Greba deitu dute Lehen Arretan otsailaren 25ean eta Osakidetza osoan hilaren 28an
Satse, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek greba deitu dute Lehen Arretan otsailaren 25erako eta Osakidetzaren sare osoan otsailaren 28rako. Gainera, hilaren 26an manifestazioak egingo dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen.
EAEko Osasun Sailaren «immobilismoaren eta konponbide ezaren aurrean», otsailaren 25ean greba deitu dute Satse, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek Lehen Arretan eta otsailaren 28an Osakidetzako esparru guztietan. Gainera, otsailaren 26an, manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian.
Gogoratu dutenez, «urtarrilaren 23an egindako manifestazio jendetsuen ondoren, argi eta garbi esan dezakegu Osakidetzak eta Osasun Sailak ez dutela pauso bakar bat ere eman, eta ez dutela neurri bakar bat ere proposatu Osakidetzak dituen arazo larriak konpontzeko».
«Zalantzarik gabe, mobilizazio horien jarraipen masiboa langileen eta herritarren nekearen isla da. Hala ere, Osasun Sailak bere bidea jarraitzea erabaki du, eta Osakidetzaren arazo larriei irtenbide bakar bat ere ez planteatzeaz gain, murrizketa gehiago abiarazi ditu, hala nola, Gasteizko Santiago Ospitaleko larrialdiak ixtea. Itxiera hori, gainera, pandemia betean murgilduta gaudenean egiten da», gaineratu dute.
Halaber, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak egindako adierazpenak kritikatu dituzte: «Adierazi zuen pandemiak eragindako behin-behineko egoera baten aurrean gaudela, eta Osasun Sailak kontratatzeko borondatea duen arren, hori egiteko ezintasun materiala duela, ez baitago familiako medikurik, ezta pediatrarik ere. Esan behar da adierazpen horiek, errealitatea ez islatzeaz gain, Jaurlaritzaren erantzukizuna ezkutatu nahi dutela. Covid-19aren krisiak larriagotu egin du lehen ere gertatzen ari zen egiturazko egoera bat».
Aitortu dutenez, zailtasunak daude kategoria batzuetako langileak kontratatzeko, «baina Osasun Sailak azken urteetan hartutako erabaki politikoen ondorio dira: alde batetik, 50 urteko batez besteko adina duen plantillaren belaunaldi erreleboa planifikatzeko erabateko falta egon da, non sisteman sartzen direnak baino profesional gehiago erretiratzen ari diren; eta, bestetik, Osakidetzak bere plantillari ematen dion tratu txar sistematikoaren ondorioz, langileek ihes egiten dute lehen arretarik arreta espezializatura, osasungintza pribatura, edota atzerrira».
«Datu gisa aipatu daiteke atzerrira lan egitera irteteko egokitasun ziurtagirien eskaerek gora egin dutela nabarmen; eta mugikortasun prozesuetan lehen arretan hutsik geratzen diren lanpostuen kopurua handitu egin dela ere», gaineratu dute. Sindikatuen esanetan, «zoritxarrez, egoera hori ez da Lehen Arretan bakarrik gertatzen. Beste hainbeste gertatzen da arreta maila guztietan eta kategoria guztietan. Osakidetza guztiok gara».
Sindikatuen aldarrikapenak
Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatuek Osakidetzari eskatu diote «jarrera erabat aldatzeko, langileen aldarrikapenei erantzuteko. Hala, Osakidetzaren aurrekontua handitu behar dela ohartarazi dute, «EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 Lehen Arretara bideratuz»; eta milaka lanpostu sortu behar direla nabarmendu dute, «lan kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko». Era berean, «24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin» amaitu behar dela aldarrikatu dute, «%8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz».
«Galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta murrizketa guztiak lehengoratzea» eskatu dute, «Garapen Profesionalean aplikatutakoa barne»; eta «kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea» aldarrikatu dute. «Malgutasunerako edota lana eta familia bateragarri egiteko neurri eraginkor eta errealak» eskatu dituzte, baita plantillaren aurretiazko erretiroa erraztuko dituen neurriak.
Amaitzeko, irekita dauden gatazkak konpontzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Haien artean hauek aipatu dituzte: txanda osagarria, %4ko osagarria; osagarri espezifikoa eta Santiago Ospitaleko larrialdien itxiera.