INFO

Baxoa eta brebeta azterketak ezin izanen dira euskaraz egin, hortaz borrokak jarraitzen du

Ostiral honetan Baionan 1.500 pertsona bildu dira baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko. Orduan jakinarazi dute Seaskatik Errektoretzak ohartarazi diela ezin izanen direla euskaraz egin, horren aurrean borrokatzen jarraituko dutela izan da mezu nagusia.

1.500 pertsona bildu dira Baionan Seaskaren deialdiari erantzunez. (BOB EDME)

Baxoa eta brebeta azterketak euskaraz egin ahal izateko eskaerari ezezkoa erantzun dio Bordeleko Errektoregotzak ostiral honetan, baina Seaskatik ez dutela amore emango adierazi dute. Horren berri eman du Ikastolen Federazioak eskubide hori aldarrikatzeko Baionan 1.500 pertsona bildu dituen giza-katean.

Egoera berria jakitera eman du bertan Peio Jorajuria Seaskako presidenteak, eta bere hitzartzean mezu argia plazaratu du: «Borroka hau hasi besterik ez da egin».  Aurten, Ipar Euskal Herriko ikastoletako 100 ikaslek egin behar dute baxoa eta 250ek, brebeta.

Baionako Suprefektura eta geltokiaren artean luzatu da giza katea, eta ondoren bien artean dagoen Reduit plazan izan dira hitzartzeak. Bernat Etxepare lizeoko eta Seaskako lau kolegioetako ikasleak, Azterketak Euskaraz kolektiboko kide bat eta federazioko presidentea mintzatu dira bertan.

Bi gune horiek hautatuak izan dira, Parisko Gobernuaren ordezkaritza delako bata, eta Bordelerako trena abiatzen delako bertatik. Horren bitartez, bi erakundeei mezua igorri nahi izan diete, borrokan jarraituko dutela adierazteko.

Horren zentzua horrela azaldu du federazioko presidenteak: «Parisetik erran ziguten Bordelera joan behar genuela, eta orain Bordelek pilota Parisera bota du, beraz Parisera joanen gara berriz ere, hitzorduak lortuko ditugu, eta hori konpondu beharko dugu».

Egoera berri hau joan den urteko abenduan Hezkuntza Ministerioak atera zuen zirkularraren interpretazio ezberdinen ondorio dela adierazi du Anne Bisagni-Faure errektoreak. Kontseilu Konstituzionalak murgiltze eredua antokonstituzionaltzat jo eta gero, zirkular honen bitartez egungo egoera arautu eta giroa lasaitu nahi izan zen, baina bertan idatzitakoa ez dela errespetatzen ari salatu dute Seaskatik.

Erabaki honek ikastoletako ikasleetaz gain, hezkuntza publiko eta pribatuan euskaraz ikasten dutenei ere eragiten diela nabarmendu nahi izan dute.

«Errektorearen erabakia ez doa batere zentzu berean azken hilabeteetan izan dugun bilkurekin Lehen Ministroa ikusi genuelarik, erran zuen hori konpondu behar zela, zirkularran aldaketak lortu genituen arazo hori konpontzeko, baina azken hilabete horietan ireki genituen ate guztiak errektoreak itxi nahi ditu» salatu du Jorajuriak.

Baxoan orain arte Historia-Geografia eta Matematikako azterketak euskaraz egiteko aukera zegoen, baina erabaki berri honen bitartez hori ere ezin izanen da egin. Erabaki honek ikastoletako ikasleetaz gain, hezkuntza publiko eta pribatuan euskaraz ikasten dutenei ere eragiten diela nabarmendu nahi izan dute.

Irakasle zigortuak

Bezperan, ostegunean jakin zen joan den urtean brebeta azterketak frantsesez zuzentzeari uko egin zioten Seaskako sei irakasleak zigortuko zituela Errektoregotzak.

Celine Tourreuil, Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioko zuzendariak zigorraren berri nola izan zuten azaldu du: «Errezibitu genuen gutuna, erranez gure irakasle bati bere soldataren parte bat kenduko ziotela uko egiteagatik zuzenketetan. Pentsatzen genuen Errektoretzatik horrelakoak aterako zituztela, eta manera batez, gure mugimendua azkartuko du».

Seaskako beste hiru kolegioetan ere jaso zituzten gutunak, zentro bakoitzeko irakasleei ezarriko zitzaien zigorraren berri emateko.

Ordezkari politikoen sostengua izanen dutela aurrikusi daitekeela nabarmendu du kolegioko zuzendariak: «Joan den urteko mobilizazioetan, Donapaleun egin genuen manifestazioan hautetsiek bat egin zuten gure aldarrikapenarekin, eta erran zuten horrelakorik gertatuko balitz gure gibelean izanen zirela, eta segituko zutela hurbiletik».

Ekintzaren bukaeran izan ziren hitzartzeetan ikasleek, haien irakasle horiei sostengua erakutsi diete. Azterketak euskaraz kolektiboaren ordezkariak adierazi du: «Errektoregotzak jakin dezala zigorrik ez dugula onartuko, desobedientziaren bidea hartzen duten irakasleak sostengatuko ditugula, ikasleak bezala».

Ikasle okzitandarrak

Bordeleko errektoretzaren erabakia, Ipar Euskal Herriari bezala, Okzitaniari ere aplikatzen zaio. Orain arte brebeta okzitanieraz egiteko eskubidea ez zuten Calandretako ikasleek, lehen aldiz Matematikako ikasgaia egin ahal izanen dute beraien hizkuntzan.

«Pozten gara gure borrokari esker zazpi ikasle okzitanok lehen aldiz bere hizkuntzan egin ahal izanen dutelako», adierazi du Jorajuriak.