INFO

Hildakoen oroimenez, eta bakea eta justizia gure haurrentzat

Paraxutista britainiarrek sarraskia egin zuten Derryn, gaur 50 urte, 25 minututan, 100 m2-ko espazio batean, hamalau irlandar tiroz hil eta hamazazpi zaurituta. Hildako baten semea den egileak gertaerak gogoratu eta egindako bide luzearen eta urteurrenaren zentzuaren berri ematen du ondoren.

Derryn, hildakoen oroimenez eraikitako memorialean loreak ipintzen. (Paul Faith | AFP)

Gure hiri handiko kaleetan hil zituzten; gure guraso, anaia, seme, osaba eta iloben hilketa basatiaren 50. urteurrena da gaur. Aurten, urtarrilak 30 igandea da; 50 urte beranduago, berdina da eguna, berdinak data eta ordua. Guk, Bloody Sundayn hildakoen eta zaurituen familiok, bide luzea egin dugu: egun hartako horroreetatik ihesi, gure etxe eta kaleetako isiltasun hunkitutik, armada eta gobernu britainiarrak zabaldutako gezur eta propaganda artean; zutituta egia eta justizia eskatuz, Estatua behin eta berriz desafiatuz.

Hil zituztenen ama, aita eta alargun denak ere hilda daude. Ida McKinney, Gerry McKinneyren emazte maitatua, iaz joan zitzaigun. Bloody Sundayrekin batera hazi zen gure haur eta nerabeen belaunaldiak 50, 60 edo 70 urte pasatxo dauzka. Niretzat, haztea aurkikuntza bat izan zen; nahitakoa edo ustekabea, baina aurkikuntza; nire aita, bere bizitza salbatzeko Rossville Flats-eko patio batean esku eta belaunekin katuka zebilela nola hil zuten jakitearen aurkikuntza. Eta gero, Barney McGuigan musuzapi zuria astinduz bere ezkutalekutik nola atera zen, metro batzuetara zen F soldaduak –horrela deitua bigarren ikerketaren buru Saville epaileak ez zuelako izenak publikoki ematea onartu– prest zeukan bere SLR erriflearekin bertan hil zezan.

Denboraren indarrak ez ditu gertakizun hauek ezabatzen edo hobetzen. 25 minututan, Bogside auzoko 100 metro karratutan, tiroz hil zituzten gure hamalauak, eta hamazazpi zauritu zituzten. Hilketa haren inguruan polizia ikerketarik egon ez izana ez du ezabatzen. Hau zen garai hartan, eta geroago hamarkadetan zehar, Irlandako iparraldean bizitzearen benetako errealitatea: Estatuak hil ahal zintuen edo beste bati zu hilarazi, ondorio legalei begira gertaerei jaramonik egin gabe. Estatuak hildakoen heriotzak ikertu nahi ez izanak ehunka familia linbo legal batean utzi ditu.

1992an “Bloody Sunday Justice Campaign” abiatu genuenean bagenekien zer genuen aurrean, aukerak gure kontra zeudela. Ordurako gure nerabeak gatazka betean hazita zeuden. Derryn egin zuten min beldurgarria munduari erakusteko prest ginen. Elkarrekin eutsi genion egia eta justiziaren aldarrikapenari Derryn, Belfasten, Dublin, Londres, New York eta Washingtonen, jendeak, prentsak eta politikariek gure historia eta kausa entzuteraino.

1996rako, britainiarren artean ez zen Bloody Sunday justifikatzera ausartzen zen bozeramailerik. Ezta «Widgery Whitewash» prozesu legala ­–1972an, Lord Widgeryk zuzenduta egin zen lehen ikerketa, zuriketa bat familientzat– bidezkoa eta justua izan zela esaten zuenik ere. 1998rako, Tony Blairren gobernua bigarren ikerketa judizial bat irekitzera behartu genuen. Horrek, baina, berez garaipen bat izan arren, beste hamabi urteko itxaronaldia ekarri zuen, hurrengo txostenerainokoa. Lord Savillek, ikerketa berriko epaileak, 2010eko ekaineko egun hartan, hildako eta zauritutako guztiak errugabe deklaratu eta basakeria haren guztiaren ardura Paraxutisten Erregimentuari egotzi zion. Egia da, halaber, errugabetasuna astuna eta erruduntasuna arina zirela txostenean. Aurrekaririk gabeko barkamen eskaera batekin argitaratu zen. Westminsterretik luzaturiko mezuan, garaiko lehen ministro David Cameronek Bloody Sundayko basakeria «bidegabea eta justifikaezina» izan zela aitortu zuen. Sinismen eta kolore guztietako jendeak bibaka hartu eta txalotu zuten mezua Guildhall Squaren, Derryko udaletxe pareko plazan.

Non gaude orain? Inor ez dute justiziaren aurrera eraman. F soldaduak, egun hartan bost pertsona errugabe hil zituen masazko hiltzaileak, gizon librea izaten jarraitzen du, bizirik gero eta gutxiago gelditzen diren Bloody Sundayko militarren konpainian. Estatuak eraildakoen ehunka familiek ez dute justiziarik izan. Ohikoa bihurtu da estatuko indarren eta talde loialisten arteko elkarlanaren inguruko ikerketa eta txosten berriak argitaratzea. Hala eta guztiz ere, Bloody Sunday Trust elkarteak eta familiek gure historia erabiltzen segitzen dugu, kanpainak antolatzeko gure esperientzia, estatu indartsuen aurka hemen eta atzerrian justiziaren alde borrokatzen direnak adoretzeko eta inspiratzeko.

“One World One Struggle” (mundu bat borroka bat) da 50. urteurren honen goiburua. 1992an erabili genuen berdina da.  Hegoafrikako apartheid estatuaren kolapsoan inspiratu ginen orduan. Munduko herri eta talde borrokalari askorenak eta askorentzako ziren nazioarteko elkartasun mezuak gogo onez jaso eta libre igorri genituen. Eskuzabaltasun prozesu haren bidez ikusten ditugu geure buruak munduan.

50. urteurrenaren ospakizuna Bloody Sundayn hildakoen memoriari eskaintzen diogu, paraxutisten basakeriak zauritutakoei. Injustizia gabeko gizarte bat, gure haurrak errespetatu eta berdintasunez tratatuko dituen bat, eraikitzearen aldeko konpromisoa hartzen dugu, gaur ere, aniztasuna ospatuz eta baikortasuna zabalduz. Azkenik, gatazkan beste milaka familiek sufritu dituzten galeren espektro osoa aitortzen dugula adierazi nahi dugu, ñabardura dena delakoa izanda ere. Jende askoren galerak ez dira apenas aitortu; adosturiko Irlanda berri batean aitorpena eta justizia aurkitu ahal dutela uste dugu.

Gaur, urtarrilak 30, 9.15ean, Creggan auzora, 1972ko manifestaldia hasi zen toki berera, Familien Oroitzapen Ibilaldian gurekin batera parte hartzera hurbildu zareten guztiei, politika, kultura eta jatorri orotako jendeari, ongi etorria ematen dizuegu. Hil zituzten gure gizon eta mutilen pausoetan ibil gaitezen berriz. Gure haurrek gogoratu ditzaten, harrotasun bizi batekin.