INFO

Spar Gran Canaria eta Lugo dira IDK Gipuzkoa eta Araskiren urteko azken arerioak

Gernikak, izandako positiboen kasuengatik, atsedena izango du eta astelehen honetan jakin dute Eurocupeko Turkiako itzulerako partida urtarrilaren 4an jokatuko dutela. 

Covid kasuek behartutako etenaren ostean, Araski Lugon itzuliko da lehiaketara. (@Araski)

Covid-19 kasuek azken asteetan izandako hazkundeak hankaz gora jarri du Endesa Liga eta lehen itzulia Kopara sailkatuko diren zortzi taldeak zeintzuk izango diren jakin ezinda amaituko da. Esaterako, Araskik ez zuen aurreko jardunaldian Ferrolen aurka aritzerik izan eta Gernikak hiru partida berreskuratu beharko ditu, aurreko asteko Campus Prometeren aurkakoa eta airean diren Leganes eta Cadi La Seuren aurkakoak. Baina, arazoak arazo, lehiaketak aurrera jarraitzen du eta IDK Gipuzkoak eta arabarrek ligako 14. jardunaldiko partidak izango dituzte astearte honetan, 18.30tan Gascan Gran Canariaren aurka gipuzkoarrek eta Lugon 20.15tan Araskik. 

Cadi La Seuren partida gogorreko zauriak sendatzeko denborarekin, Ibaetakoek  Kopan sartzeko ezin dute hutsik egin etxean sailkapeneko 12. postuan –4 garaipen eta 9 porrot– dagoen taldearen aurka. Azu Muguruza entrenatzailearen esanetan, kanariarrak «oso talde indartsua dira fisikoki, eta euren erasoko errebotea eta erasoko trantsizioak kontrolatu beharko ditugu. Era berean euren kanpoko jaurtiketarekin ere arreta berezia izan behar dugu, hiruko asko botatzen dituen taldea dira eta Caldwell bezalako puntu asko sartzen dituen jokalari bat dute. Taldeak oso kontzentratua eta ideiak oso argi dituela aritu beharko du irabazi nahi izatekotan». 

Bolada etetera 

Lesio eta gaixoaldiekin batere zorterik izan ez duen Araskik, bere aldetik, azken hilabeteko bolada txarra eteteko asmotan egin du Galiziarako bidaia. Bertan 20.15etatik aurrera, bere unerik onenean ez den Durán Maquinaria Ensino taldea izango dute parean. Europan lehen aldiz aritu den taldeak talde zabala prestatu du aurtengorako baina gauzak ez zaizkie espero bezala irten, esterako, iaz Araskin aritu zen Tamara Abaldek ezin izan du minutu bakarra ere jokatu, sorbaldako minez. Europan lan txukuna egin arren kanporatuak izan ziren eta ligako 4-9ko balantzea urrun dago eurengandik espero zenetik, baina pieza guztiak dinamikan sartzen direnean gora egin beharko lukeen talde bat da Lugokoa. 

Gernika, Turkian urtarrilaren 4an 

Eta halabeharrez jokatu ezinik geratu den Gernikak dagoeneko badaki urtarrilaren 4an, arratsaldeko 16.00etatik aurrera, jokatu beharko duela Cukurova BK Mersinen aurka atzeratutako Eurocupeko partida Turkian. Taldean izandako 10 positiboek behartutako atzerapena izan zen eta bizkaitarrek Malosten lortutako 24 puntutako aldeari eusten saiatu beharko dute kosta ala kosta.