Lan asko eginda lortu dute hirugarren puntua Altunak eta Martijak Bilbon (22-19)
683 pilotakada eta 77 minutuko norgehiagokan, beste behin ere sendotasun handiagoa erakutsi duen bikoteak irabazi du. Peña eta Albisu gehiago izan dira lehen zatian, baina pilota motelekin asko sufritu dute neurketa luzatzen eta gogortzen joan ahala.
Altuna III.ak eta Martijak ligaxkako hirugarren puntua batu dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Peña II.a eta Albisuri neurketa oso gogorra 22-19 irabazita. Guztira 683 pilotakada izan dira, 77 minutuko norgehiagoka, beste behin ere sendotasun handiagoa erakutsi duen bikoteak bereganatu duena.
Markagailuan gora-behera askoko neurketa izan da, jokoan ipinitako materialaren arabera itxuraldatzen joan dena. Altuna eta Martija, esaterako, 4-0 aurreratu dira markagailuan, urdinen hasiera nahiko tamalgarria izan delako. Baina hortik aurrera, demaren erdialdera arte, Peña eta Albisu nahiko argi inposatu dira piloteoan.
Jon Ander Albisuren agintea ez da beste batzuetan bezain nabarmena izan, Julen Martijak ere aurreko partida batzuetan baina maila hobea eskaini duelako ziurrenik, baina lehen erdian aukera oso onak sortu dizkio Peñari. Markagailuan 8-11 aurreratu direnerako, adibidez, Tolosako aurrelariak zortzi tanto zituen jokoan eginak.
Eta aukerak sortu bakarrik ez, Albisuk berak ere tanto ikusgarriak egin ditu atzera jota: 7-8koan eta 11-13koan pilota garbi-garbi sartu du errebotean ataundarrak, nahiz eta orokorrean ez diren batere pilota biziak ikusi gaur Bilbon.
Atsedenaldiaren ostean, desberdin
Baina lehen atsedenaldi luzetik itzultzean jada partidaren nondik norakoa aldatzen hasia zen. Gorriek ikusten zuten pilota motelarekin arazo gehiago zituztela aurkariek, eta horretan saiatu dira buru-belarri. Tantoak gogortuz, aurkarien hutsak bilatuz, neurketa asko luzatzen joan da eta testuinguru horretan Aspekoak askoz hobeto moldatu dira.
Sei tanto jarraian eginez, gorriak 17-13 aurreratu dira, eta 19-14koan lortu dute neurketa osoko errenta handiena, bost tantoko aldea. Jokin Altunaren une onenak izan dira. Amezketarra gogotsu aritu da gaur, aurreko astean Urdulizen utzitako irudi txarra ahazteko asmoz, eta lortu du. Bederatzi tanto egin ditu jokoan, beste bi sakez (nahiz eta eramateko modukoak izan) eta pilota bakarra galdu du.
Beharrak gidatuta
Urdinek bazekiten gaurkoa puntu benetan garrantzitsua zela: irabaziz gero aurkariekin bina puntura berdintzeko aukera zuten; galduz gero puntu bakarrarekin gelditzen ziren, bi garaipeneko tartearekin atzeratuta gainera. Eta horregatik egin dute azken saiakera. 98 pilotakadako tanto amaigabe bati esker berreskuratu dute sakea 19-15ekoan, eta beste bi tanto eginda 19-17 hurbildu dira. Eta azken txanpan, 21-19an, berriz ere bi tantora ipini dira Peñaren jokaldi eder batekin.
Baina gorriek ez dute barkatu eta Altunak erdi suertez errestoarekin egin du azken 22-19koa. «Sekulako paliza izan da, baina bagenekien puntua oso garrantzitsua zela eta beste ordu erdi jarraitzeko prest geunden», aipatu du amezketarrak partida amaieran. «Hiru partida jarraian galtzea kolpea litzateke, eta horregatik garrantzia du garaipenak», gaineratu du.
Fisikoki ongi dagoela ere argitu du. «Eskuak ongi dauzkat, baina entrenatu gabe egoten zarenean airez sartzeko eta gehiago kostazen zaizu. Hala ere, pozik geratu naiz egindako lanarekin, eta baita Julenek egindakoarekin ere. Oso hobetuta ikusi dut gaur», aztertu du Altunak.
Pilotakadak: 683. Partidaren iraupena: 77 minutu. Markagailua: 4-0, 4-1, 5-1, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-9, 8-9, 8-11, 9-11, 9-12, 11-12, 11-13, 17-13, 17-14, 19-14, 19-17, 21-17, 21-19 eta 22-19. Sakez: 2 Altuna III.ak. Jokoan egindakoak: 9 Altuna III.ak, 2 Martijak, 11 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Galdutakoak: 1 Altuna III.ak, 3 Martijak, 5 Peña II.ak eta 4 Albisuk. Gertaerak: Bilboko Bizkaia pilotalekua. Lehen sakea, gorri.
Omenaldi polita Oinatzi
Oinatz Bengoetxea hasi da bere agurreko birarekin, eta gaur jaialdiko lehen partidan bere azkena jokatu du Bilbon. Bizkaiko zaleei agur esateko modua izan da, eta pilotalekura hurbildu direnek sekulako txalo zaparradarekin agurtu dute.
Arangurenekin jokatuz, 22-19 irabazi du Artola eta Aretxabaletaren aurka 6-14 galtzen joan den neurketa. Azken txanpan bera izan da tanto ikusgarrienak sinatu dituena eta, behin partida amaituta, omenaldi txiki baina polita jaso du.
Iñaki Artolak berak bota dizkio bi bertso hunkigarri, eta Leitzako aurrelaria oso eskertuta agertu da Bizkaian beti oso maitatua sentitu dela aipatuz.