INFO

Mouhammad Fadal gazte senegaldarra omenduko du Bilbao Basketek

Asteazkenean Unicajaren aurka jokatuko duen partidan, Mouhammad Fadal gazte senegaldarra omenduko du talde bizkaitarrak. Gazte honek, pasa den ekainean, Bilboko itsasadarrean itotzen ari zen gizonezko bat erreskatatu zuen. 


Bilboko itsasadarrean joan den ekainean itotzen ari zen gizonezko bat erreskatatu zuen Mouhammad Fadal gazte senegaldarraren «ausardia» aitortzeko ekitaldia egingo du Surne Bilbao Basketek asteazkenean, abenduaren 29an, Bilbao Arenan, Malagako Unicajaren aurkako partida hasi aurretik.

Hilabete lehenago, Mouhammad Fadalek "Bihotz kantxa" proiektuan parte hartu zuen, saskibaloia auzoetako kantxetara hurbiltzeko eta inklusioa sustatzeko talde bilbotarrak antolaturiko ekimenean, hain zuzen ere.

«Nahi gabe, saskibaloia integrazio ibilgailua dela erakusteko adibide ezin hobe bihurtu zen Mouhammad. Are gehiago, bere balentriak eta mugarik gabeko elkartasunak markatzen dute jarraitu nahi dugun bidea. Horregatik sartu genuen Mouhammad 'Izan nahi dugu' gure abonatu kanpainan», adierazi dute Bilboko taldetik.

Bada, urtea bukatzeko, Surne Bilbao Basketek aitorpena egin nahi izan dio kantxan gazte senegaldarrari, «erakutsi digun guztiagatik», eta asteazkenean Unicajaren aurkako partida hasi aurretik egingo du, Bilbao Arenan.

Bost covid-19 kasu

Bilbao Basketek adierazi du lehen taldean bost kasu positibo antzeman dituztela. Horietatik bi jokalariak dira eta beste hiruak, pasa den astean antzemandakoak, talde teknikokoak dira. 

Guztiak «ondo» eta bakoitza bere etxean bakartuta daudela azaldu du klubak eta datozen orduetan, PCR proba egingo zaie gainontzeko jokalari eta teknikariei asteazkenean Unicajaren aurka jokatu behar duten partidara begira.