INFO

Neguko denboraldia hasi da Karakorumen eta Himalaian

Mendi garaiak igo nahi dituzten espedizio batzuk iritsi dira kanpaleku nagusira. Simone Moro, Iñaki Alvarez eta Alex Txikon, bigarrenez, saiatuko dira Manaslu igotzen. Iaz ez bezala, ez dira bakarrik izango. Everest, K2 edo Chogori, Cho Oyu eta Nanga Parbaten ere alpinistak izango dira.


Abenduaren 21. Data horrek aurten neguan sartu gaitu, eta, hortaz, neguko denboraldiari ateak zabaldu dizkio. Maiz gertatzen den bezala, Karakorumeko eta Himalaiako mendilerroek arreta berezia jasotzen dute. Eta aurreratu behar dugu xede handiak dituzten espedizio asko kanpaleku nagusira heldu direla. Batzuek data horri, hots, negu ofizialaren hasierari  azpimarra berezia egiten diote. Beste batzuk, berriz, negu meteorologikoan oinarritzen dira egiten dituzten jarduerak “ofizializatzeko”. Azken urteotan lehertu den eztabaida da, eta, agerian dagoenez, soilik espezialista gutxi batzuentzat garrantzia du.

Kontuak kontu, mugimendua hasi da. Eta denboraldi honetako protagonisten artean, bi euskal mendizale ditugu: Iñaki Alvarez eta Alex Txikon. Iaz bezala, Manaslu (8.163 m) helburu izango dute. Eta iaz bezala, Simone Moro sokakide izango dute. Gailurraz gain, hirukote horrek Ekialdeko Pinakulua igo nahi du; hau da, bi tontor horiek lotu nahi ditu. Erronka hori beste sasoi batean egina dago; neguan, aldiz, ez. Horrek ez du eztabaidarik sortzen; bai, alegia, tontorraren gaiak. Maciej Berbeka eta Ryszard Gajewski poloniarrek 1984. urteko urtarrilaren 12an Manasluren puntu garaiena lortu zuten. Baina, eztabaidari jarraituz, espedizioa ez zuten negu astronomikoan hasi.

Covid-19ak sortzen dituen eragozpenak direla eta, Alvarez eta Txikon kanpaleku nagusira iritsi aurretik dagoen azken herrira helikopteroz joan dira. Moro, berriz, bere kabuz girora egokitzen egon da. Gogora dezagun, iazko ekinaldian, gehienez, 7.000 metroko kota erdietsi zutela: «Iazko eskarmentua kontuan hartuta, aurten lehenago abiatu gara. Konturatu ginen zenbat eta lehenago hasi, bada aukera gehiago izango ditugula. Neguak aurrera egin ahala, elurteak ugariagoak dira eta horrek asko zailtzen du gure lana».

Iaz bakarrik egon ziren zortzimilako horretan; hasi berri den denboraldian, berriz, mendia beste hiru alpinistekin partekatu dute. Oswald Rodrigo Pereira portugaldar-poloniarra eta Sophie Lenaerts eta Stef Maginelle belgikarrak dira protagonista horiek. Pereiraren asmoa ahalik eta azkarren oinarrizko kanpalekura heltzea da; belgikarrek “oporrak” ez dituztenez, urte berriaren lehen egunean Nepalera bidaiatuko dute. Mendizaleok ez dute oxigeno gehigarririk erabiliko eta logistika soilik kanpaleku nagusira arte kontratatu dute: «Mendia ekipatzen eta igotzen ez dugu xerpen laguntzarik izango. Bestalde, gailurra lortu nahi badugu, Manaslun egongo garen aktore guztiok elkarrekin egin beharko dugu lan». Txikon iritzi berekoa da ere: «Eskua luzatzeko, laguntzeko eta elkarrekin lan egiteko prest gaude».

Berriro Everesten

Jost Kobusch alemanak munduko mendi garaienera egingo duen espedizioari txoko berezia egin behar zaio. 29 urteko alpinista honek zortzimilakoaren mendebaldeko ertzetik bakarka igo nahi du. Hiru fasetan banatu du xede ikaragarri hori. Lehen ekinaldian 7.300 metrora iritsi zen. Aurtengo asmo nagusia 8.000 metroko kotara igotzea da. Eta hirugarren urtean, benetako ekinaldia egitea. 

