INFO

9 hildako 24 ordutan intzidentzia tasarik altuena duen Pirinio Atlantikoen departamenduan

Bederatzi persona hil dira 24 ordutan Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan. Intzidenzia tasa 100.000 biztanleko 4.000 kasuen langapean pasa bada ere Estatu mailan birusak eragin handiena duen lurraldea da.

Otsailaren 2az geroztik maskara ez da derrigorrezkoa Ipar Euskal Herriko karriketan. Baionan egun horretan harturiko argazkia. (Guillaume FAUVEAU)

Akitania Berriko Osasun Agentziak (ARS) bart eman dituen azkeneko datuen arabera bederatzi pertsona hil dira 24 ordutan Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamenduan covid-19ren ondorioz.

Gauzak horrela, epidemiari buruzko datuak zenbatzen hazi zirenetik, 2020ko martxoaz gerozik, 658 herritar hil dira gaur gaurkoz frantziar Estatu mailan eragin tasarik handiena duen lurraldean.

100.000 biztanleko 3.756,9 kasu atzeman zituzten atzo Pirinio Atlantikoen departamenduan. Izan ere, bigarren astez jarraian pandemiak hartu duen beheranzko joera baieztatu dute oraindik ere kezka sortzen duten datuek.

Aurreko astearekin alderatuta 129 covid-19 kasu gutxiago zenbatu ziren, zehazki, lehenengo olatuan gaixotasunak oso eragin apala izan zuen Pirinio Atlantikoen departamenduan.

Erietxeetan pixkanaka presioa arindu egin da. Otsailaren 8an covid-19aren ondorioz 364 pertsona ziren departamenduko ospitaleetan (20 gutxiago) eta zaintza intentsiboetan ere eri kopurua apalagoa zen. Hala ere, 23 lagun ziren ZIU delakoan, bezperan baino bi gutxiago.

Txertaketari dagokionez, departamenduko biztanlearen %81ak txertoaren dosi bi hartu ditu. %59,3ak indartze dosia hartu du.

Otsailaren 15a, txerto pasea eguneratzeko azkeneko epea

Jakin behar da otsailaren 15ean amaituko dela hirugarren dosia hartzeko eta, ondorioz, txerto pasea eguneratzeko epea.

Azken asteotan agiri hori galtzeko arriskuari buruz hainbat mezu zabaldu dituzte osasun agintariek, betiere txertatze prozesua bultzatu nahian.

Era berean, Gobernuak malgutu egin ditu zerbitzu askotarako beharrezkoa den agiria lortzeko baldintzak.

Bistan da kutsatze kopuru altua izanik bigarren dosia hartuta ere covid-19a harrapatu duten herritar askok ez dutela hirugarren dosia berehala hartzeko beharrik. Positibitate tasa 45,2koa da Euskal Herria barne den departamenduan, atzo ARS delakoak emandako datuen arabera.

Bestalde, txertatzeari uko egin dioten herritarrak motibatzearren lehenengo dosia hartu ondoren hilabeteko epe batean bigarrena hartzeko hitzordua hartu duen edonork ahal izanen du txerto agiria eguneratu hilaren 15ean aparteko eragozpenik gabe.

Murrizketak arinduko dituzte heldu den astean

Otsailaren 2an hainbat osasun neurri bertan behera gelditu ziren, hala nola kanpoko eremuetan maskara eramatea ez da gehiago derrigorrezkoa.

Bestalde, otsailaren 16an beste hainbat neurri kenduko dituzte. Hala, edukierari buruzko murrizketak kendu ostean, aukera izanen da kontzertuetan dantza egiteko edo ostatuean zutik kontsumitzeko. Horrekin batera kirol aretoetan, zinemetan eta eskualde garraioetan jan eta edateko baimena emanen dute.

Bestalde, abenduaz geroztik itxita dauden gaueko dantzalekuek ateak zabalduko dituzte.

Horrekin batera, ikastetxeetan eguberrietako oporren ostean ezarritako protokoloa arinduko du Hezkuntza Ministerioak.

Neurri horiek azken unean ezarri zirelako kritika ugari jaso zituen Ibizan oporretan zelarik protokolo zorrotz horren berri hedabide baten bidez eman zuen Michel Blanquer ministroak.

Hilaren 11n neguko oporrak hartuko dituzte Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasle zen irakasleek.

Paristik datozen azken berrien arabera, litekeena da asteburu honen bueltan hamabost eguneko atsedenaldiaren ostean ikastetxeetan indarrean izanen den protokolo arindua ezagutzera ematea.

«Askatasun konboia», Ipar Euskal Herritik Pariserat

Gobernu bozeramalea Gabriel Attalek kontseiu ministroen ondoko agerraldiak azaldu duenez, pandemiaren bilakaera baikorra jarraituz gero litekeena da martxoaren amaieran edo apirilean (bigarren hilabete horretan frantses Presidentetzarako bozak dira) txerto pasea bertan behera. Iragarpena egun berezian egin du Attalek.

Gaur hainbat lurraldetatik, Ipar Euskal Herritik barne, agiri horren kontra dauden herritarrek osaturiko «askatasun konboia» partitu da.

Parisen helmuga duen ibilgaluen martxak Kanadan eginiko karabana eredu gisara hartu du Emmanuel Macronen gobernuak pandemiari aurre egiteko xedez harturiko neurri murriztaileak salatzeko orduan.