INFO

Rojok Olinpiar Jokoetako bere marka hobetu du eta emaitzarekin «oso pozik» agertu da

Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak 21. postuan bukatu du Olinpiar Jokoetako 30 kilometroko eskiatlon lasterketa. Pyeongchang-en jokatu ziren azken Jokoetako emaitza hobetota, «oso pozik» agertu da tolosarra. Hilaren 19an 50 kilometroetako proban ere lehiatuko da. 

Imanol Rojo, irribarrez, helmugara iristean. (@RFEDInv)

«Aurreko Olinpiar Jokoetako emaitza hobetu dut eta egia esan, oso pozik nago. Ezin dut gehiago eskatu», adierazi du Imanol Rojok lasterketa bukatu bezain pronto. 30 kilometroetako modalitatean lehiatu da igande honetan eta 21. postuan bukatu du eskiatlonekin lasterketa, 15 kilometro estilo klasikoan eta 15 kilometro estilo librean. 

Olinpiar Jokoetan inoiz lortu duen emaitzarik onena da –bere hirugarren Jokoak dira–. Hasiera batean sentsazioak onenak izan ez badira ere, azken kilometroetan, batez ere, "skating" egiten «gustora» aritu dela onartu du, eta kasik 20 onenen artean artean bukatu duela gogorarazi du. «Pekingo debuta izateko, oso ondo dago», adierazi du tolosarrak. Izan ere, hurrengo ostiralean 15 kilometroko proban lehiatuko da eta hilaren 19an 50 kilometrokoan, bere espezialitatean, alegia. 

Igande honetako lasterketan, 30 kilometroak ordu bat eta 20 minutuan burutu ditu (1:21:09 denboran bukatu du, zehazki) eta txapelketako baldintzak entrenamenduetakoak baino hobeak izan direla iritzi du Rojok. 

Urrezko domina Alexander Bolshunov errusiarrarentzat izan da. Bera izan da lasterketako azkarrena, 1:16:09.8 denborarekin bukatu du lasterketa. Denis Spitsov errumaniarrarentzat izan da zilarra, errusiarra baino minutu bat eta 11 segundo beranduago helmugaratuta. Iivo Niskanen finlandiarrak osatu du podiuma. 

Adur Etxezarretaren debuta, astelehenean

Haize bortitza dela-eta, eskiko jaitsiera proba bertan behera geratu da. Adur Etxezarretak lehiatzen du proba honetan eta beraz, astelehenean egingo du debuta Olinpiar Joko batzuetan. Euskal Herriko 5.00etan lehiatuko da (12.00etan, Pekinen). 

«Epaile teknikoek eta batzordeak atzeratzearen erabakia hartu dute. Helburua jaitsierako probaren segurtasuna bermatzea da eta bide batez eskiatzaile guztientzat berdintasuna bilatu eguraldiko baldintzetan», adierazi du Eskiko Nazioarteko Federazioak.