INFO

Yolanda Gonzalezen berri ematen duen podcast bat aurkeztu dute, 42. urtemugan

Deustuibarrako auzokideek Yolanda Gonzalez gogoratu dute igande honetan, bere izena daraman plazan, bere hilketaren 42. urteurrenean. Aurten, podcast bat atera du Kaletarrak ekimenak, bere istorioaren berri emateko.

Yolanda Gonzalezen omenez egindako murala. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Yolanda Gonzalez deustuarraren heriotza gogoratu dute igande honetan Deustuibarrako auzokoek, urtero bezala. Gonzalez, Langileen Alderdi Sozialistako (PTS) kidea zena, duela 42 urte tiroz hil zuten ultraeskuindarrek Madrilen eta, hilketaren urteurren honetarako, berritasun modura, Kaletarrak plataformak Gonzalezen biografia txiki bat batu du podcast batean.

 

4 minutu eta 20 segundutan bere ibilera eta hilketaren berri ematen du podcastak. Biografia laburra da, Gonzalez 19 urte eskasekin bahitu, torturatu eta tirokatu zuelako Batallón Vasco Español (BVE) erakunde ultraeskuindarrak, 1980ko otsailaren 1ean, euskal hiritarra eta ezkertiarra izateagatik. Gonzalezen militantziako kide eta laguna zen Mariano Sanchez Solerri egindako elkarrizketa baten bidez, Yolandaren memoriak bizirik jarrai dezan lagunduko duen testigantza guztiontzat eskuragarri jarri dute era honetan.

Kaletarrak proiektuak Bilbon emakume izena duten kale edo plazen inguruko informazioa eskaintzea du helburu. Hori horrela, beste kale eta plaza askoren kasuan egin duten bezala, Yolanda Gonzalezen izena daraman plazan kode bat kokatu dute eta, igande honetatik aurrera, kode hori eskaneatuz gero deustuarraren memorian egindako podcasta entzun ahalko da ivoox plataforman.

Bidegabekeriak bere horretan segitzen du, bestalde, azken urte hauetan. Adierazgarri gisa, duela zortzi urte jakin zen Emilio Hellin Moro, Gonzalezen heriotzagatik 43 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zena, espainiar Estatuko eta EAEko segurtasun indarren ohiko kolaboratzaile bat zela; tartean, Guardia Zibil eta Ertzaintzarena.