INFO

Eredu bakarraren beharra nabarmendu du Ikastolen Elkarteak oinarrien dokumentuaren harira

EAEn egiten ari den hezkuntza lege berrirako eztabaida azkartu da asteartean oinarriak biltzen dituen dokumentuaren harira. Ikastolen Elkarteak «elementu interesgarriak» ikusten ditu baina euskalduntzea lortzeko «anbizioz jokatzea» eskatzen du, eredu bakarra orokortua planteatuz.

Duela urtebete aurkeztu zuen Ikastolen Elkarteak bere proposamena, Irunen eginiko ekitaldi honetan. (Maialen Andres | Foku)

Eragile garrantzitsu berri batek iritzia eman du ostegun honetan, asteartean ezagutzera eman zen EAEko hezkuntza lege berrirako dokumentuaren aurrean, Gasteizko Legebiltzarrean jakinarazitakoa: Ikastolen Elkartea. Benetako euskalduntzea lortzeko eredu bakarra jartzearen alde ageri da, oinarriak biltzen dituen idazki horretan proposamen interesgarriak eta baztertzeko modukoak zerrendatu ostean.

Honela, Ikastolen Elkartea bat egiten du «Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren gainean egiten den proposamenarekin» eta «Hezkuntza Zerbitzu Publiko horretan egongo diren ikastetxeek %100 finantzatuak egongo direla eta, ondorioz, zerbitzu publikoan dauden ikastetxeetan doakotasun erreala bermatuko dela dioen azalpenarekin». «Hala ere, faltan bota dugu ikastetxeek bete behar dituzten baldintzak ez agertzea, eta harrigarria egin zaigu baldintza bakar bat agertzea: ‘Segregazioa eta gizarte-bazterketa gainditzeko ahaleginean aktiboki jarduten duten neurrian’», zehaztu du.

«Ikastolok, orain urtebete aurkeztutako endekalogoan, azaldu genituen zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzkeen ikastetxe batek Hezkuntza Zerbitzu Publikoan egoteko: euskal curriculumean oinarritutakoa; euskara eta euskal kultura ardatz dituena; hezkidetza, laikotasuna eta inklusibitatean oinarritua; irabazi asmorik gabekoa, kudeaketa autonomo eta parte-hartze demokratikoarekin…», aipatu du horren harira.

 

«Murgiltze eredua ezarriko den ala ez argitu beharra dagoela uste dugu: urteetan aldarrikatzen ari gara», esan dute ikastolek

Hizkuntzaren kontuan zentratuz, «dokumentuak euskara ardatz duen sistema eleaniztunaren alde egiten du. Ados, aipamen egokia iruditzen zaigu; baina dokumentuan hau ere jasota dago: euskal hezkuntza dagoeneko euskara ardatz duen sistema eleaniztuna dela. Beraz, ez da argi geratzen proposatzen den sistemak zer-nolako aldea duen egun indarrean dagoen sistemarekiko, bereziki, egun indarrean dagoen ikastereduen sistema baztertzailea gaindituko duen ala ez. Hori, guretzat, ezinbesteko neurria da, askotan adierazi dugun moduan».

«Murgiltze eredua ezarriko den ala ez ere argitu beharra dagoela uste dugu; urteetan aldarrikatzen ari gara hau ere. Beraz, akordioarekin lege artikulatua jorratu ahal izateko, beharrezkotzat deritzogu hezkuntza-sistemak eredu orokortu eta bakarra izango duela berariaz jasotzea. Ez du zentzurik etorkizuneko sistemak egun indarrean dagoenaren berdina izateak. Hezkuntza-sistema ziklo berri batean sartuko bada, nahitaezkoa da hizkuntzaren esparruan ere anbizioz jokatzea, jauzia egitea», nabarmendu dute ikastolek.

Gabeziekin jarraituz, «faltan botatzen dugu Euskal Curriculumaren inguruko aipamena ere», aipatzen du Ikastolen Elkarteak. «Ez dago Hezkuntza Legerik Curriculumaren inguruko aipamena egin gabe, eta lantzen ari garen ponentzian behintzat, gure harridurarako, ez da ezertarako ageri», esan du. «Euskal Herriaren aipamena ere falta zaio», erantsi du.

Ekarpenak eta hausnarketa: beste 30 urte ez

Hurrengo egunetan amaituko dituzte ikastolek «gai hauen inguruan eta aipaturik gabe utzitako beste batzuen inguruan egiten ari garen ekarpenak, eta Eusko Legebiltzarrera igorriko ditugu. Gure nahia da, guztion artean, Hezkuntza Akordioa eta Legea aberastea», ziurtatu du.

«Lehenengo eta behin, gogoeta orokor bat egin nahi dugu –aipatzen du oharrak, ezer baino lehenago–. Ezin dugu beste 30 urtez eztabaida antzuetan ibili. Herri bezala pentsatzeko unea da. Hezkuntza eragileok badugu honetan erantzukizuna eta ardura, urrats kualitatibo bat egiteko tenorean gaudela deritzogu. Gure iritziz, adostasun sozial berri bat eraikitzeko garaia da, denok batera hezkuntza eredu berri baterantz urratsak egiteko garaia da».

Ildo beretik, zera erantsi du: «Hitzarmena oinarri bezala ikusten dugu. Berau osatzerakoan herri bezala pentsatu behar dugu, Euskal Herri osoa aintzat hartuta. Hitzarmena eta lege berria Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistema propio baterantz urrats esanguratsua izan beharko lirateke».