INFO

Gurutzetako Larrialdietako langileek beren eskakizunak betetzeko eskatu diote Osakidetzari

Gurutzetako Larrialdietako langileek bizi duten egoera kaskarrari arduraz aurre egiteko eskatu diete ospitaleko zuzendariari eta Osakidetzako arduradunei. Pertsonala gehitzea, kalitatezko formakuntza bermatzea eta protokolo argiak eskaintzea dira langileen eskakizun nagusiak.

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak duela hiru aste deitutako mobilizazioa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Gurutzetako Larrialdietako Asanbladak langileen egoera hobetzeko neurriak hartzeko eskatu die ospitaleko zuzendariari eta Osakidetzako arduradunei.

Duela hiru aste, haien lehenengo agerraldi publikoa egin zuten. Bertan, egunerokotasunean larrialdietan ikusten dituzten gabeziak salatu eta irtenbideak eskatu zizkieten ospitaleko arduradunei zen Osakidetzako zuzendaritzari.

Egun gutxira, arduradunekin bilera izan bazuten ere, oraindik ez dutela haien eskakizunak betetzen direnik antzematen adierazi dute astearte honetan. Hauek dira langileen hiru eskakizun nagusiak: Pertsonal estrukturala gehitzea, kalitatezko formakuntza bermatzea eta protokolo argiak eskeintzea.

«Egun, lan karga handia jasotzen jarraitzen dugu. Larrialdietako zerbitzua goraino dago eta gu leher eginda gaude. Horregatik, eta premiaz, pertsonal estruktural gehiago kontratatzea eskatzen dugu», nabarmendu dute Gurutzetako Larrialdietako Asanbladako kideek.

Horretarako, gutun bat helarazi berri diete ospitaleko erizain zuzendariari, gerenteari eta Osakidetzako buruari, non langile gehiago eskatzearen justifikazioa atxikitzen duten. Epe labur batean, erantzun ofizial bat jasotzea espero dute.

Egoeraren ebazpen onargarri bat jaso arte, mobilizatzen jarraituko dutela azpimarratu dute. Hori dela eta, hurrengo ostegunean, otsailak 10, beste elkarretaratze bat deitu dute Gurutzetako Ospitaleko Sarrera Nagusian, 14.30etik 15.15era. Bertara, egoerarekin nazkatuta dauden beste zerbitzuetako lankide eta erabiltzaileak beraiekin bat egitera gonbidatu dituzte.