INFO

Gorabehera askoren ostean, Manu Vallejo aurrelariak Alavesen jokatuko du

Neguko merkatuan asko mugitu behar izan da Alaves, orain arteko emaitzak hobetu asmoz taldea indartu behar zuela jakitun. Azken orduan, Manu Vallejo fitxatu du, kasik hilabete osoan Valentziarekin negoziaketan aritu ostean. Utzita jokatuko du aurrelariak denboraldia bukatu bitartean. 

Manu Vallejo Alavesen aurkako gol bat ospatzen 2020-2021. denboraldian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Astelehena egun mugitua izan zen Alavesen, neguko merkatu osoa izan den moduan. Taldea indartu beharrean zegoen klub babazorroa, bigarren itzulian egoera irauli behar baitu salbazioa lortu nahi badu. Hala, fitxaketen alorrean ez ezik, jokalarien irteeran ere lan egin behar izan dute gasteiztarrek. 

Azken ordura arte lanean aritu zen klub babazorroa eta azkenean lortu zuen merkatu osoan desio zuen jokalaria: Manu Vallejo. Bere izena hasieratik Alavesera lotuta zegoen baina zenbait gorabehera izan ditu negoziazioak. Astelehenean, egun erdian, jada ezinezkoa zirudiena errealitate bihurtu zen kasik gauerdian. Andaluziarra utzita iritsi da Valentziatik, denboraldia bukatu bitartean. 

Vallejok esperientzia apur bat badu gorengo mailan, 50 partida jokatu baititu 2019an Valentziara iritsi zenetik –orotara, 9 gol eginez. 2017-2018. denboraldian Cadizekin debuta egin zuen bigarren Mailan eta bere bigarren sasoian 8 gol egin zituen zilarrezko mailan. 

Sasoi honetan, Bordalasen aginduetara, soilik 9 partidatan jokatu du baina minutu guztiak batuta, ez da iristen partida batera ere ez (89 minutu). Horregatik, hain zuzen, aurrelari andaluziarra minutu bila iristen da Alavesera. 

Aurrelari bat iritsita, beste bati irteera eman behar izan dio Alavesek eta hala, Mamadou Syllak Rayo Vallecanok jokatuko du, honek ere utzita, denboraldia bukatu arte.