INFO

Calisto Tanzi, Parmalat zerura eta infernura eraman zuen gizona, hil egin da

83 urte zituen hil berri den Calisto Tanzik. 2003an atxilotu zuten, bere negozioak porrot egin ostean: ekonomiaren historian eskandalurik larrienetako bat izan zen.

Tanzi, ezkerretik bigarrena, Parma futbol taldearen garaipen bat ospatzen. Gero etorriko zen gainbehera. (Wikimedia)

Calisto Tanzik 83 urte zituen hil den egunean, eta azken 18 urteak atxilotuta eman ditu. Ez kartzela batean, bere etxean baizik: osasun arazoak zituen, medikuen arabera.

Parmalaten sortzailea betirako joan da, 2022. urteko lehen egunean, oroimen oso txarrak utzi ondoren. Bere enpresak 14 bilioiko zuloa eragin zuen, eta antza 40.000 pertsonaren aurrezkiak erre zituen: Europako eskandalurik handi eta larrienetako bat izan zen.  

Jakina, inor ez zen konturatu Parmalaten egoera erabat hankaz gora zegoela, Tanziren atxiloketa gertatu arte.

Bizitza-luzeko esnea

Irla alaia, Parlamat, paperezko gaztelua besterik ez zen. Eta hala ere, hasiera-hasieran, Calisto Tanzik negozioa sortu zuenenan 1961. urtean, ideia onak zituen: esnea beirazko botiletan ez gordetzea, baizik eta Tetrapak deiturikoetan, ustekabeko asmakizun bat, Suediatik etorrita. Eta beste asmakizun bat, Parmalatek egindakoa: bizitza-luzeko esnea, UHT-a.

Parman, esnea Parmigiano Reggiano gazta egiteko erabili ohi zen, beraz Tanzik nolabait ohitura zaharrak hautsi zituen. Dena den, Parmalat mundu guztian zabalduko zen. Esnea, eta gero yogurrak, pasteltxoak edo zukuak etorri ziren.

Tanziren handitasunaren ilusioarekin batera hasiko ziren arazoak. Politikara gerturatu zen, batez ere Kristau Demokrazia (DC) alderdirantz. Haren idazkari Ciriaco De Mitarantz, zehatzago. 80. hamarkadan jada Parmalaten kontuak jaisten ari ziren, eta Tanzi trikimailuak bilatzen hasi zen: horregatik babes politikoa behar zuen, eta hortik ustelkeriara urrats bat besterik ez zegoen.

Alderdi politikoek begiak itxi zituzten: are gehiago 1990. urtean, ekonomikoki hain indartsua izan arren Parmalat Burtsan sartu zenean.

Kirolaren garrantzia

1990. horretan bere momenturik argitsuenean zegoen Tanzi. Neurri handi batean kirolari esker, egiari zor. Lehendabiziko inflexio puntua eskia izan zen: Parmalat Munduko Koparen babesle izaten hasi zen, 1974an. Hurrengo pausoa 1 Formulan eman zuen, Brabham taldearekin.

Baina benetako maisulana futbolarekin egin zuen, etxeko klubarekin: Parma. Tanziren aurretik talde hori-urdinaren bilakaera Parma herriaren bezain lasaia izan zen: hirugarren mailan, tarteka bigarrenean, besterik gabe. Calisto jaunak, aldiz, ez zuen erdipurdiko helbururik, 1989an kluba erosi zuenean. Halaxe, Parma Kirol Elkartea Parmalat multinazionalean sartu zen, esnea, zukuak eta, azkenik, telebista (Odeon Tv, hori ere Kristau Demokraziaren oparia) eta bidai-agentzien artean. Handitasunaren ilusioak, berriro ere.

Hamar urtez, Parma Europako indartsuen artean ikusiko zuten futbolzaleek: Errekopa bat irabaziko zuen, 1993an, gero Europako Superkopa bat eta bi Uefa Kopa, 1995an eta 1999an. Sekulako izen-abizenak zeuden plantillan: adibidez Taffarel, Thuram, Cannavaro, Veron, Stoichkov, Zola, Crespo...

Mirari bat? Han ere, Parmalaten bezala, alfonbraren azpian zeuden zikinkeriak. Dirurik ez zegoen, alegia, eta gero eta trikimailu gehiago behar izan zituen benetako egoera ezkutatzeko. Futbolean, esate baterako, Laziorekin jokalari-truke arraroak hasi zen egiten, Erromako klubak ere arazo ekonomiko ugari baitzituen.

Egunerokotasunean, aldiz, aurrezkidunei dirua hartzen zien enpresak, bonuen bitartez. Milaka milioi poltsikoratuko zituen, itxuraz hazteko, baina, egiazki, zuloak betetzeko baino ez zen izan.

Inor ez zen konturatu, 2003an Pandoraren kutxa ireki zen arte. Tanzi eta bere kolaboratzaileek literalki kontuak faltsifikatu zituzten, paperezko bankuaren dokumentuak mozten eta itsasten. Gaztelua zarata handiz erori zen ziplo.

14 bilioi euroko zulo bat ez da gauza arrunta, konplize asko eduki gabe behintzat.

Calisto Tanziren abenturak benetako amesgaiztoa izan dira. Gaur egun, Parmalat martxan da oraindik baina Lactalis multinazionalean sartuta. Burtsatik atera da. Futbol taldea «normaltasunera» itzuli da, lehen eta bigarren mailaren artean. Parma hiria, hori bai, oraindik ere bizitza-kalitatearen liderra da, urtero sailkapenetan.