INFO

Presoen etxerako bidea ez oztopatzeko aldarrikatu dute milaka lagunek Euskal Herri osoan

Milaka eta milaka lagun atera dira kalera Euskal Herri osoan urrunketaren eta euskal presoei ezartzen dizkieten gainerako salbuespen neurrien bukaera exijitzeko. Ia 200 tokitatik zabaldu dute aldarrikapena eta Sarek amaierako mezuan nabarmendu du bidea elkarrekin eginda lortuko dela helburua.

Este navegador no soporta el elemento video.


Bigarren urtez eta pandemiak behartuta, euskal presoen eskubideen aldeko urtarrileko Bilboko manifestazioa egokitu eta Euskal Herri osora zabaldu dira ekitaldiak. Guztien artean mobilizazio erraldoia eta anitza osatu dute milaka eta milaka lagunek, euskal presoen eskubideak defendatu eta haien etxerako bidea ez oztopatzeko aldarrikapena lau haizetara zabalduz. «Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean» lelopean eta hori irudikatzen duten geziekin, manifestazioak, elkarretaratzeak eta giza kateak egin dira, toki bakoitzean bere ezaugarri propioekin baina denak helburu berberarekin: euskal preso eta iheslariak etxeratzea. Horixe izan da gaur arratsaldean lelorik oihukatuena.

Baionan izan dira goiztiarrenak, bertan 15.00etan abiatu baitira hiru zutabeak «Le temps presse, Ion, Jakes eta Unai gurekin» lelopean, hiru preso horiek espetxean 31 urte daramatzatela gogoratzeko. Guztira bi mila lagun inguru bildu dira. [Hemen Iñaki Altunaren kronika]

Eragile sozial eta sindikalez gain, bertan izan da Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakaria, beste hainbat hautetsirekin batera.

 

Gasteizen ere mobilizazioa zutabeka antolatu dute; lehena 16.00etan atera da Europa Jauregitik eta ordu erdi beranduago San Juan elizatik eta Iparralde gizarte etxetik irten dira beste biak. Hirurek bat egin dute Artiumen eta handik manifestazioan abiatu dira.

 

Bilbon eta Donostian 17.00etan abiatu dira mobilizazioak, herri gehienetan bezala. [Hemen Bilboko kronika, Amaia Ereñagaren eskutik].

 

 

Iruñean bi ordu beranduago hasi dute manifestazioa, nahiz eta auzo batzuetan lehenago jarri dituzten hitzorduak. [Hemen Ibai Azparrenen kronika].

 

Aldarrikapenarekin bat egin dute Euskal Herriko eragile politiko gehienek eta sindikatu guztiek, eta haien ordezkariak han-hemenka egin diren mobilizazioetan izan dira, Katalunia eta Galizatik propio etorri diren eragileekin batera.

Puigdemont

Beste batzuek ezin izan dute Euskal Herriratu, baina hala ere atxikimendu mezuak bidali dituzte. Carles Puigdemont Kataluniako president-ak, esaterako, eskertu egin du Sarek egin duen esfortzua «batzuek ikusezin izatea nahiko luketena ikusgai egiteko». 

 

 

Etxetik ere bai

Osasun egoerak behartuta mobilizazioa etxetik jarraitu behar izan dutenak ere asko izan dira eta beren ekarpena egiteko sare sozialak baliatu dituzte, #Bidean traolarekin. 

 

Sareren mezua: «Elkarrekin lortuko dugu»

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak adierazpenak egin ditu Bilbon, manifestazioa erdibidera iritsi denean, eta bertan nabarmendu duenez, «2022an euskal presoen eskubideen urraketekin amaitzea ez badugu lortzen, gurea ez ezik, instituzioen porrota ere izango da».

Horrekin batera, mobilizazioen bukaeran zabaldu duten mezuan, Sarek nabarmendu du ideologia edo alderdiak alde batera utzita, garrantzitsua dela «elkarrekin defendatzea giza eskubideak, modu bakarra baita bizikidetzan eta justizian oinarritutako gizartea lortzeko aurrera egiteko, gatazkan, ahanzturan edo gorrotoan ainguratuta geratu gabe».

«Indarkerien zikloa itxi nahi dugu benetako baketzearen, bizikidetzaren eta konponbidearen bidez, berriro ez gertatzea bermatuko duen giza eskubideen eta bakearen kultura ardatz hartuta», erantsi du.

Sakabanaketa eta urruntze politika ezarri zituztenetik 33 urte igaro direnean, «zerbait» aurreratu den arren oraindik ere erregimen horrek indarrean jarraitzen duela deitoratu du, eta oraindik ere asteburuoro senide asko Aragoi, Gaztela, Asturias, Madril edo frantziar espetxeetara bidean jarri behar direla, istripuak izateko arriskuarekin.

Egoera horri amaiera emateko beharra azpimarratu eta Lakuako Gobernuari ere zuzendu zaizkio Sareko ordezkariak, duela ehun egunetik espetxeetako eskumenaren jabe izaki: «Espetxe polika humanizatua eta legea errespetatzen duena aplikatzeko jarduketa-irizpide berriak errealitate bihurtu behar dira, eta, aldi berean, irizpide horiek espetxean dauden euskal herritar guztiei aplikatu behar zaizkie, lekualdatze orokor baten bidez».

Bere irakurketan nabarmendu dutenez, «ez dugu pribilejiorik eskatzen», baizik eta justizia eta giza eskubideak errespetatzea. Helburu horiek lortzeko «bidea elkarren ondoan» egin behar da, «Euskal Herriko arlo politikoak, sindikalak eta sozialak koordinatuta».

Horrenbestez, bizikidetzarako, bakerako eta etxerako bideari bultzada ematen jarraitzeko deia egin du Sarek. «Pausoka, elkarrekin lortuko dugu».

Este navegador no soporta el elemento video.