INFO

Haritzaldek dio bi urte eta erdian Donostiako Udalak ez duela Belartzari dagokion epaia bete

30 hilabete igaro dira EAEko Auzitegi Nagusiak 291/2019 epaiaren bidez ebatzi zuenetik agregakinak legez kanpo isurtzeagatik hondatutako Berlartzako eremu bat leheneratu behar dela. Donostiako Udalak, ordea, ez du ebatzitakoa bete, Haritzaldek salatu duenez.

Belartzako lusaila, harriz pilatuta. (HARITZALDE)

«30 hilabete igaro dira Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak 291/2019 epaia ebatzi zuenetik eta oraindik Donostiako Udalak ez du bete», salatu du ohar baten bidez Haritzaldek.

Elkarte honek aipatutako epaiak Belartzako lurretako eremu bat leheneratzera behartzen zuen Udala, legez kanpoko agregakinak isuri zirela ebatzita. «Milaka tona harri pilatu zituzten Belartza Goikoan eta Europa mailan babestuta dagoen Intereseko Habitat bat, larreak, suntsitu zuten legez kontrako erabakian. Epaiak argi eta garbi uzten zuen material horiek guztiak handik atera behar zirela eta lekua lehengoratu behar zela, baina egun harri bat bera ere ez da mugitu», salatu du Haritzaldek.

Harrien pilaketa Donostiako Gerriko Berdearen aurkako «eraso zuzena» izan zen elkartearen ustez, eta landazabala nahiz biodibertsitatea kaltetu zuela ohartarazi du.

Gogora ekarri du Haritzaldek 2019ko ekainaren 19an jaso zuela epaia, eta irailean jaso zuela jakinarazpena, zeinak 2 hilabeteko epea ematen baitzion agindua betetzeko. «Urtebete pasa behar izan zuen, 2020ko iraila, Udalak publikoki iragartzeko berak subsidiarioki gauzatuko zuela. 2021 bukatzear dagoela ez da handik harri txintxar bat ere atera», gaitzetsi du.

«Udalari bost axola izan zaio epaia, ondorengo Auzitegiaren betearazpen agindua edo berriki jaso duen prozedimendua azkartzeko agindua», ondorioztatu du Haritzaldek.

Ardurak

Nekane Arzallus Donostiako Hirigintzako zinegotzia nahiz Eneko Goia alkatea dira lege hauste honen erantzuleak Haritzalderen ustez, eta segurtatu dute proiektuaren sustatzaileekin elkarlanean jarraitzen dutela, «irregulartasun ugariren egile» diren arren.

«Enpresakoek harri pilaketa ez zutela kenduko publikoki esan zuten eta Udalak ordez eta planto egin beharrean, haiek aurkeztutako Belartza Goikoa eremurako Plan Partzial berriaren tramitazioari bide eman dio. Neurrira eginiko hirigintza da. Gutxienekoa da interes orokorra eta galtzen diren baloreak, badirudi helburu bakarra bakar batzuen diru gosea asetzea dela», salatu du Haritzaldek.

Lur industriala?

Haritzaldek susmoak ditu Belartza IIrekin errepikatu egingo dela aurretik harrobian eta Belartza Ien egin zena: lursailak industrialak izan arren, merkataritza guneak eraiki zituzten, Decathlon, Mercadona eta McDonald’s tarteko.

«2017an merkataritza gune handi bat sustatu nahi izan zuten eta orain zerbait mistoa dela diote, nagusiki industriala, baina dena da badakitelako 10/2019 Legeak saltoki erraldoiei muga jarri ziela eta bideraezina litzatekeela. ¿Sinetsi behar al diegu oraingoan?», agertu du Haritzaldek.