INFO

Memoria historikoan sakontzeko lantalde iraunkor bat jarri du martxan Durangok

Azken hilabeteetan Durangoko Udalak Gerediaga Elkartearekin eta Durango 1936 Kultur Elkartearekin egin dituen bileren ondotik sortu da memoria historikoan sakontzeko lantalde iraunkorra. Herriko hilerrian ustez dagoen hobi komun bat aurkitzeko lur-prospekzio bat ere iragarri dute.

Durango 1936 elkartea, Gerediaga elkartea eta Durandoko udaletxeko ordezkariak. (@DurangokoUdala)

Durangoko Udalak herriko memoria historikoan sakontzeko eta 1937an faxistek Durangoren aurka egindako bonbardaketaren oroitza lanetan aurrerapauso bat emateko lantalde iraunkor bat sortu duela iragarri du astelehen honetan. Udalak Gerediaga eta Durango 1936 elkarteekin hainbat hilabetetan zehar egindako bileren ostean sortu da lantaldea eta, batzar horiei esker, Durangoko hilerrian ehortzitako bonbardaketako biktimak eta haien senideak identifikatzeko ikerketa martxan jarri dute.

Lantaldearen helburua memoria historikoaren esparruan ohiko ekitaldietatik haratagoko aurrerapausoak ematea izango da. Izan ere, 2022an, 85 urte beteko dira Durango bonbardatu zutela, eta herriko hainbat eragilerekin batera sarraskiaren oroimen ekitaldien programaren lanketari ekin dio Udalak.

«Bada ordua gai honi heltzeko eta faxistek duela 85 urte erail zituztenak modu duin batean oroitzeko. Senideekin egin dugun lehen bilera hau prozesu luzeago baten lehen urratsa izango da, etorkizunera begiratzeko lehenik eta behin iragana ezagutu eta balioan jarri behar dugulako, batez ere belaunaldi berriei begira», azaldu dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Testuinguru honetan, joan den abenduaren 22an, orain arte identifikatutako biktimen senideekin egindako bilera batean, Udaletxeak senideei jakinarazi zien Gogora Institutuak baimena eman diola Udalari herriko hilerrian lur-prospekzio bat egiteko, ustez hobi komun bat dagoen lekuan, zehazki.

«1937ko martxoaren 31ko erasoan 336 biktima zuzen zenbatu ziren, eta hildakoak Durangoko kanposantura eraman ziren egunean bertan eta ostekoetan, horietako asko hilobi komunetan lurperatuz. Ustez, hilobi horietan 85-100 pertsona ingururen gorpuzkiak egon daitezke», aurreikusi du Udalak.

Ikerketa lana

Udalaren babesarekin, Gerediaga Elkarteak eta Durango 1936 Kultur elkarteak hilobi komun horretan lurperatuta egon daitezkeen biktimak identifikatzeko eta senideak aurkitzeko lanari ekin zion 2021eko udazkenean. Ikerketaren abiapuntua 84 pertsonen erreferentziak dauzkan zerrenda bat izan zen. Durangoko hilerriko erregistro liburutik kendutako orrietan jasotako zerrenda dela uste dute eta hilobi komunetan lurperatutakoak agertzen dira. Hala ere, ez dira beti izen-abizenekin azaltzen, kasu batzuetan hildakoak gudarien plaka zenbakiarekin edo ogibidearekin erregistratuta baitaude.

Hiru hilabeteko ikerketa lanean, landa-lana Jimmi Jimenez durangarrak burutu zuen. Ikerketagai izan den 84 laguneko zerrendatik 51 pertsonen izen-abizenak lortu dituzte, horietako batzuetan oker zeudenak zuzenduta. Gainera, biktima horien 25 familia aurkitu dituzte.

Orain arte identifikatutako 51 biktimen artean, 34 gizonezkoak dira eta 17 emakumezkoak. 10 pertsona 15 urtetik beherako umeak dira. Jatorriari dagokionez, 25 pertsona Durangaldekoak eta beste 26 eskualdetik kanpokoak dira. Hortaz gain, 31 biktima zibil eta 20 gudari zenbatu dituzte.