INFO

EH Bilduk 85 neurri ezarri nahi ditu segregazioari aurre egiteko

Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaidari begira, EH Bilduk segregazioari aurre egiteko neurri zehatzak jasotzen ditu azken hilabeteetan lantzen aritu den proposamen berrituan.

Segregazioaren kontrako aldarria Gasteizen 2018an Euskal Eskola Publikoaren alde egindako mobilizazioan. (Juanan RUIZ | FOKU)

EH Bilduk hezkuntza sistema publiko burujabea erdiesteko proposamena onartu zuen irailean, eta, ordutik, hainbat bilera eta saio antolatu ditu egitasmoa hobetzeko xedez. Koalizioak lau hilabete luze eman ditu zeregin horretan, eta egindako lanaren emaitza da gaur arratsaldean –18.30ean, elkarrekin.ehbildu.eus webgunean eta koalizioaren youtubeko kanalan (youtu.be/GeG24lkVxZA)– ezagutaraziko duen proposamen berritua.

Txosten berriak ekarpen asko jaso ditu, eta, ondorioz, baditu hainbat berrikuntza, horietako batzuk EAEra begirako trantsizio proposamenari lotutakoak. Hain zuzen, Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaida irekita dagoenean, EH Bilduk bi eranskin gehitu dizkio udazkenean aurkeztutako dokumentuari: segregazioari aurre egiteko neurriak jasotzen ditu lehenak, eta murgiltze eta mantentze sisteman oinarritzen den hizkuntza ikasteredu orokortuari buruzkoa da bigarrena.

«Hamaika erpin» dituen gaia

Hezkuntza Lege berriaren gaineko eztabaida ireki zenetik –aurretik ere bai– egungo sisteman ematen den, eta sistemak berak posible egiten duen, segregazioa hizpide izan da behin baino gehiagotan, auzi hori konpondu beharreko arazo nagusien artean kokatzen baitute eragileek.

Ildo horretan, EH Bilduk dio «ukaezina» dela «hezkuntza sistema segregatzailea» dela, eta ohartarazten du gai horrek «zuzenean eragiten» diola «Euskal Herri anitza irudikatzeko moduari, jendarte kohesioari, herritarron aukera berdintasunari eta hezkuntza ereduari». Gainera, arazo «larri» hori egiturazko bilakatzeko arriskua aipatzen du. Koalizioaren aburuz, dena den, arazo larria eta gatazkatsua bada ere, segregaziorena «hamaika erpin» dituen auzia da.

Izan ere, dokumentuan azpimarratzen denez, «egungo hezkuntza sistemak ez du segregazio bakarra ahalbidetzen», hots, «gure sistemak ikasleen aukera berdintasuna bermatzen ez duen heinean, eta ondorioz, kohesio sozialaren bidean traba bihurtu den heinean, ezin dugu segregazio bakarraz hitz egin».

Segregazioaz hitz egiten dugunean, besteak beste «sexu segregazioaz; baldintza ekonomikoaren araberako segregazioaz; desgaitasunen bat duten ikasleekiko segregazioaz; jatorriaren araberako segregazioaz; segregazio erlijiosoaz; hizkuntza segregazioaz eta LGBT+ ikasleekiko segregazioaz» hitz egin behar dugula nabarmentzen du EH Bilduk, eta hezkuntza segregazioa, oro har, bereizketa bermatzen duen, ikasleen eskubideak ukatzen dituen eta aukera berdintasuna eta inklusioa bermatzen ez dituen hezkuntza sistema/eredua litzatekeela uste du.

Kulturarteko hezkuntza

Behin hori esanda, eta «herri anitza eraikitzeko gure hizkuntza eta kultura inklusiorako oinarrizko tresna gisa» baliatu behar ditugula iritzita, koalizioak proposamen sorta egiten du gaiari irtenbidea emateko. Eta abiapuntu gisa, gogora ekartzen du segregazioa «kanpotik etorritako zein maila sozioekonomiko baxuko ikasleekin gailentzen» ari dela.

Ildo horretan, EH Bilduk hainbat neurri zuzentzaile proposatzen ditu, Hezkuntza Sistema Publiko Bateratuko ikastetxeei aplikatuko litzaizkiekeen neurriak hartu beharko dituzten konpromiso zehatzen testuinguruan. Eta azaltzen du Hezkuntza Administrazioak esku hartze zuzena izango lukeela neurriak betearazteko orduan. Hala, kulturarteko hezkuntzarekin lotuta, ikastetxeetan elkarbizitza lehentasuna izatea planteatzen du –desberdinen arteko errespetua, kolaborazioa eta laguntasuna bultzatzea–, baita irakasleen prestakuntza egokia bermatzea eta ikastetxe guztietan «harrera protokolo bat» ezartzea ere, bakoitzaren testuingurura egokitua eta epe luzekoa.

Bestetik, koalizioak «hezkidetzak, pedagogia feministak eta LGBT+ perspektibak» lehentasuna izatea nahi du, eta, horrekin batera, berdintasuna, aniztasuna eta askatasuna «ikastetxe osoarentzako printzipioak» izatea eta curriculumean «esplizituki» tratatzea, «zeharlerrokotasunez tratatzea kendu barik». Gainera, udalek «familien eta haurren desberdinkeria ekonomikoaren ondorioz gertatzen diren esklusioak saihesteko» proaktiboak izatea eskatzen du.

Eskola segregazioa

Eskola segregazioari aurre egiteko neurriek zerrenda luze horretan tarte handia hartzen dute. Izan ere, testuan esaten denez, «gero eta nabarmenagoa» da «ikasleen kontzentrazioa ikastetxe desberdinetan familien klase sozialaren eta jatorriaren arabera», eta desoreka hori «eskola publiko eta kontzertatuaren artean gertatzen da» nagusiki. Horri erantzuteko, EH Bilduk «derrigorrezko hezkuntzaren doakotasuna bermatzea, ikastetxe guztietan ikasle guztientzat» proposatzen du, eta gaineratzen du Hezkuntza Ikuskaritza arduratuko dela «doakotasuna bermatzeaz». Ikasleen artean egin daitezkeen hautaketak saihestea; matrikula bizien kudeaketan kopuruak finkatzea; ikasturtean zehar gelako sartzen diren ikasleen kopuru maximoa ezartzea; matrikulazio garaian heterogeneotasun sozialaren aurkako baremazio irizpiderik ez onartzea; eta segregazio handiagoa duten ikastetxeetan ratioa murriztea dira proposamenean jasotako beste zenbait neurri.

Eskolaratze bulegoez, sarreraren kudeaketaz eta politika inklusiboez, besteak beste, neurri mordoa zerrendatzen dira, eta guztiak bere egingo dituen azken gauza bat proposatzen du EH Bilduk: Segregazioaren Kontrako Herri Akordioa erdiestea.

«Hizkuntza ikasteredu orokor eta malgua»

Hizkuntza ereduaren gaineko eranskinak EAEko Euskararen legeak aurten berrogei urte beteko dituela gogora ekartzen du, eta nabarmentzen du haren «hegalpean» hasi zirela «egosten» A, B eta D hizkuntza ereduak. Baina, EH Bilduren aburuz, «ez dira alferrik igaro 40 urte», eta «izandako eskarmentutik eta erdietsitako emaitzetatik eskuratutako ikaspenak» baliatu behar dira ikasleei legez zor zaiena bermatzeko: «eskolaldiaren amaieran bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz eta gaztelaniaz, gutxienez, B2 hizkuntza gaitasun maila eta atzerriko hizkuntzan B1 eskuratzea». Ildo horretan, azpimarratzen du hizkuntza eredu horiek «ez direla baliagarri gertatzen ari 10/1982 Legeak, Euskararen Legeak, 17. artikuluan ezarritako helburua erdiesteko».

Koalizioaren iritziz, eredu horiek «goia jo» dute, eta estrategia berriak diseinatu behar dira «Hizkuntza Eredu Orokortu batera jotzeko». Izan ere, azpimarratzen duenez, Hezkuntza Sistemak betebehar argi bat du: ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzen dutenean bi hizkuntza ofizialak menderatzea, bestela, «bereizkeria» gertatzen delako ikasleen artean.

