INFO

Hipopotamoak Kolonbian: Pablo Escobarren kapritxo izatetik «espezie inbaditzaile» bihurtzera

Duela 40 urte baino gehiago Pablo Escobar narkotrafikatzaile ezagunak Kolonbian sartu zituen hipopotamoak arazo bihurtu dira eta agintariek iragarri dute «espezie inbaditzailetzat» joko dituztela.

Bi hipopotamo, Kolonbian. (KOLONBIAKO INGURUMEN MINISTERIOA)

Hipopotamoak «espezie inbaditzaile» izendatzeko erabakia Alexander von Humboldt Institutuak eta Kolonbiako Unibertsitate Nazionaleko Natur Zientzien Institutuak egindako azterlanaren emaitzetan oinarritzen da. Egin dituzten ikerketen arabera, animalia horiek mehatxua dira bertako espezieentzat, hala nola manatiarentzat eta herrialdeko ekosistema estrategikoentzat.

«Informazio zientifiko zorrotzarekin ari gara lanean Kolonbian espezie hori kontrolatzeko eta maneiatzeko neurriei buruzko erabakiak hartzeko ibilbide-orrian. Horregatik, Ingurumen Ministerioak hipopotamoa espezie inbaditzailetzat jotzeko gomendioa egingo du», adierazi du Kolonbiako Ingurumen eta Garapen Iraunkorreko ministro Carlos Eduardo Correak, RTVC kateak aipatuta.

Correak azaldu duenez, Espezie Sartuen edota Transplantatu Inbaditzaileen Batzorde Nazionalaren gomendio horrek ahalbidetuko du espezie horren presentzia kudeatzeko ekintza zehatz eta egokiak garatzea,  aste honetan aditu eta akademikoekin eginiko bileran adostu dutenez.

Pablo Escobar narkotrafikatzaileak hiru hipopotamo ar eta eme bat inportatu zituen 1981ean, eta ia hiru hamarkada geroago, 70 ale inguru dira.

1993an narkotrafikatzailearen heriotzaren ondotik, animaliak libre geratu ziren Antioquian, eta, nahiz eta ingurugiroko langileek ahalegin handiak egin, egoerak okerrera egiten jarraitzen du denborak aurrera egin ahala.

Escobarren hipopotamoek mehatxatutako espezieen artean manatia dago, desagertzeko arriskuan dagoena, baita inguruko arrain batzuk ere, hipopotamoen gorozkiek eragiten duten oxigeno-mailaren murrizketaren ondorioz bizirik irauten ez dutenak.

Pertsonei eginiko erasoak ere izan dira. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, hipopotamoen populazioak hazten jarraituko du datozen urteetan, ziurrenik modu esponentzialean.