INFO

Hilekoarentzako kopak banatuko dituzte Lezon, horien erabilera sustatzeko

Lezoko Emakume taldearen ekimenez hilekoarentzako kopak banatuko dituzte herri honetan ostegun eta igandean, urtarrilak 20 eta 23. Horien erabilera bultzatu nahi dute ohiko tanpoi eta konpresak baino osasungarri, ekonomiko eta ekologikoagoak direlako.

Kopak silikonaz eginak daude, urte batzuk irauten dute eta ez dute berrerabili edo birziklatu ezin daitekeen hondakinik sortzen. (NAIZ)

Ohiko tanpoi eta konpresak baino osasungarri, ekonomiko eta ekologikoagoak direla kontuan hartuta, hilekoarentzako kopak banatzeko ideia izan du Lezoko Emakume taldeak. Udalaren Berdintasun sailaren, Gizarte Zerbitzuen eta osasun zentroaren laguntzaz egingo du, ostegun eta igande honetan, urtarrilak 20 eta 23. 20an, 17.00etatik 19.00etara jasotzen ahalko da kopa; 23an, 11.00etatik 13.00etara. Gurutze Santuaren plazan eta, eguraldi kaskarra eginez gero, Saldisen.

Azaldu dutenez, kopak silikonaz eginak daude, urte batzuk irauten dute eta erabilera bakarrekoak diren tanpoiak eta konpresak ez bezala, ez dute berrerabili ezin daitekeen eta birziklatu ezin den hondakinik sortzen. Gainera, alternatiba hori erabiliz emakumeen ahalduntzea sustatzen da: norbere gorputzaren eta bizitza zikloen ezagutza eta erabakiak hartzeko gaitasuna, besteak beste.

Hori guztia dela eta, Leona Chalmers AEBetako idazle, aktore eta asmatzaileak joan den mendeko 30eko hamarkadan patentatutako kopa «alternatiba paregabea bilakatzen ari da emakumeen hilekoaren osasunerako», Lezoko Emakume taldeak ohar batean nabarmendu duenez.

«Kopen alde apustu egin nahi duzu? Zatoz zure alea hartzera», egin diete deia herritarrei.