Hogei euskal portutan ospatuko dira Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurreneko egitasmoak
Itsas eta kultur jaialdi ibiltari bat izango da Elkano Fundazioak lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzeko antolatu duen programako egitasmo garrantzitsuenetako bat. Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute egitaraua asteazken honetan.
Juan Sebastian Elkano getariarrak 1522an osatu zuen lehen mundu biraren 500. urteurrenaren ospakizunen baitan, Elkano Fundazioak itsas eta kultur jaialdi ibiltari bat antolatu duela iragarri du asteazken honetan Donostiako San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Hori horrela, itsasontzi batek, zeina antolatutako kultur ekitaldien egoitza izango den, Euskal Herriko hogei portutan geldialdiak egingo ditu maiatzetik aurrera ospatuko den jaialdian.
Elkano Fundazioak aurreratu du jaialdiaren programak sormenezko jarduerak, jarduera akademikoak eta dibulgazio-jarduerak uztartuko dituela.
Hala, arestian aipatutako itsasontzi ibiltariaz gain, hainbat argitalpen kaleratuko ditu: Elkanoren Getariari buruzko bidaia-koaderno bat, Arturo Redondo ilustratzailearen eskutik; ‘5W’ aldizkariarekin lankidetzan idatzitako artikulu bat, zeinak egungo munduaren eta duela 500 urtekoaren arteko antzekotasunak plazaratuko dituen; Ander Izagirrek idatzitako liburua, ‘Euskal Herri barneko mundu bira’; eta, azkenik, abiapuntutzat lehen mundu bira duen liburu bat. Elkano Fundazioak ez du azken liburu honen egilea nor izango den iragarri, baina, «lehen lerroko euskal idazle» baten sinadurapekoa izango dela aurreratu du.
Musikaren esparruan, Elkano Fundazioak iragarri du maiatzean mundu biraren inguruko abesti bat kaleratuko dutela. Gainera, Euskadiko Orkestrak Elkano inspirazio iturritzat duten konposatutako hiru obra argitaratuko ditu.
Bestalde, EHUrekin batera antolatutako bi jarduera akademiko ere egongo dira. Alde batetik, ekainaren 13an eta 14an, ‘Elkanoren pentsamendua’ ikastaroa egongo da, Joxe Azurmendi katedrarekin lankidetzan. Bestetik, uztailaren 7an eta 8an, ‘Elkanoren ospakizuna: ondorioak eta galdera berriak’ saioa egingo dute, zeinak lau mahai-inguruz osatutako formatua izango duen. Bi saioetako parte-hartzea doakoa izango da eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan egingo dituzte, Donostian.
Bukatzeko, Elkano Fundazioak iragarri du urriaren 19tik 21era bost saiotan banatutako ‘Elkano 22. Historia inguratuz’ nazioarteko kongresua egingo dutela.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko zenbait herrik dagoeneko baieztatu dute egitasmoan parte hartuko dutela, baina datozen asteetan plazaratuko ditu Elkano Fundazioak egitasmoari buruzko xehetasunak eta itsasontzia jasoko duten euskal portuen zerrenda.
Lehorreratze nagusia
Lehorreratze nagusia irailaren 6an izango da, Getarian. Izan ere, egun horretan beteko dira 500 urte Juan Sebastian Elkano getariarra, tripulazioko 21 marinelekin batera, munduari lehen itzulia egin ostean ‘Victoria’ itsasontziarekin porturatu zenetik. Ekimena ‘Bira bat, ehun mundu’ lelopean ospatuko da. Izan ere, 100 urte beteko dira aurten Getarian Elkanoren lehorreratzea antzezten hasi zirenetik eta, ordutik hona, lau urtean behin ospatu dute getariarrek efemeridea.
Bere aldetik, Elkano Fundazioko zuzendaria den Ion Irurzunek egindako lanaren balantze bat plazaratu du: «Pozik gaude egindako lanarekin, batez ere gai izan garelako beti hizpide ditugun hiru ardatzak erdigunean mantentzeko: ezagutza sortzea, zabaltzea eta lankidetza-sareak sortzea. Bereziki pozgarria da azken alderdi horri dagokionez lortutakoa; izan ere, hiru laguneko talde batekin nekez egingo genituen hainbeste gauza, baldin eta abentura honetan lagundu nahi izan diguten hemengo nahiz nazioarteko eragile guztiengatik izan ez balitz».