INFO

Emakumea ardogintzan: mende luzez egindako lan nekaezina bistaratu da Eltziegon

Ehunka urtez indar fisikoan oinarritua izan zen ardogintzako lana. Baina orduan ere emakumeak ez zion utzi mahastizaintzaren eta ardogintzaren kulturan parte hartzeari. Makineria berriak modernizatu zuen maskulinizatua zen jarduera. Azken hamarkadan beste zereginak hartu ditu bere gain.

Ilustrazioak: Mintxo Cemillan

Gasteizko Talka galeriaren eta Juan Celaya Letamendi Fundazioaren eskutik ireki ditu ateak Eltziegoko Kultur Etxean –Maisuen Etxea esaten diote herrian– “Emakumea ardogintzan” erakusketak.

Jesus Fernandez Ibañez historialaria arduratu da erakusketa osatzen duten paneletan agertzen den kontakizun historikoa idazteaz. Garaiko dokumentazio ugariz osatua dago errelatoa. Eta Mintxo Cemillenek marraztu ditu irudiak. Gazteleraz zein euskaraz –Jone Agirregomezkortak euskaratuak– irakur daitezke idatziak.

Gorka Basterretxea, Talka arte galeriaren arduraduna, eta Jesus Fernandez Ibañez aritu dira eskuz esku erakusketa antolatzen eta atontzen. Eltziegon bertan jaioa da historiagilea eta urteak daramatza herriko artxibo historikoei hautsa kendu eta ikertzen.

Mendez mende andreak bete duen papera dakar gogora erakusketak. Hogei panel aurkituko ditu denera bisitariak. Gai ugari landu ditu, ardogintzaren bilakaera historikoa mendez mende azaltzen dutenak. Eta kontakizunari haria emanez, emakumeak jokatu duen ezinbesteko papera.

XIX. mendearen erdira arte, ehunka urtez, mahastietako eta ardogintzako lanak ez zuen aldaketarik izan. Beraz, eskulana zen nagusi eta indar fisikoa behar zen eguneroko jardunean aritzeko. Ondorioz, jarduera erabat maskulinizatuta zegoen. Oso banatuta gizon-emakumeen zeregina.

Baina emakumeak ez dio mendeetan zehar hain sustraitua egon den mahastizaintza eta ardogintza kulturan parte hartzeari utzi. Udaberriko kimaketan, mahats bilketan eta ardogintzan laguntzea zen emakumeen lana. «‘Intendentzia’ izenpean sartzen zen guztiaz andreak arduratzen ziren. Baita mahats bilketaz ere. Eta beste hainbat lanez», azaldu du Fernandez Ibañezek.

«Ardogintzaz daukagun irudia da mahastia landu, mahatsa ekarri, kobazulora ekarri, bertan zapaldu eta eraman bakarrik dela, eta ez da zuzena. Atzean lan handia dago, kontaezinak dira zereginak», dio.

%40, emakumeen izenean

Emakumea ezinbestekoa izan da Euskal Herriko ardogintzan. Ez eskulan gisa bakarrik, baita upategien jabe bezala ere; bisitaria harritu dezakeen datuetako bat da hori.

Etxe bakoitzean ekoitzitako ardo kopurua, aforoa, neurtu ohi zuen Eltziegoko Udalak. 1836an agindu zuen lehen aldiz ardo neurketa. «1898. urteko uztaren %40 emakumeen izenean zegoen», nabarmendu du. Horren erakusle, 1919an Nekazaritzako Produktuen Erakusketa egin zen Gasteizen eta Tomasa Guinea Montoyak diploma lortu zuen bertan ardo ekoizle moduan.

Lurra, etxebizitza eta azpiko kobazuloa bezala, erosi zein dohaintzan edo oinordetzan jaso zitekeen ondasun higiezina zen. Hiribilduko hasierako notario erregistroetatik XVI. mendean, emakumea ondasun higiezinen jabedun agertzen da zenbait dokumentutan: mahasti, aintzira, kobazulo edo upelen jabe, esaterako.

XVIII. mendearen hasieran ondare handienetakoa zuen emakumea Rosalea Navarrete Ladron de Guevara izan zen, Navarrete artzapezpikuaren iloba. 1714an Juan Bautista Saenz de Navarreterekin ezkondu zen. Alargun izan zen ia hogei urteetan zehar, lursailak erosi, iparraldean saldutakoaren zorrak erreklamatu, ondasunak kudeatu eta mahatsa ardotzeaz arduratu zen.

Andrearen lana aitortua izan den galdetuta, baiezkoa dio Fernandez Ibañezek. «Erakusketaren helburua ez da ezer aldarrikatzea, ezkutuan egon den errealitatea erakutsi baizik», azpimarratu du.

