Opariak egiteaz nazkatu eta garaipenerako bidea berreskuratu dute Peña-Albisuk (16-22)
Irribarria-Rezustak hasiera distiratsua izan dute eta 9-2 eta 15-9 aurreratu dira, baina partidaren bigarren erdian defentsan aritu behar izan dutenean euren gabeziak ere agerian geratu dira.
Opariak egiteko garairik aproposenak dira Gabonak, baina urte berriarekin batera erregaluak egiteaz aspertu eta bigarren itzuliari ilusioarekin ekiteko behar beharrezkoa zuten garaipena eskuratu dute Peña-Albisuk, hasieran oso kontra jarri zaien partida irauliz. Izan ere, hasiera distiratsu batean, 7-0 eta 9-2 aurreratu dira Irribarria-Rezusta, baina partidaren bigarren erdia oso bestelakoa izan da eta Baikokoek merezitako garaipena eskuratu dute 13-1eko partzial bati esker.
Asteak zeramatzaten iazko txapeldun ordeek egindako jokoak merezi baina askoz puntu gutxiago batuz eta diagnostikoa nahikoa argia zen, egindako opariak gehitxo ziren horren txapelketa orekatu batean aukerak izateko. Gaurkoak ere bide beretik jo zezakeela ematen zuen, hasierako txanpan bederen. Egia da, pilota bizi batekin eta batez ere Rezustak, azken asteetan erakutsi ez duen txisparekin, hasiera elektrikoa izan dutela Aspekoek, baina, era berean, Jon Ander Albisuk egindako hutsak izan dira euren elikagai nagusiak. Oker ekin dio partidari ataundarrak, pilota gozatu ezinik eta akats nabarmenak eginaz aurkarien eskuina bilatu nahian. Peña partidatik erabat deskonektatua izan dute eta Irribarriak, batez ere boleaz, erasoan asmatu duenez, partida oso bideratua izan dute denbora luzez 9-2 eta 15-9.
Ordurako, ordea, partidaren gidoia erabat aldatua zen, pilota askoz zekenago batekin, Jon Ander Albisuk bere lekua topatu eta aurkarien nagusitasuna orekatzea lortuz.
Eta hori, eta akatsen itogina tapatzea lortu duenean iritsi da Jon Ander Peña, eguneko protagonista nagusiaren txanda. Ordura arte jokoan sartzeko zailtasunak izan baditu, tolosarrak aurrera pauso bat eman eta erasoan mina egiten hasi da.
Lehen atsedenaldi luzera arte partidak kolore erabat gorria izan badu, aldageletatik bueltan erabat urdindu da. Bigarren erdi horretan ekimena iazko azpi txapeldunena izan da eta Aspekoak izan dira defentsa lanetan aritu behar izan dutenak eta Peñak sekulako erakustaldia eman duen bitartean, gorrien gabezia nagusiak defentsan dituztela nabarmendu da.
Rezustari kosta egin zaio Peñak erdira indartsu ateratako sakeak erantzuten eta Irribarria bera ere partidatik erabat irten da, erasorako aukera gutxi eta defentsan ikaragarri sufrituz.
Oinatzen agur ederra
«Baldintza dok gozatzea». Hori omen da Oinatz Bengoetxeak koadroko gazteei sarrien eman dien gomendioa, edo hala abestu zion behintzat Iñaki Artolak leitzarrari Bilbon. Hori hala bada, azken egunera arte bere izaerari leihal izanda agurtuko ditu Bengoetxea VI.ak Euskal Herriko pilotalekuak.
Atano III.ari, bere lehen txapela eskuratu zuen pilotalekuari agur esatea egokitu zaio gaur aurrelari biziari eta gozatuz eta gozaraziz agurtu ditu, osasun neurriek baimendutakoaren barruan, frontoia bete zuten pilotazaleak.
Andoni Aretxabaletak lagunduta, 22-20 galdu dute Peio Etxeberria eta Bikuñaren aurka, baina esana dugu baldintza gozatzea zela eta halaxe egin ahal izan dute guztiek partida gogor bezain ikusgarria jokatu baitzuten lau pilotariek.
Eta zer esan ondorengo agurraz. «Naturaltasuna» izan da Oinatzen sekretu bat zaleekin konektatzeko eta horretan atzean geratzen ez zaion beste batek, Andoni Aretxabaletak, jarri dio «saltsa» ekitaldiari mikroa hartu, kantxa erdira irten eta «sigo siendo el rey» grazia apartaz abestuta. Eta ez hori bakarrik, itzal xamarrean geratzeko arriskua zuen Jon Erasunen agurrari ere keinu bat egin dio, zizurkildarra fokuen erdira ateraz.
FITXA TEKNIKOA:
Irribarria-Rezusta: 16
Peña-Albisu: 22
Pilotakadak: 448. Partidaren iraupena: 59,19 minutu. Markagailua: 7-0, 7-2, 9-2, 9-5, 10-5, 10-7, 11-7, 11-8, 13-8, 13-9, 15-9, 15-11, 16-11, 16-22. Sakez eginak: 1 Irribarriak eta 5 Peña II.ak. Jokoan eginak: 5 Irribarriak, 1 Rezustak,11 Peña II.ak eta 0 Albisuk. Galdutakoak: 3 Irribarriak, 2 Rezustak, 2 Peña II.ak eta 8 Albisuk. Gertaerak: Osasun lege berriak baimendutako sarrera guztiak saldu dira Donostiako Atano III.a pilotalekuan, Oinatz Bengoetxearen agur partidan.