INFO

‘The New York Times’-ek ‘Wordle’ erosi du, euskarazko bertsioa duen hitz-joko arrakastatsua

‘The New York Times’-ek ohar baten bidez jakinarazi duenez, egunkariak ‘Wordle’ erosi du, sareetan arrakasta izan duen hitz-joko berria, gutxienez milioi bat dolarren truke. ‘Berbaxerka’ euskaraz azaldu eta astebetera, Talaios kooperatibak ‘Wordle’ jokoa euskaratu zuen.

‘The New York Times’ egunkariak ‘Wordle’ erosi du, sareetan arrakasta izan duen hitz-joko berria. (Stefani REYNOLDS | AFP)

Hitz jokoak modan dauden beste seinale bat da ‘Wordle’. ‘Berbaxerka’, zazpi hizkirekin euskaraz hitzak eratzeko joko berria, euskaldunen mugikorretara iritsi ondoren, Talaios kooperatibakoek ‘Wordle’ ekarri dute euskarara.

‘Berbaxerka’ bera eta ‘Egunean Behin’ bezala, egunero erronkatxo bat proposatzen duen jokoa da ‘Wordle’. Erabiltzaileak bost hizkiko hitz bat asmatu behar du, eta saiakera bakoitzean jokoak berdez tindatzen ditu leku egokian dauden letrak, eta horiz hitzaren parte direnak baina okerreko lekuan daudenak.

Ingelesez puztuz joan da bere erabilpena azken asteetan, eta ‘The New York Times’ egunkariak astelehenen honetan iragarri du akordio bat lortu dutela ‘Wordle’ eskuratzeko, New Yorkeko egunkariaren editoreak jakinarazi duenez.

Hedabidearen esanetan, gurutzegramei eta entretenitzeko beste modu batzuei gero eta garrantzi handiagoa eman diete, eta 2025erako 10 milioi harpidedunetara iristeko helburuarekin erosi du ‘Wordle’. Azaroan, 8,4 milioi harpidedun inguru dituela adierazi zuen emaitzen txostenean.

Egunkariak jakinarazi zuenez, jokoaren prezioa 7 zifratara iritsi da. Beraz, ulertzen da gutxienez milioi bat dolar ordaindu duela, baina prezioa nabarmen handiagoa izan liteke.

‘Wordle’, ‘The New York Times’ egunkariaren arabera hasieran doakoa izaten jarraituko duena, Brooklyng-en bizi den Josh Wardle sortzaileari erosi diote. Software ingeniari honek joan den urrian webgune batean jaurti zuen hitz-jokoa, bere familiaren artean zuen ospea arrakasta ondoren.

Jokoak, zeinetan gehienez ere sei saiakeratan bost hizkiko hitz bat asmatu behar den eta hainbat hizkuntzatan (euskaraz ere bai) funtzionatzen duen, erabateko arrakasta izan du hiru hilabete baino gutxiagoan. Izan ere, ‘The New York Times’ egunkariaren arabera, azaroaren 1ean ‘Wordle’-k 90 erabiltzaile zituen, urtarrilaren 2rako 300.000 baino gehiago, eta gaur egun milioika dira egunero jokatzen dutenak.

Denbora-pasaren arrakasta hain handia izan denez, Twitterreko bot batek sortutako kontu bat bertan behera utzi behar izan zuen hilabete honetan, hurrengo eguneko puzzleari irtenbideak eskaintzen zizkiona (‘Wordle’-k egunean hitz bakarra planteatzen du).

«Gure joko-zorroaren barruan, ‘Wordle’ etorkizun zirraragarria izango du ingeniari talentudun, diseinatzaile, editoreen laguntzarekin, erabiltzailearen esperientzia hobetuz», adierazi zuen Jonathan Knight ‘The New York Times Games’ egunkariko kudeatzaile nagusiak.

Egunkariko jokoek eta errezetek milioi bat harpidedun baino gehiago dituzte. Duela aste batzuk, ‘The New York Times’-ek bere edukien eskaintza zabaldu zuen ‘The Athletic’ kirolen webgunea erosita, bere audientzia digitalari atariko 1,2 milioi harpidedunak gehituz.

Euskal Herriari begira, hitz-joko honi keinu eginez itzuli da ‘Egunean Behin’, bederatzigarren denboraldian aurrekoek izan duten arrakasta berresteko asmoarekin. Eta ‘Wordle’ jokora zuzenean iristeko esteka ere jarri du CodeSyntaxek sortutako jokoak.