INFO

Pentsiodunek dirua jartzeko eskatu diete gobernuei Osakidetza eta Osasunbideari arnasa emateko

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak agiri bat plazaratu du koronabirusaren olatu honen aurrean Osakidetza eta Osasunbidea «gainezka eta kolapsatuta» daudela eta arazo hori «gobernuen politikek eragindako baliabideen murrizketaren ondorio» dela salatzeko. «Indarrez», protesta egitera deitu du.

Pentsiodunen manifestazioa, Donostian, joan den azaroan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Pandemiaren azken olatuak, kutsatzeen hazkunde izugarriarekin, areagotu baino ez ditu egin egoitzetan, lehen mailako arretan eta ospitaleetan urrutitik datozen arazoak; izan ere, aldundiak, Osakidetza, Osasunbidea eta Gasteizko eta Iruñeko
gobernuak ez dira gai izan egoera eraginkortasunez konpontzeko, neurri handi batean, beren politikek eragindako baliabideen murrizketaren ondorioz».

Horixe da Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egiten duen irakurketa, urte aldaketarekin batera plazaratu duen agirian.

Azpimarratu dutenez, inkesta batzuen arabera, biztanleriaren %95ek pentsatzen dute gobernuek ez dutela osasun publikoa antolatu olatu horri erantzuteko eta geldiarazteko eta gutxieneko arintze bat egiteko. «Arazoak urrutitik datoz, eta covid-19aren lehen faseak eta gogorrenak ez die balio izan prestatzeko».

Azaldu dutenez, Osakidetzak, iazko udan aplikatu zuten ereduari jarraituz, EAEko 62 anbulategi, osasun zentro edo kontsultategi baino gehiagoren ordutegia berriro murriztea erabaki du. Neurri ohikoena da 17.00etan ixtea da, eta ez 20.00etan, baita batzuetan 15.00etan ere.

Bakarrik bizi diren adinekoak, arretarik gabe

Pentsiodunek agertu dutenez, urrian kaleratu zituzten 4.000 osasun profesionalak berreskuratu beharrean, 1.000 baino gutxiago kontratatu ditu berriro. Horrek «kolapsoa eragin du osasun publiko osoan, eta jende asko joan da aseguru pribatuak egitera edo test antigenoak edo PCRak egitera prezio eskandalagarriekin aberasten ari diren klinika pribatuetara».

Azken neurria protokolo bat ezartzea izan da, jende guztia automedikatu, autokonfinatu eta kontaktua duten pertsona guztiekin miaketa-lanak egin ditzan. Horrela, lehen mailako arretako zentroetara positiboa eman duten eta sektore kalteberetako kide diren pertsonak baino ez dira joango. Protokolo honek, bereziki, bakarrik bizi diren adineko pertsonak arretarik gabe uzten dituela ohartarazi dute.

112 zenbakia, ezin deiei erantzun

Pentsiodunen arabera, Nafarroan EAEko neurri bertsuak hartu ditu administrazioak, eta egoera antzekoa da: «Lehen mailako arreta eta SOS Nafarroaren 112 zenbakia gainezka, ezin covidagatik jasotzen dituzten milaka eta milaka deiei erantzun; beraz, ehunka pertsona –egun batzuetan milaka– arretarik gabe geratzen dira».

Herritarrek dagozkien babes neurriak beren gain hartzea beharrezko eta egoki ikusten dute, «baina neurri serio eta eraginkorrak hartzeko arduradun nagusiak Osakidetza, Osasunbidea eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuak dira» mugimendu honen ustez.

«Ezin da horrela jarraitu». Horregatik, premiazko ikusten dute protesta egitea, «indarrez gainera, modu ireki, bateratu, anitz eta errespetuzkoan, erakundeek premiazko neurriak har ditzaten egoera hori geldiarazteko». Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua «oso kezkatuta dago egoera lazgarri honen aurrean», eta prest dago –aspalditik egiten ari den bezala– erakundeei irmoki eskatzeko osasun baliabideetan inbertitu dezatela behingoz egoera hau geldiarazteko.