INFO
Entrevista
Ion Etxaniz
Linares taldeko jokalaria

«Ligako lau golekin eta Kopan egindakoarekin, taldeko golegile nagusia naiz eta pozik nago»

Ion Etxaniz (Elorrio, 1991) udara honetan iritsi da Linaresera. Duela hamarkada bat Bilbao Athleticetik atera ostean, zenbait taldeetan aritu da, guztiak Bigarren B Mailan. Alavesen aurkako Kopako partidan protagonista bilakatu zen, 1-0ekoa berea izan baitzen. «Oso pozik» dagoela onartu dio NAIZi. 

Ion Etxaniz, Alaveseri egindako gola ospatzen. (LINARES DEPORTIVO)

Andaluziako Linares taldeak, RFEF-ko Lehen Mailan dagoenak –futbolaren hirugarren maila– Alaves gainditu eta Kopan aurrera egitea lortu zuen. Sekulako balentria izan zen taldearentzat. Kluba eraberritu zenetik ez zuen inoiz Lehen Mailako talde bat mendean hartu eta horren aurretik, antzinako Linaresen azken garaipena 60. hamarkadakoa da. Garaipen horretan euskaldun bat nabarmendu zen, Ion Etxaniz, partidako lehendabiziko gola eginda –Alavesek berdindu zuen baina Copeteren golari esker, 2-1ekoarekin, andaluziarrak sailkatu ziren–. 

Hurrengo kanporaketako zozketan Athletic, Atletico Madril, Real Madril edo Bartzelona nahiko lukela aurreratu zion NAIZi eta alajaina, talde kataluniarraren aurka jokatuko du Linares Deportivok. «Oso pozik, taldea ere oso pozik dago, klubak lau talde horietariko bat nahi zuen eta azkenean Bartzelona egokitu zaigu». Talde katalana ez dago bere momenturik gozoenean eta Etxanizek amesten du garaipenarekin; hori bai, oinak lurrean dituela: «Badakit zaila izango dela baina irabazten saiatuko gara, noski». 

Bartzelonari, jubenil mailan, hiru gol sartu zeniola ere irakurri dugu, gol-ehiztaria zarela. 

(Barrezka) Bai, Jubeniletako Mailako Kopan Bartzelonaren aurka jokatu genuen kanporaketa bat. Eta nik uste dut ez zirela hiru gol izan, baizik eta lau. Bi Bartzelonan eta bi San Mamesen, jende asko gerturatu zen eta horregatik eduki zuen oihartzun gehiago. 

Alavesen aurkako lehen gola sartu zenuen. Kopako ezustekoen artean dago zuen garaipena. Amorruz ospatu zenuen gola. Ze sentsazio bizi izan zenuen partidan zehar?

Oso polita izan zen. Partida berezi bat da, ez da ligako partida baten modukoa. Lehen Mailako aurkari baten aurka jokatzen zaude eta hori oso berezia da.

Zer dauka Kopak?

Ba aukera hori, Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea eta ikustea noraino iritsi zaitezkeen. Zein den zure gaitasuna, nola jokatzen duen taldeak… 

Erronka handi bat bezala hartzen da?

Bai, eta proba baten moduan. Talde horiek telebistan ikusten dituzu eta ikusi nahi duzu beraien aurka jokatzean zein diren zure sentsazioak. 

Duela 9 urte, orduan Sestaorekin, gol bat sartu zenion Alaveseri. 

Bai. Egia da normalena Alaves Lehen Mailan ikustea dela, orain bezala. Duela 9-10 urte beraien aurka jokatzea ere polita zen, ze kriston taldea zen Bigarren B Mailan egoteko. Mendizorrotzara jokatzera joatea plazer bat zen eta orain begiratu, istorio polita izan da niretzako. 

Linaresek ez zuela Lehen Mailako talde bat gainditzen 60. hamarkadatik… 

Oihartzun handia eduki du partidak. Hirian jendea oso pozik dago, kaletik ere animatzen zaituzte eta jendeak eskertu egiten zaitu. 

Bilbao Athleticen hasi zinen eta ordutik pasa da hamarkada bat Linaresera iritsi zaren arte. Nola baloratzen dituzu urte hauek? 

Oso bide luzea da. Ni realzalea naiz baina oso eskertua nago Athleticeri. Ni han egon naiz 12 urtez, gutxi gorabehera. Oso eskertuta nago, oso ondo tratatu ninduten. Oso klub berezia da filosfiarengatik. Denok ezin gara iritsi lehen taldera, handik atera nintzen eta talde askotan egon naiz. 

Ia denboraldiko talde bat, ezta?

Bai, ia-ia. Barakaldon egon nintzen urte eta erdi eta Arenasen, bi. Oso normala da Bigarren B Mailan egoera hori ze taldeak asko aldatzen dira urte batetik bestera. 

Aurten zer dela-eta Linaresera? Iaz Ejidon egon zinen baina ordura arte, Euskal Herrian, etxetik gertu edo Galizian aritu izan zarela. 

Etxean oso gustora egon naiz eta ez dut nahi izan Elorriotik atera, oso gustora egoten naiz bertan. Lehen aldiz atera nintzenean Pontevedrara izan zen. Han ez zen dena nahi bezala joan eta azkenean etxera itzuli nintzen. Indarrak hartu nituen eta pasa den urtean Ejidora joateko animatu nintzen eta oso gustora oso nintzen. Aurten birmoldatu egin dute lehen Bigarren B Maila zena eta RFEF-ko Lehen Maila kategoria geratu da Bigarren Mailaren azpitik, eta oso polita da. Bertan jokatzeko aukera zegoen Linaresekin. Nik uste dut maila hau hazten joango dela eta hiru urte barru oraindik eta indartsuagoa izango dela. Orain ere oso kategoria polita da. Ez da Bigarren B Maila modukoa, askoz ere indartsuagoa da. 

Kategoria polita bai, baina jaitsieratik gertu zaudete. 

Bai, denboraldia oso gaizki hasi genuen. Azken bost partidetan lau garaipen eta berdinketa bat lortu ditugu eta hala ere, jaitsieratik gertu gaude ze gure multzoan talde on asko daude, aurrekontu altuak dituztenak eta uste dut gure multzoa indartsuagoa dela. 

Dinamika onean zaudete orduan. Zein da taldearen helburua?

Azkenean, hain talde umila izanda, helburua salbazioa lortzea da. Batez ere, orain gabiltzan moduan jarraitzea. Laugarren jardunaldian entrenatzailea kanporatu zuten eta orain pasa den urtekoa etorri da. Iazko 7-8 jokalari daude, besteok berriak gara, barneratu ditugu kontzeptuak eta igartzen da taldea ondo dagoela. 

Zu pertsonalki nola zabiltza?

Gol aldetik nahiko ondo nabil. Ligan lau sartu ditut eta Kopan bat. Taldeko golegile nagusia naiz eta aurrelaria izanda, ba pozik. Minutuei dagokienez, duela hilabete bat hasi nintzen gutxiago jokatzen, baina pozik nabil.