INFO

Familia-abeltzaintza eta abeltzaintza kooperatiboa eraldatzeko proiektua sortu dute

Hego Euskal Herria, Katalunia eta Kantabriako 25 erakundek familia-baserrien jasangarritasuna eta esne-ekosistemaren ekoizpen-prozesua hobetzea xede duen aliantza sortu dute.

Hego Euskal Herria, Katalunia eta Kantabriako 25 erakundek abeltzaintza kooperatiboa eraldatzeko proiektua sortu dute. (VK Comunicación)

Familia-baserrien jasangarritasuna eta esne-ekosistemaren ekoizpen-prozesua hobetzeko aliantza sortu dute Hego Euskal Herria, Katalunia eta Kantabriako 25 erakundek. Familia-baserriak ingurumenaren, ekonomiaren zein gizartearen ikuspegitik duen jasangarritasuna hobetzen laguntzea da proiektuaren helburu nagusia.

Ekimenak esne-ekoizpenaren kateko maila guztiak ordezkatzen dituzten 25 erakunde bildu ditu, I+G+b-ko zentro teknologikoak, kudeaketa-zentroak eta industriaguneak tarteko direla. Proiektuak Kaiku Berdea euskal konpainia, Llet Nostra Més kataluniarra eta AGC Agrocantabria kantabriarra ditu buru.

Aurkezpenean azaldu dutenez, ekimen honen barruan, 100 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi da 2026ra arte, «ingurumen-jasangarritasunaren aldeko eraldaketa gauzatzeko helburu eta konpromisoari begira, Europako Batzordearen 2030eko agendan ezarritako helburuekin lerrokatuta». Hartara, hainbat neurri planteatu dira Kaiku Berdea, Llet Nostra Més eta AGC Agrocantabria Sostenible ekosistemetako enpresen industria-prozesu eta logistikaren ingurumen-aztarna murrizteko asmoz.

2027an, ekoizpen eta logistika prozesuari lotutako isurpenak %60 murriztea espero dute NetZero 2050 konpromisoaren ildotik, uraren kontsumoa %45 gutxitu, ekonomia zirkularra bultzatu eta sortutako hondakinak % 50etik gora murrizteaz gain.

603 familia-baserri eta kooperatiba atxikituta

Aldi berean, ekimenak atxikitako 603 familia-baserri eta kooperatiben jasangarritasun ekonomiko eta soziala hobetzen lagunduko du, izan ere, urtean 337 milioi litro esne baino gehiago ekoizten dituzten ustiategi horien eginkizuna giltzarrizkoa da landa-ingurunerako, kontsumitzaileari kalitatezko esne eta esnekien hornidura ziurtatzeko konpromisoari oratuta.

«Mota honetako familia-baserriek eta kooperatibek eragin positiboa dute ingurumenean, izan ere, horietan egindako lanak biodibertsitatea zaintzen eta paisaiaren orekari eusten laguntzen du, suteak saihestuz eta baso-masaren kontrolik eza geldiaraziz. Horrez gain, ekonomia zirkularraren zikloan parte hartzen dute, landutako lurrak sortzen dituen baliabideak zein ustiategietako hondakinak baliatuz», azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek.

Testuinguru honetan, familia-abeltzaintzaren eta abeltzaintza kooperatiboaren eraldaketa jasangarrirako proiektuak mota horretako ustiategiek egindako lana nabarmendu eta atxikitako zentro teknologikoak batu ditu, «abeltegi bakoitzean lehiakortasuna bultzatu eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko hartu beharreko neurriak ezarri ahal izateko».

Proiektuak zeharkako ikuspegitik helduko dio sektorearen eraldaketa digitalari. Horrela, azpiegitura teknologiko berriak, automatizazioa eta adimen artifizialeko zein datu-adimeneko aplikazioak erabiliz, instalazio guztien ekoizpen-eraginkortasuna eta errentagarritasuna hobetuko ditu, «ingurumen nahiz gizarte jasangarritasunaren mesedetan».

Gaur Karrantzako El Molino familia-baserrian aurkeztutako ekimenak askotariko eragileak bildu ditu: abeltzaintza arloko kooperatibak (Kaiku, Llet Nostra eta AGC Agrocantabria); esnegintza arloko industriak (Kaiku Corporación Alimentaria, Iparlat, eta Làctics Masachs); zentro teknologikoak: Neiker, AZTI, INTIA eta IRTA); Kudeaketa zentroak (Abere, Abelur, Lursail, Lorra, LurGintza eta CIFA)...

Proiektuak Kantabriako Gobernuaren, Kataluniako Generalitatearen, Lakuako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren babesa du. Aurkezpenean izan dira Arantxa Tapia, Lakuako Ekonomiaren Garapen, Lehiakortasun eta Ingurumeneko Sailburua; Itziar Gómez López, Nafarroako Landa Garapen eta Ingurumeneko Kontseilaria; Teresa Jordà i Roura, Kataluniako Generalitateko Klima Aldaketa, Elikadura eta Landa Agendako Kontseilaria, eta Guillermo Blanco, Kantabriako Gobernuko Landa Garapen, Abeltzaintza, Arrantza, Elikadura eta Ingurumeneko Kontseilaria.