INFO

Langile bakoitzeko 1.000 euroko isuna telelana betetzen ez duten enpresei frantziar Estatuan

Elisabeth Borne frantziar Lan ministroak langileko 1.000 eurorainoko isunak iragarri ditu astean hiru eguneko telelana betetzen ez duten enpresentzat. Asanblea Nazionala legea aztertzen ari da, eta urtarrilaren 15erako espero da indarrean jartzea.

Elisabeth Borne frantziar Lan ministroa. (Ludovic MARIN | AFP)

Joan zen astelehenean, frantziar Gobernuak iragarri zuen telelana gutxienez astean 3 egunetan derrigorrezkoa izango zela urtarriletik aurrera, betiere hori posible den lanpostuetarako. Ostegun honetan, Elisabeth Borne frantziar Lan ministroak langileko 1.000 eurorainoko isunak iragarri ditu neurri hau betetzen ez duten enpresentzat. Zehaztu duenez, zigorrak ezin izango dira 50.000 eurotik gorakoak izan.

Naurri hau covid pasaportea gogortuko duen lege-proiektuan sartuko da. Izan ere, ostegun honetan aztertzen ari dira Asanblea Nazionalean legea, eta urtarrilaren 15erako espero da indarrean jartzea.

Enpresa txiki eta ertainen elkarteak ekimen horren aurka agertu dira eta Gobernuari neurri laguntzaileak eskatu dizkiote, zehapenen bidea baino lehen.

«Sistema disuasiboagoa nahi dut», esan du Bornek LCI kateari eskainitako elkarrizketa batean.

Bornek bere Ministerioaren inkesta batean oinarritu da baieztatzeko 2020ko konfinamenduan «frogatuta geratu zela langileen %60k telelana egin dezaketela eta astean hiru egunetan egin zutela.

Frantziar Estatuak ia 800 kasuko intzidentzia tasa du 100.000 biztanleko, eguneko 200.000 kasu baino gehiagorekin, Olivier Veran Osasun ministroak ohartarazi duenez.