INFO

Alondegiak eta Paul B. Preciadok Katalina Erausorengan jarriko dute fokua ‘queer’ ikuspegitik

Katalina Erauso ‘moja alferez’ pertsonaia historiko arras ospetsuaren berrirakurketa apurtzailea plazaratuko du Alondegiak martxotik aurrera, queer ikuspegitik eta Paul B. Preciado filosofoarekin komisario lanetan. 2022rako proposamen anitz prestatu ditu Bilboko ‘kultura garaikideko fabrikak’.

Aburto alkatea eta Fernando Perez, aurkezpenean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pandemia garaietan bete-betean erori den arren, badirudi, eta zailtasunez zailtasun, orain hiru urte Bilboko Alondegiaren zuzendaritza aldatu zenean martxan jarritako ibilbide orria (2019-2023 epeari dagokiona) betetzen ari dela. Hori aipatu du, bederen, Fernando Perezek, Bilboko Alondegia zentroko zuzendaria, hasi berria dugun urteari begira prestatu diren ekimenen aurkezpenean.

Ez gara erabateko normalitatera itzuli, Juan Mari Aburto alkateak aurkezpenean gogorarazi nahi izan duen bezala, baina datuak, Alondegiari dagokionez behintzat, ez omen dira 2020 urtekoak bezain latzak. Esaterako, 2021ean 2 milioi pertsona baino gehiagok gozatu dute Bilboko erdigunean dagoen berriztutako eraikin historiko honetako zerbitzuez –kultura, aisialdia eta kirola biltzen ditu bere baitan– eta «ia ia 2019ko bisitarien mailara iritsi gara», aipatu du Perezek.

Bost erakusketa izango dira aurten Alondegian, eta 200 bat jarduera formatu desberdinetakoak eta diziplina anitzekoak. Batzuk aipatzearren Gutun Zuria literatura nazioarteko jaialdiak itzulpengintza izango du ardatz (martxoaren 29tik apirilaren 2ra); Nazioarteko Komikiaren Egoitzaren lehen edizioa egingo da Bilbon, Angoulemen eta Quebecen; Ion Munduate, Elena Aitzkoa eta Urban Bat AZ artista kide eta kolektibo egoiliarrak gisa sartuko dira aurten Alondegian... 

Baina ‘potenteenak’, seguruenik, Bilborako propio prestaturiko bi erakusketa handi izango dira, jorratzen dituzten gaiengatik eta parte hartuko dutenen izenagatik.

Queer erretratu bat, hippy baten eragina

Lehen erakusketa, martxoaren 11an hasiko dena eta irailaren 25era arte luzatu, ‘Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa’ izango da. Cabello/Carceller kolektiboarekin batera (Helena Cabello eta Ana Carceller) ekoitzitako erakusketa Paul B. Preciado filosofo, arte komisarioa eta idazleak komisariatu du.

«Alondegian, hasieratik feminismoa ardatz duten lanak bultzatu nahi izan ditugu», Fernando Perezen esanetan. ‘Ahots bat Erausorentzat’ proposamenarekin, kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garaikideak harremanetan jarriko dituzte.

Instalazioa, perfomancea, fikzioa kontakizuna eta bideoa erabiliz, Katalina Erauso (Donostia, 1592- Cuitlaxtla, Mexiko, 1650) pertsonaiaren ertzak agerian utziko dituzte. Abiapuntua Juan van der Hamen-ek Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzitako 1626an egin zion erretratua da, gaur egun Kutxa bildumakoa dena. Paul B. Preciadoren esanetan, «gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu ‘trasbestitatzat’ har daiteke».

Erreibindikatu daiteken pertsonaia, beraz... baina ez bere osotasunean. «Maputxeen genozidioan inplikatuta egon zenez eta merkatu kolonialean izan zuen jarreraren ondorioz, figura deserosoa da trans historian», jarraitu du.

Cabello/Carceller-ek Erausoren ‘erretratu’ berria osatu dute proiektu honetarako, eta trans pertsonaia berrien galeria batek interpelatzen du. Ikus-entzunezko da Doxa Produkzioak filmatu du, Alberto sin patrón izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Programa publiko bat egongo da, bigarren hezkuntzako ikastetxeei zuzendutako bisita tailerren hezkuntza programa batekin.

Urteko bigarren erakusketa nagusia udazkenean etorriko da, garai horretan zinema protagonista izaten baita Bilbon ere, Zinebi bezalako jaialdiekin. Eta zinemaren historiako pertsonaia alternatibo batek ondorengoetan izandako eraginaren azaleratuko da urriaren 27an zabalduko den ‘Somewhere from here to heaven’ erakusketan.

Pertsonaia Bruce Bailli da, zinemagile esperimental estatubatuarra, hippyen garaikoa, abangoardiako zirkuituetan aritu arren George Lucas bezalako egileengan izan duen zinemagilea. Komisarioa Garbiñe Ortega arabar zinema-komisario eta ekoizlea da eta bere gidaritzapean lau filme errodatu dituzte nazioarte zinemagile batzuk: Apichatpong Weerasethakul thailandarra –sari ugari jaso ditu Estatu frantsesean–, Ben Rivers britainiar dokumentalista, Eduardo Teddy Williams argentinarra eta Ana Vaz brasildarra.

Berrikuntzak eta master bat

«Kultura zerbitzu publiko legez, garai hauetan sekula baino beharrezkoa da, eta horretan jarri behar ditugu guk indarrak», aipatu du Alondegiako zuzendariak. ‘Kultura garaikideko fabrika’ bihurtzea baitu xede kultur gune honek, eta horretarako urtetik urtera urratsak ematen ari da, Mediateka bultzatuz edo euskal dineinuari DendAZ izeneko gunea eskainiz, esaterako. 

Aurten, adibidez, zabaldu berri du Kubo Baltza izeneko agertokia. Zentroak bi espazio eszeniko ditu orain, auditorioa eta agertoki ez-konbentzionala hau, berariaz pentsatuta dagoena arte bizien praktika garaikideak garatzeko.

Eta 2022ak ekarriko duen beste berrikuntza bat, hezkuntzari lotuta, berebiziko garrantzia ematen baitzaio hemen ere: UPV/EHUrekin batera arte eta kultura garaikideko praktika eta teoriari buruzko masterra jarriko dela abian Alondegia bertatik.