Desanexiorako azken pausoak emango ditu Usansolok hurrengo hilabeteetan
Usansolo desanexio prozesua aurrera doa. Aste honetan segregazioak eragingo lituzkeen ondorioei buruzko memoria onartuko dute Galdakaoko Udalean, eta ondoren Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien esku geratuko da azken erabakia. Martxoaren amaieran herri galdeketa egingo dute Usansolon.
Agustin Aizpuru eta Iñaki Urgoiti Usansolo Herria (UH) taldeko zinegotziek desanexioa gauzatzeko aurrerapausoak eta hurrengo hilabeteetan emango diren urratsak azaldu dituzte asteazken honetan Galdakaoko Udaletxean. Bertan, Udal Gobernua osatzen duten EH Bildu, Auzoak eta Podemoseko ordezkariak ere izan dira.
Azaldu dutenez, 2021 urtean prozesua aurrera eramateko sortutako Udalaren Batzorde Mistoak desanexioak eragingo lituzkeen ondorioei buruzko memoria egin zuen eta Osoko Bilkurak onartu egin zuen. Urrats hori eginda, Bizkaiko Aldundiaren esku geratu zen bideari jarraipena ematea.
Baieztatu dutenaren arabera, memoria horretan islatzen da desanexioa «guztiz bideragarria» dela Galdakaorentzat eta Usansolorentzat, eta herritarrek ez dutela zerbitzu publikoen murrizketarik jasango.
Batzarkideek begi onez ikusi dute momentuz, eta Galdakaoko udal taldeek pausoak ematen jarraituko dute prozesua bultzatzeko. Ostegun onetan Osoko Bilkurak memoria eztabaidatu eta bozkatuko du. Gehiengo osoa behar da, baina Udal Gobernua osatzen duten taldeetako bozekin lortuko dela aurreikusita dago.
Hortik aurrera, Fotu Aldundiko zerbitzu juridikoek txosten proposamen bat egingo dute eta Batzar Nagusietara igorriko dute. Batzar Nagusiek txosten hori baimendu edo ukatu dezakete. «Espero dugu onartzea», esan du Aizpuruk. Txosten horiek onartuz gero, Usansoloren desanexio prozesua ekainean bukatuko litzateke.
Hala ere, Udal Gobernuak herri galdeketa egingo du Usansolon. Aizpuruk esan duenez, Usansoloko herritarren nahia jakitea «ezinbestekoa» da UH taldeko kideentzat, eta herritarren onarpenik gabe ez dute desanexioa aurrera eramango. Martxoaren 20an edo 27an egitea aurreikusten dute, baina oraindik ez dute galdeketaren data zehaztu.
«Ilusioz gaude prozesu hau amaierara iritsiko delako. 34 urteko borrokaren ondoren, lortuko dugu. Bizkaiko herri askok duela hamarkada batzuk lortu zuten, baina Usansolon ez da borondate politikorik izan orain arte», esan du Aizpuruak, egungo Udal Gobernua osatzen duten alderdiei eskerrak emanez.