INFO

Jokin Altunak behin eta berriro nahasi du Irribarria bere sarean (22-12)

Aramarrak eta Rezustak ez dute piloteoan izan duten nagusitasunari probetsua ateratzen asmatu eta Martija sendo batek lagunduta, amezketarrak sekulako erakustaldia eman du erasoan, txapelketako bosgarren puntua eskuratuz.

Jokin Altuna erabat nagusi izan da aurreko koadroetan. (Jon URBE/FOKU)

Jokin Altuna eta Julen Martijak txapelketako euren bosgarren puntua eskuratu dute gaur Zallako pilotalekuan joko krisialdi batean diren Iker Irribarria eta Beñat Rezustari 22-12 irabazita. Bartzelonkoa bezalako pilotaleku bizi batean, bi ezkerrak oso erraz nagusitu ziren txapelketako lehen partidan, baina Mimetizeko lurrak ez du inolako antzik Vall d´Hebronekoarenarekin, ez eta urdinen gaurko konfiantza mailak ordukoarekin eta bigarren itzuliko lehen partida hau arras desberdina izan da, hein handi batean, Irribarria etengabe erori delako amezketarrak jarri dizkion tranpetan. Egungo Buruz Buruko txapeldunak oso argi zuen piloteoan ez zuela deus irabazteko, jokoa nola edo hala nahastu beharra zuela, eta aramarra behin eta berriz nahastu du bere sarean, jokoa berak nahi zuen esparrura eraman eta hamarretik bederatzitan aurreko koadroetako buruz burukoan garaile irtenda. 

Irribarriak eta Rezusta ere ideiak oso argi zituztela irten dira kantxara, ez zuten aurrean ezer nahi eta jokoa atzeko koadroetan kargatzeari ekin diote, Martija lehertuko zutenaren esperantzaz. Egokia zirudien ideia hori gauzatzerakoan, ordea, zailtasunak izan dituzte, alde batetik Rezusta gozakaitz antzean hasi delako eta, atzean nagusitu ezinda, aurrean aldeak ezarri dituena Jokin Altuna izan delako. Kolpez hautsi ezinda, zuzen jokatzea ez dute nahikoa izan eta ez dute beste ezer egiteko gaitasunik izan.

Erasoan eta defentsan

Amezketarrak errematerako era guztietako errekurtsoak dituen bitartean, badirudi Irribarriari gantxoarekin min egiten ahaztu zaiola eta boleaz gehiegitan aritu da, eraginkortasuna galduz. Baina erasoan ez ezezik, defentsan ere alde nabarmena dago bi aurrelari gipuzkoarren artean, eta Altunak aramarraren erremate ia guztiak itzuli dituen bitartean, Iker Irribarriari alor honetan lan handia geratzen zaiola nabaritu zaio, mugimenduetan oraindik ere gehitxo kostatzen zaio, batez ere zabaletik pilotak altxa behar dituenean.

Hala, hasiera orekatu xamar baten ostean, 2-4, gorriek ihes gin dute markagailuan 10-0eko partzial batekin (12-4). Kolpez nagusitzea lortu dutenetan, Rezustak behetik gora egin du, urdinek izan dute euren susperralditxoa, baina Irribarria ez da gai izan bien artean ireki dituzten zuloei probetxua ateratzeko. Aurreko koadroetan Altunarekin nahastu denean amezketarra erabat nagusitu da eta gorriek ez dute garaipena inoiz kolokan ikusi.

Azkenerako gainera, amezketarra laineza hartuta aritu da, sake-errematearekin min handia egin du eta ondo merezitako garaipena lortu dute. Irribarria-Rezustak bestalde, bergararrak partida amaieran aitortu bezala, «espabilatu beharra» daukate, azken asteetako dinamika oso kezkagarria delako. 

 

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 22

Irribarria-Rezusta: 12

Pilotakadak: 388. Iraupena: 57,20. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-3, 2-3, 2-4, 12-4, 12-7, 14-7, 14-10, 15-10, 15-11, 17-11, 17-12, 22-12. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 1 (falta 1) Irribarriak. Tantoak: 11 Altuna III.ak, 1 Martijak, 6 Irribarriak eta 2 Rezustak. Hutsak: 2 Altuna III.ak, 2 Martijak, 7 Irribarriak eta 0 Rezustak. Gorabeherak: 323 ikusle Zallako Mimetiz pilotalekuan jokatutako partidan.