INFO

Realak Synne Jensen fitxatu du

25 urteko aurrelari norvegiarra Stabaek taldetik dator eta bi urte eta erdiko kontratua sinatu du txuri-urdinekin.

Jensenek 2024rarte jantziko du kamiseta txuriurdina. (REAL SOCIEDAD)

Urte zaharra Clare Pleulerren adioarekin amaitu zen eta berria Amaiur Sarriegiren berritzearekin eta Synne Jensenen fitxaketarekin hasi da Realarentzat. Klub donostiarrak jakinarazi berri duenez, aurrelari norvegiarrak kamiseta txuri-urdina jantziko du 2024ra arte.

Oslon 1996. urtean jaiotako Jensenek LSK Kvinerren egin zuen debuta goi mailako futbolean 16 urterekin. Norvegian eman du ia ibilbide osoa, Kolbotnen egindako denboraldi bikainek –24 gol sartu zituen bi urtetan jokatutako 42 neurketetan– Bundesligako ateak zabaldu baitzizkioten ere. Wolfsburgo Europako txapeldunak fitxatu zuen 2015ean baina denboraldi erdia besterik ez zuen jokatu «otsemeekin», Stabaekera utzita joan ondoren. Harrezkero Toppserien aritu da, orain Realarekin bi urte eta erdiko kontratua sinatu arte.

Azterketa medikoa egin eta Reale Arena bisitatu du aurrelariak gaur goizean Jokin Aperribay presidentearekin. Bertan, «oso pozik» eta «taldekideak ezagutzeko eta taldearekin lanean hasteko irrikan» agertu da. «Badakit gauzak oso ondo egiten ari den taldea dela eta gogor egiten duela lan. Nik ere gogor egingo dut lan eta gol asko sartzea espero dut», gaineratu du. Bere ezaugarriei buruz hitz egitean, «jokalari ofentsiboa, jaurtiketa onarekin eta azkarra» dela azaldu du eta Ligan jokatzeko aukera «erakargarria» dela gaineratu du, «futbolari eta pertsona bezala hazteko aukera ona izango» delakoan dago.

Baliteke Realaren azken fitxaketa ez izatea zabaldu berri den neguko merkatuan. Zenbaki hutsen aldetik, Jensenen etorrerak Pleulerren aldegitea orekatuko luke, baina estatubatuarrak futbolari gutxien dauden lerroan utzi du hutsunea. Egun, Iris Arnaiz, Gemma, normalean defentsan jokatzen ari den Etxezarreta eta erasokorragoa den Gaby besterik ez dauzka Natalia Arroyok erdialdean jokatzeko.