INFO

Ordizia Errugbi Taldeak omenaldia egingo dio Kawa Leaumari hilaren 29an Altamiran

Hilaren 29an 16.00etan jokatuko den Ampo Ordizia-Ciencias Enerside partidaren ostean, klubak eta hartara bildu nahi duten zaleek, «agur eta ohore» egingo diote Kawa Leaumari. Horrez gain, bikoteari eragin dion egoerari aurre egiteko diru-bilketa kanpaina abiatu du Ordizia Rugby Elkarteak. 

Kawa Leaumak merezitako omenaldia jasoko du. (ORDIZIA RUGBY ELKARTEA)

Ordizia Rugby Elkarteak omenaldi sentikorra eskaini nahi dio Herbehereetan istripu baten ondorioz zendutako Kawa Leauma jokalariari eta baita bere familiari ere. Hala, hilaren 29an Altamiran arratsaldeko 16.00etan jokatuko den Ampo Ordizia-Ciencias Enerside partidaren ostean, klubak eta hartara bildu nahi duten zaleek, «agur eta ohore» egingo diote Kawa Leaumari, talde gipuzkoarrak betiko oroimenean gordetzea baitu xede azken baten.

Bide batez, Leaumaren familiari ere eskaintza berezia egitea nahiko lioke klubak. Kawaren beraren galeraz aparte, egoera honek jokalari zenaren bikoteari eragin dion egoerari aurre egiteko diru-bilketa kanpaina abiatu baitu Ordizia Rugby Elkarteak errugbi munduko klub eta zaleen artean.

«Ekarpen xumeena, balio handikoa izango da ahaideentzat», adierazi du Ordiziako klubak berak bere webgunearen bidez.

Ondorioz, Kawa Leaumaren bikoteari laguntzeko diru-laguntzak burutzeko bide ezberdinak zabaldu ditu talde gipuzkoarrak. Esate baterako, Bizum bidez 660 455 198 kodearen bitartez lagundu liteke, eta osterantzean, ES48 3008 0225 11 4597388927 kontu korronte zenbakiaren bidez ere lagundu liteke.