INFO

Frantziar Estatuak migratzaileen aurrean duen «bunkerizazioa» salatu du txosten batek

Ostiralean argitaratutako txosten batek ohartarazi du frantziar Estatuak «bunkerizatu» egin duela bere iparraldeko itsasertza Mantxako ubideko legez kanpoko zeharbideak saihesteko.

Migratzaile talde bat Calaisen, Mantxako ubidea zeharkatzeko saiakera huts baten ondoren. (François LO PRESTI/AFP)

Frantziar Estatuak «bunkerizatu» egin du bere iparraldeko itsasertza, Mantxako ubideko legez kanpoko zeharbideak saihesteko, ostiral honetan argitaratutako txosten batek agertzen duenez. Zeharbide horiek herrialdeak Erresuma Batuarekin duen harremana gaiztotu zuten.

Hiru hamarkadatan, «Estatuak disuasio doktrina perfekzionatu du» itsasertz «bunkerizatua» lortu arte, azaldu du Pierre Bonnevallek, Migratzaileei Laguntzeko Plataformarako (PSM, frantsesezko siglengatik) egindako txostenaren egileak.

«Atzerritarrak ezin dira ez sartu, ez atera» frantziar Estatuan eta Europako zirkulazio askeko eremuan, esan du Bonnevallek.

«Ziazko alanbrea, milioika euro ikuskatzeko, kanpalekuak husteko...» Neurri-multzo horrekin batera, «eguneroko jazarpena», «Poliziaren indarkeria» eta migratzaileen «oinarrizko eskubideak eskuratzea eragozteko» ekintzak ere ohikoak direla ohartarazi du.

«Estatuaren helburua da erbesteratuak estutzea herrialdea uztera behartzeko», erantsi du txostenaren egileak.

Duela 30 urtetik hona, Estatu frantses eta britaniarraren arteko mugan dagoen «disuasio politika» horren helburua, bere ustez, «ordenari eusteko gaitasunaren inguruan iritzi publikoa eta biztanleria lasaitzea» da.

Baina praktikan, ez neurri horiek, ez segurtasun indarrek, ez Erresuma Batuarekin egindako lankidetza hitzarmenek ez dute ekiditen migratzaileek beren bizitza arriskuan jartzea Ingalaterrako kostaldera iristeko.

52.000 bat migratzaile Mantxako ubidea gurutzatzen saiatu ziren iaz, Estatu frantseseko kostetatik Erresuma Baturako norabidean.