Iraultza

XIX. mende erdian iritsi zen iraultza Arabako Errioxara. Izan, ere, 1862an “Medoc Alaves” izeneko proiektua gara zezan eskatu zion Arabako Aldundiak Jean Pineau Forteu ardogileari. Zortzi urtez garatu zuen aipatu proiektua frantziarrak eta ondoren Riscaleko markesak kontratatu zuen bere upategirako, 1863-64an sortua. Hemeretzi urtez aritu zen bertan lanean Pineau. Giltzarria izan zen, frantziarrak erabat aldatu baitzituen gauzak. «Iraultza ekarri zuen ardogintza modernoarekin», nabarmendu du.

Zein izan zen frantziar ardogilearen iraultza? Antzina ardoa ekoitzi eta berehala saldu eta banatu egiten zen. Gurdiz garraiatzen zen iparraldeko lurraldeetara –hala izendatzen dituzte artxiboetako idatziek–, Bizkaira eta Gipuzkoara: Elorrio, Bermeo, Arrasate, Aretxabaleta... bueltan gazitutako arraina ekartzen zuten.

Pineauk etxe guztiek azpian zeukaten kobazuloan ardoa upelean gordetzen irakatsi zien arabar ardogileei. «Bizpahiru urtez gorde zitekeen ardoa kupeletan, ondoren botilan merkaturatzeko», kontatu du. Lan metodo berriak ekoizpenaren industrializazioa eta mahastietan abereak erabiltzea ekarri zuen. Zeregin berriak. Emakumeek hartu zituzten bere gain horietako asko.

Ondoren, makineria berriaren eskutik –bertan eraikitzeko planoak ekarri zituzten Frantziatik– modernizazioa iritsi zen sektorera XX. mendean. Eta beste zeregin batzuk hartu zituen bere gain emakumeak. «Ardoa aztertzeko laborategiak, enpresa administrazioa, botilen zein bertan jartzen diren etiketen diseinua eta enoturismoari lotutako jarduera, zeresanik ez. Aldaketa izugarria izan da azken 60 urteotan sektorean eta emakumeak bete-betean hartu du parte», historiagilearen esanetan.

Izena, izana

Dokumentuen artean arakatuz joan da, banan-banan, emakume izenak ezagutzen. Hauen artean aipa daiteke Marcelina Hurtado de Amezaga. «Berari esker dago Eltziegon Marques del Riscal, herriko upategi ezagunenetakoa eta lehena ardoa frantziar erara ekoizten», azaldu du. Marcelina Hurtado de Amezaga eta bere bi ahizpak Eltziegora joan ziren bizitzera. Ruiz de Ubago familiarekin –herriko ondare jabe garrantzitsuenetakoa–, harremana egin zuen Marcelinak. 1845ean zati bat utzi zion familiak Marcelinari. Hamar urtez aritu zen bere mahastiak kudeatzen eta hiltzean Guillermo nebari –Riscaleko markesa– utzi zion testamentuan. Bordelen bizi zen hura, eta upategia herentziaz jasotzean Eltziegora etorri zen. Garaiko idatziek jasotako emakumeak ageri dira erakusketan. Maria Saenz de Escribano, Maria Navarrete, Maria Platas, Gracia Iñiguez, Maria Perez Zuazo, Maria Ibañez, Nicolasa Collantes Estrada, Antonia Ibañez, Manuela Maeztu, Petra Longrande, Castora Sarasa, Eustaquia Oña, Xaviera Sotilla, Casilda Martinez de Villarreal Ibañez… ugariak dira artxiboetan konstantzia utzi duten emakumeak. Haien jarduera ekonomikoaren seinale.

Blandina Balanzategui Bañaresek (1851-1916), esaterako, herriko familia ondarerik garrantzitsuena zuzendu zuen 1893an aita hil ondoren.

Flaviana Ramirez Saenz de Olano ere nabarmentzekoa da Eltziegoko Ardogintza Kooperatibaren sortzaileetariko bat izan baitzen, 2.074 kilo mahatseko ekarpena eginez.

Tere La Portilla Lopez Samaniego (1716-1773) XVIII. mendean herriko emakumerik polifazetikoenetarikoa izan zen. Familiako negozio desberdinak kudeatu zituen: ondarea, ardo salmenta, etxebizitzen alokairua, ostatua…

«Dokumentuetan bakarrik agertzen dira upategien jabeen edo lur jabeen izenak. Beste guztiak ahaztuta geratu dira, baina haiek baino askoz lan gehiago egin dute; jabe askok inoiz ez zuten mahastirik zapalduko», azpimarratu du.

Aurpegia ere jarri diegu emakume nekaezin haiei, Fernandez Ibañezek aurkitutako erretratuei esker.

