INFO

Bidasoa-Irunek Jakub Skrzyniarz atezain poloniarra fitxatu du datorren denboraldirako

Ekainean 26 urte beteko ditu MKS Górnik Zabrze taldetik etorriko den jokalariak, Poloniako selekzioko kategoria guztietan internazionala. Urtebeterako fitxatu du talde irundarrak, baina beste urtebete luza diezaioke kontratua. «Poz handiak emango dizkigu» iritzi dio Jacobo Cuetara entrenatzaileak.

Jakub Skrzyniarz, Bidasoa-Irunen atezain berria datorren denboralditik aurrera. (BIDASOA-IRUN)

Asobal Liga geldirik dago Europako Txapelketa dela-eta, baina taldeak ez daude geldirik. Hala, Bidasoa-Irunek ostegun honetan, datorren denboraldirako Jakub Skrzyniarz atezaina fitxatu duela adierazi du. 1996ko ekainaren 6an Lublin hirian jaio zen gipuzkoarren fitxaketa berria eta Poloniako selekzioarekin kategoria guztietan jokatu ostean –Europako Txapelketako aurreneko listan egon zen, baina hautatzaileak azken orduan laga zuen kanpoan–, MKS Górnik Zabrze taldetik egingo du salto Bidasoa-Irunekin jokatzera 1,89 metro eta 97 kiloko jokalari honek.

Lublinen jokatzen hasi eta gero, 2014/15 denboraldian SMS Gdańsk taldera joan zen, nahiz eta urtebete beranduago etxera itzuli; alegia, MKS Zagłębie Lubin. 2019an, berriz, MKS Górnik Zabrze taldeak fitxatu zuen Jakub Skrzyniarz atezaina. Azken talde honekin egin du debuta Bidasoako jokalari berriak EHF Kopan eta EHF European Leaguean.

Fitxaketa berriari buruz galdetuta, Bidasoa-Irun taldeko entrenatzaile Jacobo Cuetarak Skrzyniarzek «poz handiak» emango dituela iritzi dio talde gipuzkoarraren webgunean.

«Pozik gaude Jakub bezalako atezain bat aurkitu dugulako. Azken denboraldietan bilakaera handia izan du eta oraindik gaztea da, eta hobetzeko tartea badauka. Oso zenbaki onak izan ditu azken denboraldietan Poloniako Ligan, eta egungo errendimenduaren eta gurekin egingo duen lanaren ostean hobetuko dena aintzat hartuta, poz handiak emango dizkigu eta guretzat oso atezain errentagarria izan liteke etorkizunean», gaineratu du.