Alpinista gazte honek aurrera eraman nahi duen helburua oso-oso handia da. Teknikoki zaila eta arriskutsua. Eta, jakina, ez du oxigeno artifiziala erabiliko. Baina onartu behar zaio, beste espedizio batzuek ez bezala, neguko jardueretan aportazio bikaina egin nahi duela. Eta horretarako, bere burua eta sasoia ondo baino hobeto prestatu du. Chamonixen gogor entrenatu ondoren, Nepalera bidaiatu eta azken asteotan girora egokitzen jardun du. Une honetan, oinarrizko kanpalekutik gertu dago; 200 metro beherago. Hain zuzen ere, Lobuchen. «Everesteko ohiko kanpaleku nagusia baino askoz ere erosoagoa da. Era horretan, errotazioetatik eta eginiko lanetatik hobeto errekuperatuko naiz». 

Aurreko ekinaldian jasotako eskarmentua ondo baino hobeto aztertu eta planifikazio guztia zehatz-mehatz landu du: «8.000 metroko garaierara heldu nahi dut. Mendebaldeko ertzan neguan inoiz lortu den kota garaiena izango litzateke. Duela 26 urte, talde frantziar bat 7.500 metrora geratu zen. Mugarri hori gainditzen badut ere, nire uste apalean arrakasta handia izango da». 

Beste hiru

Bitxia bada ere, aurtengo neguan K2 edo Chogori mendiak (8.611 m) espedizio bakarra jasoko du. Grace Tseng taiwandarra saiatuko da munduko bigarren mendi garaienaren tontorra igotzen. Gogora dezagun, iaz, hamar nepaldarrez osatutako talde batek historia egin zuela Chogoriren gailurra neguan lehen aldiz eskalatu ondoren. Mendizale taiwandar horrek helburu horretan bigarrena izan nahi du. Tseng-ek hamalau zortzimilakoen zerrenda osatu nahi du, eta, aurrekontuen aldetik arazorik ez duenez, bada mendi hori neguan igo nahi du.

Jakina, aldez aurretik egiten diren lan guztiak xerpa talde batek egingo ditu. Nima Gyalzen izango da talde hori lideratuko duena. Eta bere esanetara honakook egongo dira: Chhiiring xerpa, Dawa xerpa, Furi xerpa, Ngima Tendi, Ningma Dorje Tamang eta Tashi xerpa.

Tesng taiwandarrari dagokionez, aurreratu behar dugu beti xerpa talde indartsu batekin jardun duela. Eta, momentuz, zortzimilako hauetan arrakasta lortu du: Lhotsen, Manaslun, Annapurnan, Makalun, Dhaulagirin eta Kangchenjungan.

Azken berriek diotenez, taiwandarra bisarekin arazoak izaten ari dela. Xerpen taldeak, berriz, badu agiri hori eta bezeroa itxaroten ari da Pakistanera bidaiatzeko. 

Bien bitartean, Gelje xerpak Cho Oyuko (8.201 m) hego aurpegian bide berria bat zabaldu nahi du. Gogora dezagun, Chogorin iaz historia egin zutenen artean alpinista gazte hau zegoela. Nepaldar hori zortzimilako guztiak igotzen mendizale gazteena bihurtu nahi da, eta, iazko eskarmentua baliatu nahi du Cho Oyuko hegoaldeko isuritik, hots, Nepalgo aurpegitik marra berri bat sortzeko. Mendizale gehienek Cho Oyu igotzeko erabiltzen duten ohiko bidea Tibeteko isurian dago, eta Gelje xerparen xedea da ibilbide berri bat lortu espedizio komertzialek erabil dezaten. Aipatu dugun ohiko bidea ez bezala, hegoaldeko isurian ez dago bide errazik.

Azkenik, bi zortzimilako horiez gain, hirugarren batek bisita izango du: Nanga Parbat mendiak (8.125 m). Espedizioaren buru David Gottler alemana izango da, eta hiru alpinista ondoan izango ditu: Herve Barmasse italiarra, Mike Arnold estatubatuarra eta Kudrat Ali pakistandarra. Laukotearen asmoa: neguan oraindik igo gabe dagoen Rupaleko isuri erraldoia (4.600 m).