INFO

«Aldaera», 2021eko hitza pandemiaren ondorioz izan duen erabileragatik

Euskaltzaindiak eta UZEIk, lehen aldiz, urteko hitza aukeratu dute: «aldaera». Komunikabideetan euskarazko lexikoaren erabilerari jarraipena eginda hautatu dute koronabirusaren pandemiaren eraginez azken hilabeteotan ohiz kanpoko erabilera izan duen hitz hori.

Omikron aldaera gero eta gehiago hedatzen ari da. (Getty)

Euskaltzaindiak eta Akademiaren erakunde atxikia den UZEIk 2021eko hitza hautatu dute: «aldaera». Lehen aldia da bi erakunde horiek urteko hitza elkarrekin aukeratzen dutela. Euskarazko lexikoaren jarraipena egiten du egunez egun UZEIk eta, horretarako, nagusiki, komunikabideak arakatzen ditu, «lexikoa eguneratua izatea ezinbestekoa baitzaio hizkuntza naturalaren prozesamenduan oinarritutako tresnetarako». Eguneroko jarraipen horretan oinarrituta hautatu da 2021eko hitza.

Akademiak ohar batean azaldu duenez, euskararentzat «aldaera» ez da hitz berria. Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota dago lehendik ere, baina pandemiaren eraginez azken hilabeteotan izan duen ohiz kanpoko erabilerak «berritu» egin du hitza. «Izan ere, aurten ere covid-19a izan da albiste nagusienetakoa, besteak beste birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta».

Hala, gogora ekarri du, covid-19a eragiten duen SARS-CoV-2 birusaren aldaera ugari identifikatu dituztela zientzialariek mundu osoan zehar, eta gaixotasun edo patogeno berrien izenetan erreferentzia geografikorik ez erabiltzea gomendatzen duela Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Horregatik, covid-19aren birusaren kasuan ere, aldaerak ez dira izendatzen lehen aldiz identifikatu diren herrialdearen edo lekuaren arabera. Toki horietako pertsonak ez estigmatizatzeko, alfabeto grekoko letrekin izendatzea erabaki du OMEk. 

Birusaren aldaerak urte osoan izan dira albiste ugaritako hizpide, aldaera berriak sortzen joan diren heinean: Erresuma Batukoa (alfa), Hego Afrikakoa (beta), Indiakoa (delta), Brasilgoa (gamma), Perukoa (lamda), Kolonbiakoa (mu), eta azken asteotan hedatzen ari dena: omikron.