INFO

Jatorri desberdinetako galdakoztarren «benetako inklusioa» lortzeko plana egingo du Udalak

Galdakaoko biztanleen %6 atzerrian jaiotakoa dela jakin ahal izan du Udalak azterketa bati esker. Pertsona horien profilak ere identifikatu dituzte, eta jakin dute zer duten gustuko herritik eta zer hobetu daiteken herritar guztiak eroso bizi daitezen.

Galdakaoko herritarren inguruko ikerketaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur. (GALDAKAOKO UDALA)

Galdakaoko udalerrian erroldatuta dauden 29.427 pertsonatik 1.764 atzerriko herrialderen batean jaioak dira. Hau da, biztanleen %6 atzerrian jaiotakoa da. Egoera ezagutzeko, azterketa sakon bat egin du Udalak. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Galdakaoko egoerari buruzko diagnosia egin du, eta ostegun honetan jakinarazi dituzte emaitzak.

2020an bildutako datuek diote atzerritar jatorriko pertsonen ia erdia Latinoamerikako herrialderen batean jaioa dela eta bigarren jatorri nagusia Europar Batasuneko herriak direla. Hirugarren jatorria Magreb da, eta laugarrena, Asia. 

«Herri berean bizi gara guztiak, auzokideak gara, baina, ezagutzen ditugu? Badakigu zer behar dituzten? Hemen, gure artean daude, gure ondoan bizi dira, baina agian ez gurekin batera», hausnartu du Nerea Orozko Immigraziorako zinegotziak.

Lia Gonzalez Estepa eta Oier Ochoa de Aspuru Ikuspegiko kideek eman dute azterketaren ondorioen berri, egoera hobetzeko gomendioak egiteko. Horien arabera, Galdakaoranzko fluxuak feminizatuak daude, Bizkaia osoan gertatzen den bezala: gehiago dira etortzen diren emakumeak gizonak baino. Jatorri feminizatuena Nikaragua da, eta ondoren, Paraguai eta Brasil. Aldiz, Afrikari dagokionez, feminizazio tasa baxuak aurkitzen dira.

Atentzioa eman du udalerrian bizi diren 15 eta 19 urte bitarteko gizonezko atzerritarren kopuruak. Iazko urtarrilean 152 gizon zeuden adin tarte horretan. Edozein kasutan, datu horiek ulertzeko kontuan izan behar da bakarrik dauden adingabe atzerritarren harrerarako Viveron dagoen eta Bizkaiko Aldundiak kudeatzen duen zentroa Galdakaoko lurretan dagoela.

Atzerritar jatorriko ikasle ia-ia guztiek ikastetxe publikoetan ikasten dute; iaz, %0,6 baino ez zeuden itunpeko eskolan matrikulatuta.

Lanari dagokionez, iazko urtarrilean atzerritar jatorriko 115 biztanle zeuden lanik gabe Galdakaon, eta 2020. urtean zehar 716 lan kontratu sinatu zituzten. Esanguratsua da lan kontratu horien nolakotasun orokortua: emakume gehienek etxeko lana eta zaintzaren esparruan lortu zuten lanpostua, eta gizonek, eraikuntzaren sektorean.

Ikerketa egiteko atzerriko jatorria duten eta Galdakaon bizi diren 19 bizilagunen iritziak jaso dira, eta udalerriko etorkin populazioaren harremanetan edota lanean diharduten erreferentziazko beste sei pertsonena. Atzerritik etorritako bizilagunen arabera, bizileku lasaia eta atsegina da Galdakao, jendetzarik gabea, arkitektonikoki zaindua eta garbia, oinarrizko azpiegiturak dituena, eta, bereziki, Bilborekin eta beste udalerriekin komunikatzeko bide egokiak dituena.

Gizarte giroari dagokionez, gatazkarik eza eta errespetuzko tratu adeitsua jartzen dute balioan. Hala ere, oso udalerri garestia dela, dinamika sozial klasista duela eta kulturalki kontserbadorea duela ere iruditzen zaie. Gizarte bizitza handirik ez duela ere adierazi dute, aisialdirako aukerak faltan botatzen dituztela, eta «lo-leku den herri» gisa funtzionatzen duela.

Erronkan bat egin dute bai atzerritik etorritakoek bai bertan jaiotakoek: bizikidetza giro inklusiboa lortzea, kulturalki eta sozialki askotarikoak diren populazio sektoreen arteko elkarrekintza bultzatzea, eta, azken finean, komunitate bizitza sustatzea, atzerriko jatorriko Galdakaoko biztanleen ekimen propioak eta inplikazioa kontutan hartuta.

Hainbat errealitate identifikatu, eta gomendioak ere eman ditu Ikuspegik. Adibidez, Galdakaok baditu zerbitzu publikoak eta baliabide komunitarioak atzerritar jatorriko pertsonei arreta eta laguntza emateko, baina ez du erakunde koordinatzailerik haien artean era eraginkorrean lan egitea ahalbidetzeko. Era berean, premiazko ikusten du kultura aniztasuna eta jatorri aniztasuna lantzea tokiko herritarren arretarako instantzia guztietan, zerbitzu publiko guztietan tratu egokia eta diskriminaziorik gabea bermatzeko beti.

Etxebizitza lortzeko zailtasuna arazo garrantzitsua da, aurreiritzi xenofoboek modu larrian eragiten baitie etorkinei. Izan ere, gutxiespen arrazistak eta xenofoboak pairatzen dituzten kolektiboen artean nabarmentzekoak dira migrazio prozesua bakarrik eta baliabide ekonomiko urriekin egiten duten emakumeak batetik, eta bestetik, komunitate musulmana, bereziki familia erreferenterik gabeko adingabe eta gazte magrebtarrak. Ikuspegiren arabera, garrantzitsua da alor guzti horietan espresuki esku hartzea.

Hori guztia kontutan izanik, Udalak esan du denontzako etorkizun bat lantzeko pausoak ematen jarraituko duela. Bere Gobernu Planeko 56. neurria beteta migrazioari buruzko diagnosia egin du Galdakaon lehen aldiz, eta, hemendik aurrera, Plan zehatz bat landuko du, Ikuspegik plazaratutako datu, azterketa, abisu eta gomendioak oinarri hartuta.