Gertaera bitxi batek ere badu presentzia erakusketan. Francisca Ubago Fernandez de Nalda Ruiz de Ubago familiako ondasunen zati baten usufruktua zuen alaba zen. 1859an Pedro Celestino Medranorekin ezkondu zen eta sei urtera alargundu. Ondarearen ardura hartu eta mahastien zainketan, ardogintzan eta ardo salmentan aritu zen.

«3. Karlistaldian bai kristauek eta bai karlistek etxeko ondasunak eta upategiko ardoa hartu zuten kobazulotik. 1874ko urriaren 9an tropek edandako 5.020 errazio ardo erreklamatu zituen justiziaren aurrean», kontatu du.

Gaur egun Eltziegon sektorean lanean ari diren emakumeengan ere jarri dute fokua erakusketaren azken panelean. «Sei pertsona aipatu ditugu, enpresaria, enologoa, marketin alorrean ari dena, enologiari lotutako landa-etxea daramana, edo ABRA –Arabako Errioxako upategien jabeen elkartea– kudeatzen duena, besteak beste. Eltziego bezalako herri txiki baten adibidea da, baina zonaldean ugariak dira».

Irudimena

Mintxo Cemillanen irudiz hornituta dator erakusketa. Datu historikoak esku batean eta irudimena aske bestean. Horrela landu du proiektua marrazkilariak. «Aurrez dokumentazioa biltzeak eta irudimena erabiltzeak polita egiten dute edozein ilustrazio proiektu, baina kasu honetan magikoa egiten du. Ezagutzen dudan zonaldea da eta beste garai batera egin behar duzu salto zuk zeuk; oso eskergarria da». Marrazkiei dagokienez, «eguneroko eszenak islatzen dira; beraz, zenbat eta naturalismo gehiago landu, orduan eta sinesgarriagoak dira atzera begirako irudiak», argitu du.

Eskuak libre izan ditu une oro testuak maketatu eta ilustratzeko garaian. «Jesusek idazterakoan kutsu literarioa ematen dio testuari. Erakusketa izanik –ez da argitalpena– ikuslea ez dago denbora luzez bertan, horregatik entretenigarria eta bisualki erakargarria den zerbaiten bila ibili naiz. Beraz, maketazioa oso garrantzitsua izan da, orrien eta testuen kokapena, formatua, koloreak... Koloredun karratuetan banatu dut azalera. Gauzak gertatu bai, baina errelatoari ez ziezaiotela trabarik egin, horixe izan dut helburua».

Edukiari dagokionez, «pentsa liteke emakumea saltsa guztietan sartuta egongo zela, nahiz ez den horren berri eman», dio. «Betidanik figura handiak gizonezkoak izan dira, baina gauzak egiten emakumezkoak aritu dira. Garaiko oso argazki gutxi dira gorde direnak eta mahastiari lotutako zereginetan islatu ditut nik irudietan». Jone Agirregomezkorta irakaslea arduratu da erakusketako testuak euskaratzeaz. «Beste edozein arlotan bezala garrantzia izan du emakumeak baina gerizpean egon da. Interesgarria da gure kulturaren parte den horren berri ematea», bere hitzetan.

Izan du zailtasunik idatziak euskarara ekartzerakoan. «Ingurunea ez da euskalduna eta zailtasunak izan ditut hainbat hitz –neurriei dagozkienak, esaterako– euskaratzeko».

Eltziegon urtarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai erakusketa. «Ondoren Euskal Herrian zehar erakusteko asmoa daukagu», iragarri du Gorka Basterretxeak.

Bloga

Duela 300 urte herrian jarduera ekonomikoaren %70 ardogintzari lotutakoa zen. Eltziego ez da salbuespena eskualdean, baina bai esanguratsua. Ia herritar denak bezala, bera ere ardogintzan aritua da. «Gure familiak ardoa egin du betidanik, mahastia daukagu. Guretzat ez da lan bat besterik gabe; bizitza da», esan du. Nahiz urteak diren Eltziegon bizi ez dena, hurbiletik bizi du. «Lotura handia daukat», dio.

Azken urteotan egindako ikerketa lanari lotuta bloga (elciegohistorico.wordpress.com) ere argitaratzen du. «Badira hamar bat urte bertan idazten hasi nintzela. 1.000 biztanleko herria izanik eta gai espezializatua –lotura izan behar duzu herriarekin edo kulturarekin– egunero 20 bisitari inguru ditu, denera ia 140.000; erronka izugarria da!», aitortu du.

“Memorias de un maestro bodeguero” liburua ere idatzi zuen 2017an, Jean Pineauren biografia jasotzen duena.