INFO

Ghislaine Maxwell erruduntzat jo dute Jeffrey Epstein auziaren baitan

Hainbat adinbage sexu-ekintzetan parte hartzeko bidaiatzera erakarri izana egozten dio epaiak. Era berean, zinpean gezurra esan izana epaitzeke dago oraindik. Maxwellen abokatuek uste dute errua berari egozten diotela Epstein bera, hilda dagoenez, ezin dutelako epaitu.

Bobbi Sternheim, Ghislaine Maxwellen abokatua, prentsaren aurrean. (Scott HEINS | AFP)

New Yorkeko auzitegi federal batek erruduntzat jo du Ghislaine Maxwell britainiarra Jeffrey Epsteinek zuzendutako pedofilia sarearen harira ikertua izan ostean. Karguen artean, honako hauek daude: adingabe bat sexu-ekintzetan parte hartzeko bidaiatzera erakartzeko konspirazioa; adingabe bat sexu-jarduera delikitiboetan parte hartzeko garraiatzeko konspirazioa; adingabe bat sexu-jarduera deliktibo batean parte hartzeko asmoarekin garraiatzea; eta adingabeen salerosketa eta adingabeen sexu-salerosketa egiteko konspirazioa.

Epsteinek egindako adingabeen abusuaren inguruan zinpean gezurra esan izana egotzita epaitegietara itzuli behar izango du Maxwellek.

Zin-egite kasu honetan, fiskalek argudiatzen dute Maxwellek gezurra esan zuela 2016ko agerraldi batean, Virginia Giuffrek difamazioagatik aurkeztutako demanda baten ostean. Demanda hori diru kopuru baten truke konpondu bazen ere, fiskalek Maxwellen zinpeko lekukotzaren zati batzuk erabili zituzten karguetarako oinarri gisa, argudiatuz gezurra esan zuela Epsteinen jarduerei buruz galdetu ziotenean.

Maxwellek aitortu zuen Giuffre 17 urte zituela kontratatu zuela Epsteinen masajista izateko Palm Beachen, eta ukatu egin zuen edozein sexu-abusuren berri izatea: «Masajista profesionala izan zaitezke 17 urterekin Floridan. Nik dakidanez, masajista masaje bat ematera etorri zen. Horretan ez dago ezer desegokirik edo okerrik».

Epaiaren ondoren

Epaiaren ostean, Maxwellen talde legalak esan du helegitea aurkeztuko dutela: «Maxwellen errugabetasunean sinesten dugu eta apelazioan lanean ari gara», esan du Sternheimek.

Erreakzioak berehala etorri dira. Damian Williams fiskal federalak esan duenez, «justiziarako bidea luzeegia izan da», eta «itzaletatik irten eta auzitegira sartu ziren neskatoen ausardia» aitortu du.

Bestalde, Virginia Giuffreren abokatuek ohar batean adierazi dutenez, «egun handia da justiziarentzat»; izan ere, epaiak urte askoan Jeffrey Epstein eta Ghislaine Maxwell justiziaren aurrera eramateko euren bezeroek izan duten «adorea eta konpromisoa» aldarrikatzen ditu.

Fiskalek 1994. eta 2004. urteen artean Maxwellek lau neskekin izandako interakzioetan zentratu dute kasua, garai hartan britainiarrak harreman sentimentala izan baitzuen Epsteinekin. Ondoren, berarentzat lan egiten hasi zen.

Bobbi Sternheim eta Laura Menninger buru dituen Maxwellen talde legalak errugabea dela defendatu du epaiketak iraun duen bitartean. Gobernuak errua berari egotzi nahi diola salatu dute, ezinezkoa delako Epstein justiziaren aurrera eraman kartzelan bere buruaz beste egin zuelako.

Epsteinen biktimak

Abenduaren hasieran, Maxwelli sexu-trafikoa leporatu zioten lau emakumeetako batek esan zuen 14 urte zituela «harrapatu» zutela eta orduan Donald Trump AEBko presidente ohia aurkeztu ziotela.

Biktimak, ‘Jane’ izengoitiarekin, kontatu zuen Trump 1990eko hamarkadan ezagutu zuela Palm Beacheko bere etxean, eta 1998an Trumpen enpresa batzuei lotutako haur-edertasuneko lehiaketa batean parte hartu zuela. Era berean, Epsteinen hegaldi ospetsuetako batean izan zela jakinarazi zuen, Ingalaterrako Andrew printzearekin batera.

Larry Visoski Epsteineko hegazkin pribatuko pilotu beteranoak baieztatu zuen gertaera hori, eta hegaldi horietako batean ‘Jane’ ezagutu zuela onartu zuen, nahiz eta ukatu egin zuen garai hartan zuen adina zekiela.

‘Janek’ auzitegian kontatu zuen Epsteinek aldian-aldian gehiegikeriak egiten zizkiola Palm Beacheko, New Yorkeko eta Mexiko Berriko etxeetan. «Gauza mesprezagarriak egin zizkidaten, eta ez nuke haiei buruz hitz egiten jarraitu nahi», esan zuen.

Epstein eta Maxwell udako kanpamendu batean ezagutu omen zituen, aita hil berria zenean eta etxeko egoera ona ez zenean. «Nire familiak diru arazoak zituen» eta Epsteinek faktura batzuk ordaindu zituen; akusatuak, berriz, «ahizpa zaharrago» gisa jokatu zuen, harekin «trafikatzen» zuen bitartean.