euskara gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena.

«Batuz Aldatu»

Argi dute orain dela aurrera egin eta «ereduen sistema segregatzailetik eredu orokortu inklusibora jauzia» egiteko unea. 2021eko  ekainaren 19an askotariko ehundik gora eragilek ‘Batuz Aldatu’ adierazpena aurkeztu zuten Donostiako Kursaal jauregian. Adierazpen horrek etorkizuneko hizkuntza politiken norabidetzeak zehaztu zituen.

Hain zuzen, politikek bi ardatzi jarraitu beharra adostu zuten eragileek: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera erosorako espazioak. Horrekin batera hezkuntza sistemak zein norabideri jarraitu beharko dion adostu zuten: «Euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko [...] ikasteredu orokortua ezarri behar da. Inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona».