INFO

Hemeretzi migratzaile hotzez hil dira Turkian, Greziako mugatik gertu

Turkiako agintariek adierazi dutenez, hotzez hildako hamaika migratzaileren gorpuak topatu dituzte Pasakoy inguruan, Turkiaren eta Greziaren arteko mugan. Hasiera batean hamabi zirela zabaldu bazuten ere, ostegun honetan hildakoak hemeretzi direla zehaztu dute.

Jisr ash Shughurreko errefuxiatuen gunea, elurtuta. (Aaref WATAD | AFP)

Turkiako agintariek berri eman dutenez, hemeretzi dira Pasakoy herritik gertu, Turkia eta Greziaren arteko mugan, hotzez hilda aurkitu dituzten migratzaileak.

Hasiera batean Barne ministroa den Süleyman Soyluk Twitter bidez iragarri zuen hotzez hildako hamaika migratzaileren gorpuak aurkitu zituztela. Edirneko (Turkia) agintariek geroago esan zutenez, hamabigarren lagun bat ere aurkitu zuten, baina ospitalean zendu zen ordu gutxira.

Ostegun honetan, Edirneko agintariek baieztatu dute erreskate taldeek hemeretzi gorpu topatu dituztela.

Gobernu turkiarrak Greziari leporatu dio heriotzen erantzukizuna. «Greziako aduana-zerbitzuek kanporatu zituzten 22 migratzaileetatik hamabi, arropa eta zapatak kendu zizkietenak, hotzagatik hil ziren», txiokatu du Soyluk, gorpuen irudi lausoekin batera. Irudietan atzeman daitekeenez, hildako batzuek soina biluzik zeramaten, beste batzuek ez zuten zapatarik, eta bide lokaztu batean zeuden botata.

Meteorologia zerbitzuek zehaztutakoaren arabera, astearte gauean 0ºC inguruko tenperaturak erregistratu ziren migranteak hilik aurkitu zituzten tokian.

«Europar Batasuna inpotentea, ahula eta ankerra da» drama hauen aurrean, kritikatu du Barne ministro turkiarrak. Izan ere, Ankarak etengabe leporatzen die Greziako agintariei herrialde heleniarrera igarotzen saiatzen diren migratzaileak Turkiara legez kanpo kanporatzen dituztela. Atenasek, bere aldetik, kanporatzeen inguruko akusazio oro gezurtatu du.

Era berean, Greziako agintariek Ankara kritikatu dute Greziara igarotzen saiatzen diren pertsonen aurrean ezikusiarena egiteagatik, era horretan, 2016ko martxoko akordioa hautsiz. Akordio horretan hitzartu zuten Europar Batasunak 6.000 milioi euro ordainduko zizkiola Turkiari Europaranzko migrazio fluxua mugatzeko benetako ahalegina egitearen truke. Greziak egin duen bezala, Turkiak akusazio guztiak gezurtatu ditu.

3,7 milioi errefuxiatu

Hainbat GKEk eta hedabidek argitaratu dituzten informazioen arabera, Grezia migranteak legez kanpo Turkiara kanporatzen ari da. Horregatik, Europar Batasunak akusazio hauen inguruko ikerketa bat abian jartzeko agindu zion Atenasi urri hasieran. Ildo horretatik, Anadolu agentzia ofizialaren arabera, Turkiako kostazainek ustez Greziak kanporatutako 15.000 laguni eman zieten laguntza iaz.

Gainera, 2021eko abenduan, gutxienez 30 lagun itota zendu ziren Turkiako kostaldean Egeo itsasoa zeharkatu nahian zebiltzan migranteen ontzi bat hondoratu ostean.

Gaur gaurkoz, 3,7 milioi errefuxiatu bizi dira Turkian, gehienak jatorri siriarrekoak, ACNUR Errefuxiatuentzako NBEko Komisariatu Nagusiaren zenbaketa ofizial baten arabera.