Hori gerta ez dadin, eta hezkuntza esparruko eragile nagusiek beren egin duten “Euskaraz hezi, berdintasunean hazi” manifestuaren bidetik, EH Bilduk azaltzen du «murgiltze eta mantentze sistemetan oinarritutako euskara ardatz izango duen hizkuntza ikasteredu orokortu berri baten aldeko apustua» egiten duela.

Horiek horrela, bidean egon daitezkeen aukerak edo indarguneak, eta eragozpenak edo zailtasunak zerrendatu ostean, Hizkuntza Ikasteredu Orokortu horrek izango lituzkeen ezaugarriak azaltzen ditu koalizioak. Ildo horretan, «tokian tokiko berezitasunak eta egoera soziolinguistikoa kontuan izanda, murgiltze eta mantentze sistemetan oinarritutako ikasteredu orokortua malgua» izango litzatekeela aipatzen du, eta prozesu dinamikoa izango litzatekeela, ebaluazio jarrai batekin.

Bestetik, Haur Hezkuntzako 0-6 etapan, eta batik bat, lehen zikloan (0-3), «arreta eta neurri bereziak» jartzea planteatzen da, horietan «murgiltze sistema aplikatuko delarik». Haur Hezkuntzaren amaieran (HH5) ikasleen hizkuntzen aurreebaluazio glotodidaktikoa egitea ere proposatzen da.

EH Bilduren ustez, ikastetxe bakoitzak hizkuntza proiektuaren barruan Hizkuntza Normalizazio Plana izan beharko luke, eta eskolako langile guztiak euskaldunak izan beharko lukete, eta haien prestakuntza, batez ere irakasleena, diseinatu beharko litzateke. Gainera, eskola bakoitzak «aliantzak» egin beharko lituzke bere inguruarekin, «hizkuntza proiektua indartze aldera». Azkenik, koalizioak uste du Euskal Curriculumak izan beharko lukeela «Hezkuntza Sistemaren oinarria eta markoa», eta, alde horretatik, aipatzen du proposatzen duen hizkuntza ikasteredu orokortuak «erreferentziatzat» izan beharko duela Euskal Curriculuma.
 
«Hiru estadio» Euskal Hezkuntza Publiko Burujabearen bidean

Proposamen berrituan azaltzen duenez, EH Bilduk «hiru estadio» irudikatzen ditu Euskal Hezkuntza Publiko Burujabearen bidean. Lehen estadioan, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortuko litzateke. «Honek balio publikoa zerk ematen duen definituko luke eta, zerbitzuaren parte liratekeen ikastetxeek zein konpromiso hartu beharko lituzketen finantzaketa publikoaren ordainetan», zehazten du, gaineratuz «mekanismo argiak» definituko liratekeela konpromiso horiek betearazteko.

Bigarren estadioan, «Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa behin egonkortuta, eta sistemaren eraldaketan beharrezko aurrerapenak eginda», Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa juridikoki egituratuko litzateke. Helburua, «zerbitzua dena sistema gisa eratzeko txertaketa legala eraikitzea» izango litzateke. Urrats horrek, «aldaera ezberdinak» izan ditzakeela aipatzen du koalizioak, eta azpimarratzen du «azterketa juridiko ezberdinak egiten ari direla aukera guztiak mahai gainean jartze aldera». «Termino orokorretan, titulartasun partekatua eraikitzea litzateke ideia» bigarren estadio horretarako, eta pausu horrek «Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Bateratura eramango gintuzke».

Hirugarren estadioan, «prozesua bururaino eramanda», Euskal Hezkuntza Sistema Publiko Burujaberako bidea hasiko litzateke, «aurreko atalean aipatu geltokira iristeko helburuz: titulartasun publiko bakarra, udalen eskuetan».

EH Bildurentzat, garrantzitsua da «prozesuaren ibilbide estrategikoa irudikatzea». «Iparra argi izaten laguntzen digu, eta kontzeptuak argitzen. Baina, aldi berean, inportantea da bereiztea zeintzuk diren gaurko eztabaidak eta zeintzuk etorkizunekoak», azpimarratzen du.