‘Bi arnas’; itxi gabeko bi zauri, Iratxe Sorzabal eta bere amarena
Iratxe Sorzabalek 2001. urtean jasandako torturak bizi-bizirik dira, orain espainiaratu eta Madrilen epaitu behar dutelako. Horren berri emango du ‘Bi arnas’ dokumentalak, astelehen honetan aurreratu denak, Sorzabal ez ezik bere ama ere protagonista duena.
Tortura kasu gordin bat baina bi biktima, bi itolarri, itxi gabeko bi zauri: Iratxe Sorzabalena eta bere ama Mari Nieves Diazena. Alabak eta amak ez dute orain arte inoiz hitz egin horretaz, eta hauxe da hain zuzen ere ‘Bi arnas’ dokumentalaren abiapuntua. Bi protagonista: alaba aurreko ostiralean espainiaratu berria, Madrilen epaitzeko asmoz; ama gehienetan fisikoki urruti baina beti bere ondoan, aurrera eginez.
«Itxi gabeko zauria ama baten ahotsean» da NAIZek aurreratzen duen egitasmo honen laburpena. Une garrantzitsuan atera dute plazara, duela hiru egun eskas Reau-ko espetxetik atera eta Estremerara eraman baitute Iratxe Sorzabal, Auzitegi Nazionalean epaitu asmoz eta gero berriz Estatu frantsesera bidaltzeko, Parisek ezarritako zigorra betearaziz, aurtengo abuztura arte.
Otsailaren 7an ezarrita dago epaiketaren data Madrilen. Sorzabalek 2001. urtean Guardia Zibilaren eskutik jasotako tortura latzek ezaugarrituko dute saioa, nola ez, aditu ezberdinen eskutik aski akreditatuak dira eta (gorputzean utzitako aztarnak ahaztu gabe). Horretaz mintzo da dokumentalean Paco Etxeberria forentsea. Torturak nolakoak izan ziren zehaztu ditu, Sorzabal erietxeratu behar izan zutela gogora ekarriz eta atxilotuak bertan hilko zela uste izan zuela nabarmenduz.
Gogorra izan arren, gaztea torturatu egingo zutela jakin bazekiela kontatzen du Mari Nieves Diaz amak, aurretik halaxe iragarri ziotelako. Berarekin elkarrizketa sakona argitaratuko du GARAk hurrengo egunotan. Gaur arte bizkarrean daraman zama erantsia, ‘Bi arnas’ honen aurrerapenean entzun daitekeenez, alaba babestu ezin izanarena da, ama batek hori eginbeharreko nagusitzat hartzen baitu beti.
Serge Portelli epaile frantziarra eta torturatua ere izan den Nekane Txapartegi dira lan honen beste parte-hartzaile batzuk, komisaldegi eta koartelen gaineko iluntasunari argi izpiak jarri nahian.
Diru ekarpenetarako aukera
Diru ekarpenak egiteko aukera abiatu dute egitasmoaren bultzatzaileek, hurrengo 40 egunetan, itsulapikoa.eus atariaren bitartez. «Zergatik istorio hau? Torturak Euskal Herrian eragindako zauria ez da itxi. Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak».
Irabazi asmorik gabeko lana da baina ahalik eta zabalpen handiena eman nahiko liokete, hori bai, torturaren berri emateko eta zehazki Iratxe Sorzabalen kasua entzunarazteko.