INFO

Betisen biharamuna hondatu nahi du Alavesek Jose Luis Mendilibarren lehen irteeran

Talde andaluziarrak Kopako hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu zuen igandean, polemikaz beteriko derbian Sevillaren aurka irabazita. Bi egun ezberdinetan jokatu behar izan zuten neurketa, eta faktore hori aprobetxa lezakete babazorroek astearte honetan (20.00).

Mendilibar eta Escalante, Ligako partida batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

Jose Luis Mendilibarren eskua nabaritzen hasiak dira Alavesen. Entrenatzaile bizkaitarrak bi berdinketa lortu ditu Javier Calleja ordezkatzeko Gasteizera iritsi zenetik. Reala eta Athleticen aurka bi puntu eskuratu ditu taldeak, baina astearte honetan Betisen etxea bisitatu beharko dute babazorroek (Benito Villamarin, 20.00).

Momentu egokia edo guztiz kontrakoa izan daiteke. Betisek Kopako hurrengo kanporaketarako txartela eskuratu zuen igandean. Eta nori irabazita? Aurkari handiena den Sevillari irabazi zion polemikaz beteriko kanporaketan. Izan ere, larunbatean hasi ziren jokatzen, baina harmailetatik jaurtikitako makil batek Jordan jokalariaren buruan jo eta neurketa bertan behera geratu zen.

Egun bat beranduago jokatzeko erabakia hartu zuten, igandean, eta bertan lortu zuen garaipena Betisek. Andaluziarrentzat garaipen handia da aurkari handienari irabaztea, eta biharamun hori aprobetxa dezake Alavesek koxka egiteko.

Mendilibarrek ez du iritzi bera. «Betis onena ikusiko dugu», azpimarratu du entrenatzaileak gaur bertan eskaini duen prentsaurrekoan. «Lehiatzera aterako dira. Partida bat jokatu dute bi egun ezberdinetan eta ez dakit nekea nabarituko duten», gaineratu du.

Alavesek jokalariak berreskuratuko ditu azken asteetako covid kasuak behin atzean utzita. Saul Garcia eta John Guidetti prest daude leiharako, nahiz eta gutxiago entrenatu ahal izan duten positibo ematen azkenekoak izan baitziren.

Pere Ponsek atzean utzi du belaun bihurritua eta deialdian sartzeko prest dago. Bestalde, Ximo Navarrok lesionaturik jarraitzen du eta Nahuel Tenagliak oraindik ezin du jokatu ez baitiote alta eman. Taldeak baja gehiago izango ditu: Florian Lejeune zigortuta dago eta Mamadou Loum Afrika Kopa jokatzen ari da egun hauetan.

Albiste onen artean, Victor Laguardiaren buelta eta Gonzalo Escalante prest dagoela titular gisa debuta egiteko.

Betisen, Manuel Pellegrinik esentzia berarekin jarraituko du, nahiz eta hamaikakoan aldaketatxo batzuk egingo dituen, hiru lehiaketa jokatzen ari baita bere taldea eta asteburuan gertatutakoa ikusita, are arrazoi gehiago aldaketa batzuk egiteko.

Entrenatzaile txiletarrak adierazi du bere jokalariak «ondo» daudela eta Willian Jose aurrelaria «osaturik» dagoela, Hector Bellerin bezalaxe. Ez dira deialdian sartuko, ordea, Montoya, Bartra eta Joaquin.