2022ko EuskarAbenturan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea zabaldu dute
Zabalik da 2022ko EuskarAbentura espedizioan parte hartzeko hautagaitzak bidaltzeko epea. 2005 eta 2006 urteetan jaio den Euskal Herriko eta diasporako gazte euskaldun orok martxoaren 4ra arteko epea dauka aurkezpen bideo bat eta banakako proiektu bat bidaltzeko.
2022an, berriz ere, 130 gaztek uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatuko dute, euskara hutsean, Euskarabentura espedizioan. Edizio berrian, besteak beste, euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana landuko da, Elkano Fundazioarekin elkarlanean.
Izen-emate epea astearte honetan zabaldu da, Albaolako Itsas Kultur Faktorian eginiko agerraldi batean azaldu dutenez. Euskal Herriko eta diasporako 16-17 urteko gazte euskaldunek 2022ko martxoaren 4ra arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko, horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz.
Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 130 gazte parte-hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik, egin duten proiektuaren balorazioa, baina baita gazteen jatorria eta motibazioa ere.
Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: ‘Gure aisiaren espazioa’, gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko; ‘Moda azkarra’, arropa eta jantzien kontsumo ereduaren inguruan hausnartzeko; eta ‘Zer ginen, zer gara, zer izango gara’, historiaz hausnartzeko. Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena martxan jarri nahi ditu elkarteak.
Abenturaz jositako hilabetea
Uztaileko hilabetean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik.
Lehen mundubiraren 500 urteak beteko dira 2022an. «Horren harira, hurrengo espedizioaren gai nagusietako bat itsasoa izango da, gure bizimoduan duen eragina, Euskal Herriak horrekin daukan harremana, izango da, eta horrek historian zehar izan duen bilakaera aztertzera gonbidatuko ditugu gazteak», azaldu dute EuskarAbenturako antolatzaileek.
Era berean, historiari begiratzeko moduei buruz eta errelato historikoez hausnartzeko aukera izango dute gazteek eta etorkizuna iraganetik ikasitakoarekin irudikatzeko ere. Horretarako, EuskarAbentura Elkartea Elkano Fundazioarekin elkarlanean arituko da, gazteen izen-emate proiektuaren hirugarren gaia diseinatuz eta baita espedizioan landuko diren hainbat ekintza antolatzeko ere.
«Gure helburuetako bat dibulgazioa eta edukien gizarteratzea da, baina baita gogoeta prozesuak sustatzea ere, iraganak horretarako bide oso emankorrak ekartzen baitizkigu. Gogoeta ahalegin hauetan gazteen ahotsa entzun nahi dugu eta EuskarAbenturak landutakoa eta lantzeko moduak, baldintza egokiak sustatzen ditu hausnarketarako», azaldu du Elkano Fundazioaren zuzendari den Ion Irurzunek