INFO

Aroztegian protesta egiteagatik epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte sei herritar

Lekarozen Aroztegia egitasmoaren obrak gelditzeko protestan parte hartzeagatik epailearen aurrera deklaratzera deitu dituzte sei herritar, Aroztak herri ekimenak jakitera eman duenez.

Obrak gelditzeko udaberrian egin zuten kanpaldiaren irudia. (AROZTAK HERRI EKIMENA)

Udaberrian Lekarozen Aroztegia egitasmo urbanistikoari aurre egiteko protestan izan ziren sei herritarrek epailearen aurrean deklaratu beharko dute desobedientzia ekitaldietan parte hartzeagatik, Aroztak herri ekimenak jakitera eman duenez.

«Baztango Lekaroz herria udaberrian loratu zen bere lurrak defendatzeko nahiarekin, espekulazioaren mamurrua ate joka ailegatu eta herriak eguzki handi, sano eta baketsu batekin erantzun zuen», gogoratu du talde honek.

«Erantzun hori Euskal Herriko eragile, norbanako eta mugimendu anitzi esker gertatu zen, denak eskutik harturik lortu genuen. Argi gelditu zen Aroztak mugimenduarekin jende anitzek bat egiten duela, jendartea zaharkitua den garapen eredu kapitalistari planto egiteko prest dagoela: Aroztegia, Arbona, etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua….», gaineratu du Aroztak herri ekimenak.

Epailearen aurrean desobedientziagatik deklaratzera deitu dituzten sei herritarrei babes osoa adierazi die herri ekimenak. «Ez dugu uste onargarria denik horrelako mugimendu baketsuei errepresioarekin erantzutea. Bortxaz Aroztegiko parajeak ebatsi nahi dizkigute, bortxaz gure haritz zaharrak botarazten dituzte, bortxaz gure beharrei erantzuten ez dien eredu bat inposatu nahi digute, bortxaz epaitegietarat igortzen digute. Bortxa da beraiek ezagutzen duten hizkuntza bakarra», gaineratu du.

«Negua ailegatu da bai, baina lurra berriz ernatuko da eta udaberriak irabaziko du, herri batek badakielakoz lurra eta bizitza zaintzeak gure herri ttikien etorkizuna bermatzea ekarriko duela berarekin», nabarmendu du Aroztak herri ekimenak egoera salatzeko mobilizazioak deituko dituztela erantsiz.