INFO

Jon Erasunek urtarrilaren 8an jokatuko du bere azken partida Baikorekin

Azken neurketa hori Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du Iñaki Artola aurrelari duela Asier Agirre eta Andoni Aretxabaletaren kontra. Zizurkilgo atzelariak 2016ko azaroaren 5ean egin zuen debuta eta 200 norgehiagoka inguru jokatu ditu bost urte pasatxo hauetan.

Jon Erasun, 2020an Arangurenen ordezko bezala jokatu zuen Binakako Promozio finalean (Idoia ZABALETA | FOKU)

Baiko Pilotak jakitera eman duenez, Jon Erasunek urtarrilaren 8an jokatuko du bere azken partida Bilboko enpresaren elastikoarekin. Azken neurketa hori Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko du Iñaki Artola aurrelari duela Asier Agirre eta Andoni Aretxabaletaren kontra.

Zizurkilgo atzelariak 2016ko azaroaren 5ean egin zuen bere debuta profesional mailan Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta Baikoren kontuen arabera 200 norgehiagoka inguru jokatu ditu bost urte pasatxo hauetan.

«Baiko Pilotak eskerrak ematen dizkio urte hauetan azaldu duen profesionaltasunagatik eta egindako lanagatik. Era berean, etorkizunean zortea izan dezala opa dio», adierazi du enpresak bere oharrean.

Pilotari saiatua, kolpea falta izan zaio koska bat gora egin ahal izateko, baina atzelari oso fidagarria izan da beti. Horren erakusle dira 2017an irabazitako Binakako Promozio Txapelketa, Axier Arteagarekin finalean Jon Ander Peña eta Ruben Salaverri menderatuz; edota 2018an Buruz Buruko Txapelketaren finalera iritsi izana, nahiz eta azkenean txapela Joanes Bakaikoak jantzi zuen (17-22).

Horrez gain, kide oso estimatua izan da pilotarien artean eta, adibide moduan, deigarria izan da azken Lau eta Erdiko Txapelketan Mikel Urrutikoetxearen botilero lanetan jardun izana, nahiz eta Zaratamoko aurrelaria baino dezente gazteagoa izan.

Izan ere, Erasunek oso gazterik esango dio agur Baikori, 25 urte besterik ez baititu, baina gauza jakina da enpresek gaur egun, eta figura handia izan ezean, nahiago izaten dutela behetik datozenei debutatzeko aukera eman nahiz eta gero profesional mailan oso ibilbide motza izan.