Lointek Gernika Bizkaiak Leganesen aurka seigarren atzerapena jarraian pilatuko du
Asteazkenean jokatu behar zuen talde bizkaitarrak Endesa Ligako partida, baina Madrilgoen artean covid-19az sei kasu positibo atera dira. Zortea lagun, domekako euskal derbiarekin egingo du ligan debuta 2022 urteari dagokionez.
2022. urtea hasi denez geroztik Lointek Gernika Bizkaiak Eurocupeko Turkiako partida baizik ezin izan du jokatu. Asteazkenean Leganesen aurka Endesa Ligako partida jokatzekoa zen Mario Lopezek zuzentzen duen taldea, baina honek ere atzerapena nozitu du. Madrilgo taldean covid-19az sei kasu pisitibo atera dira eta, ondorioz, beste batean jokatu beharko dute gernikarrek.
Hauxe da segidan talde bizkaitarrak atzeratu beharra izan duen seigarren neurketa. Aurrez Campus Promete, Cadi La Seu, Kanaria Handia, Tenerife eta Perfumerias Avenidaren aurkako demak bertan behera utzi behera izan ditu Mario Lopezen taldeak.
Izan ere, Lointek Gernika Bizkaiak ez du abenduaren 11tik aurrera ligako partidarik jokatu ahal izan. Orduko hartan Benbibreren aurka 57-73 galdu zuten gernikarrek, Gerardo Candina presidentearen hitzetan, «konfidantza larregirekin jardun genuen, sailkapeneko atzeko aldean zetorrelako Benbibre. Baina gu baino askoz hobeak izan ziren eta hurrengorako ikastea besterik ez zitzaigun geratzen».
Hala, talde bizkaitarrak Ligako sailkapenean 7-5eko balantzearekin jarraitzen du –esaterako, neurketa guztiak jokatzea lortzen ari den Zaragozak baino bost partida gutxiago daramatza– eta ondorioz, sailkapeneko hamargarren posturaino jaitsi da, Kopako postuetatik kanpora.
Endesa Ligak aurreneko itzulia amaitzeko epe muga otsailaren 26an ezarri du, Valentzian jokatu beharreko Kopa martxoaren 24tik 27a ospatuko baita. Alabaina, tartean «FIBA Leihoak» ere izango dituzte taldeek, baita bigarren itzuliko neurketak ere. Esaterako, domeka honetan, hilaren 23a, gernikarrek IDK Euskotrenen kantxan jokatu beharko dute bigarren itzuliko aurreneko euskal derbia eguerdiko 12.00etan hasita.