INFO

Mikel Albisu auzipetzeko saiakeraren aurrean, babesa adierazi diote 126 idazle eta editorek

126 idazle eta editorek adierazpena kaleratu dute Mikel Albisu berriro auzipetzeko Auzitegi Nazional espainiarraren saiakeraren aurrean. Bere sorkuntza «libreki eskaini» dezan Euskal Herrian behar duela aldarrikatu dute.

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal Herriko 126 idazle eta editorek adierazpen labur bat plazaratu dute, ‘Eman bakea’ izenburupean, Mikel Albisuri (Mikel Antza idazle gisa) babesa adierazteko. Azaroaren bukaeran Auzitegi Nazional espainiarrak Gregorio Ordoñezen hilketagatik auzipetu zuen, eta horren ondotik erabaki zuten Albisuren lagunek agiria kaleratzea.

Donostiako Bulebarrean aurkeztu dute adierazpena gaur goizean eta bertan izan dira sinatzaileetako batzuk eta Mikel Albisu bera. Garbiñe Ubeda Euskal Idazleen Elkarteko lehendakariak irakurri du testua, eta Joseba Sarrionandiak eta Garazi Arrula Txalapartako editoreak sinatzaileen zerrenda. Haiekin batera ziren, babesa adierazteko, Josu Landa, Oier Guillan, Jule Goikoetxea, Jon Alonso, Gotzon Barandiaran, Joxe Austin Arrieta eta beste hainbat, guztira 30 lagun inguru.

Idazle eta editoreek agirian ohartarazi dutenez, Mikel Albisuk osorik bete zuen frantziar Estatuan ezarri zioten 20 urteko espetxe zigorra baina «orain Espainian berriro ere zigortu nahi dute, Frantzian bete duen zigorraren arrazoi berdintsuengatik, inolako froga materialik gabe».

Albisu duela hiru urtetik «gure artean bere sorkuntza libreki eskainiz» dagoela gogoratu ondoren, Euskal Herrian «askatasuna eta bakea» behar direla nabarmendu dute. Horregatik, «gure artean jarrai dezan nahi dugu».

Izenpetu dutenen artean dira Miren Agur Meabe, Agurtzane Intxaurraga, Koldo Izagirre, Alaine Agirre, Edorta Jimenez, Castillo Suarez, Irati Jimenez, Jon Arretxe, Jon Benito, Harkaitz Cano, Hedoi Etxarte, Eneko Olasagasti, Amets Arzallus, Ander Lipus, Antonio Casado da Rocha, Asier Serrano, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez, Gotzon Barandiaran, Imanol Murua Uria, Iñaki Segurola, Isabel Etxeberria, Itziar Ugarte, Joanes Urkixo, Kattalin Miner, Lander Garro, Pako Aristi, Uxue Alberdi, Mari Luz Esteban, Xabier Montoia, Miren Amuriza, Josu Goikoetxea, Uxue Apaolaza, Pello Lizarralde, Xabier Izaga, Unai Iturriaga, Ane Labaka, Asel Luzarraga, Julen Belamuno, Aurelia Arkotxa, Jorge Gimenez, Jon Alonso eta Idurre Eskisabel, besteak beste.

Auzitegi Nazionalak joan zen abenduaren 21ean deitu zuen Mikel Albisu deklaratzera, Donostiako epaitegian, bideokonferentziaz. Ez deklaratzeko eskubidea baliatu zuen eta horren ordez adierazpen bat irakurri zuen, akusazioak leporatzen dionarekin zerikusirik ez zuela izan argitzeko. Orduan ere elkartasuna jaso zuen epaitegiaren kanpoaldean.